Prentsa Aretoa

Berriak

2026/10/05

Ajangizko EAJ-PNVk Katia Lavín Olozaga aukeratu du berriro 2027ko udal hauteskundeetarako hautagai

Hautagai jeltzaleak esperientzia handia du udal arloan, eta bere ibilbide profesionalean gazteen aukerak, berrikuntza eta nazioartekotzea izan ditu ardatz.

Ezagutzera eman
Ajangizko EAJ-PNVk Katia Lavín Olozaga aukeratu du berriro 2027ko udal hauteskundeetarako hautagai

ARGAZKIA JAITSI

Ajangizko EAJ-PNVk Katia Lavín Olozaga aukeratu du berriro alkategai 2027ko udal hauteskundeetarako. 2023an alderdi jeltzalearen zerrendaburua izan zenak, ilusioz eta esperientzia gehiagorekin ekingo dio etapa berri honi. Helburua argia da: gazteek zein adinekoek Ajangizen bizitzen jarraitzeko aukera izan dezaten lan egitea, gertuko zerbitzuak, etxebizitza eta mugikortasun egokia bermatuko dituen herri-proiektua bultzatuz.

“Ilusio handiz eta esperientzia gehiagorekin hartzen dut berriro erronka hau. Zinegotzi gisa emandako urte hauek Ajangizen errealitatea eta herriaren beharrak gertutik ezagutzeko aukera eman didate, eta ikasitako guztia herritarren zerbitzura jarri nahi dut”, adierazi du Lavín Olozagak.

Ajangizko EAJ-PNVren ustez, herriak iniziatiba berreskuratu behar du, baita proiektu berriak martxan jartzeko gaitasuna ere. Alderdi jeltzaleak zerbitzuak indartzearen, ingurua zaintzearen eta belaunaldi berriei Ajangizen beren bizi-proiektua garatzen jarraitzeko aukerak eskaintzearen aldeko apustua egiten du.

“Gure sustraiak eta nortasuna zaindu behar ditugu, baina etorkizunera begiratzen ere egin behar dugu. Ajangizek aukera handiak ditu, eta horiek baliatzeko lan egin behar dugu, herritarrengandik hurbil egongo den eta ideia berriei ateak zabalduko dizkien Udal batekin”, adierazi du hautagaiak.

Profila

Katia Lavín Olozaga 31 urteko euskalduna da. Nazioarteko Harremanetan graduatua da Deustuko Unibertsitatean, eta Erakundeen Nazioartekotzeko Masterra egin du Mondragon Unibertsitatean. Gaur egun, EAJ-PNVko zinegotzia da Ajangizko Udalean, eta berrikuntza-proiektuen kudeatzaile gisa lan egiten du. Eskualde, Estatu eta Europa mailako ekimenetan esperientzia du. Bere ibilbide profesionalean Euskadin, Ameriketako Estatu Batuetan eta Belgikan ere lan egin du, administrazio publikoarekin, berrikuntzarekin eta nazioartekotzearekin lotutako arloetan.

Horrez gain, urtebetez Bizkaiko Foru Aldundiko gazteria arloan lan egin zuen, Bizkaiko gazteei eskura dituzten aukera eta baliabideen berri ematen eta horiek gerturatzen. “Ajangizen alde lanean jarraitu nahi dut, ilusioz eta esperientziaz, etorkizun inklusibo eta erakargarri bat eraikitzeko gogoz; Ajangizek eta ajangiztarrek hazten eta aurrera egiten jarrai dezaten”, amaitu du Katia Lavín Olozaga hautagaiak.

 

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!