Prentsa Aretoa

Berriak

2026/10/05

Lekeitioko EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk urteak daramatzala sanantolinen inguruko diagnostiko bera errepikatzen, konponbiderik eman gabe eta dagozkion erabakiak hartu gabe

Jeltzaleek salatu dute EH Bilduk urteak daramatzala jende-pilaketei, garbitasunari eta jai-ereduari buruzko diagnostiko berdinak errepikatzen, neurri zehatzik hartu gabe, eta ez dute onartzen orain eztabaida Bizkaibusera desbideratu nahi izatea.

Ezagutzera eman
Lekeitioko EAJ-PNVk salatu du EH Bilduk urteak daramatzala sanantolinen inguruko diagnostiko bera errepikatzen, konponbiderik eman gabe eta dagozkion erabakiak hartu gabe

ARGAZKIA JAITSI

Sanantolinak amaitu zirenetik zenbait aste igaro direnean, Lekeitioko EAJ-PNVk jaien balorazioa egin du, Antzar Egunean gazte baten heriotzak ezinbestean markatutako hausnarketa-aldi baten ostean. Jeltzaleek berriro helarazi nahi izan dizkiete doluminik zintzoenak hildako gaztearen senideei, lagunei eta gertukoei.

EAJ-PNVk azaldu du jaiak amaitu eta berehala ez zuela balorazio politikorik egin nahi izan, tamaina horretako tragedia baten aurrean doluak, errespetuak eta kaltetutako pertsonen alboan egoteak izan behar zutelako lehentasun osoa. Heriotzaren ondoren, egiteko zeuden jai-ekitaldi ofizialak bertan behera geratu ziren, eta hurrengo egunean ehunka lagunek parte hartu zuten gaztearen oroimenez egindako elkarretaratzean.

Aste batzuk igarota, jeltzaleek beharrezkotzat jo dute udal gobernuak berak jaien eta sanantolinen etorkizunaren inguruan egindako balorazioei erantzutea. EAJ-PNVk gogorarazi du EH Bilduk orain berriro aipatzen dituen jende-pilaketen, garbitasunaren, bizikidetzaren eta segurtasunaren arloko arazoak ez direla berriak. Izan ere, alderdiak adierazi duenez, nahikoa da Udalak 2024an, 2025ean eta 2026an egindako balorazioak errepasatzea, ikusteko udal gobernuak urtez urte ia diagnostiko berdina eta hausnarketarako dei berdinak errepikatzen dituela.

“Galdera saihestezina da: EH Bilduk urteak badaramatza arazo berak identifikatzen, zer egin du horiek konpontzeko? Jende-pilaketez, hondakinez eta jai-ereduaz urte luzez hitz egin ondoren, arazoak lehengo berak dira, eta neurriak eta konponbideak iritsi gabe daude oraindik“.

Bizkaibus ezin da arreta desbideratzeko aitzakia bihurtu

EAJ-PNVk ez du onartzen, halaber, Antzar Eguneko Bizkaibusen errefortzu-zerbitzu bereziak murrizteko Udalak egindako proposamena.

Jeltzaleen iritziz, jende-etorri handiari aurre egiteko konponbidea garraio publikoa murriztea dela esatea arazo konplexu bat gehiegi sinplifikatzea da. Gainera, Udalari berari dagozkion erantzukizunetatik arreta desbideratzen duela uste dute.

“Jaien, segurtasunaren eta bizikidetzaren kudeaketa Udalari dagokio. Arreta Bizkaibusera desbideratzea aitzakia hutsa da benetan garrantzitsua denaz ez hitz egiteko: zer egin duen EH Bilduk urte guzti hauetan aspalditik aitortzen dituen arazoei aurre egiteko“.

Jeltzaleen ustez, garraio publikoaren maiztasuna murrizteak ez du eragotziko jendea Lekeitiora etortzea eta, aldiz, mugikortasun eta segurtasun-arazo berriak sor ditzake.

Zorroztasun handiagoa eta aitzakia gutxiago garbitasunaren arloan

EAJ-PNVk bereziki kezkagarritzat jo du herriak jaietako zenbait momentutan garbitasunaren aldetik erakutsitako irudia.

Alderdi jeltzaleak salatu du garbitasun-maila nabarmen eskasa izan dela, eta herriak ez duela eman urteko egun garrantzitsuenetan eman beharko lukeen irudia.

Jeltzaleen esanetan, bereziki larria izan zen Antzar Egunaren biharamuneko egoera. Goiz erdian, baita arratsaldean ere, kale askotan hondakinak pilatuta zeuden oraindik, eta herriko hainbat tokitan nabarmenak ziren zikinkeria, usain txarrak eta utzikeria-sentsazio kezkagarria.

“Ez gara itxura kontuez soilik ari. Osasungarritasunaz, bizi-kalitateaz eta Lekeitiok ematen duen irudiaz ari gara. Herritarrek eskubidea dute galdetzeko zergatik ez zen Udala gai izan gutxieneko garbitasun-maila bermatzeko, guztiz aurreikusgarria zen egoera batean”.

EAJ-PNV erabat bat dator alkateak txupinazoan gizalegez jokatzeko egindako deiarekin: “zakarrak zakar ontzira eta bestela etxera”.

Hala ere, jeltzaleek ez dute koherentetzat jotzen eskakizun hori bera desagertzea jai aurreko egunetan herriko fatxadak, hormak, izkinak eta espazio publikoak kartelez, pankartez eta pegatinaz erabat estalita agertzen direnean, udal gobernuak kritika edo ohartarazpen bakar bat ere egin gabe.

“Espazio publikoa zaintzeko orduan, irizpide bera erabili behar da guztiekin. Ezin da zikintzen duenaren arabera jokatu“.

Etengabeko hausnarketan baina inolako konponbiderik gabe

EAJ-PNVren iritziz, gertaeren muina argia da: EH Bilduk urteak daramatza Lekeitio gobernatzen eta jai-ereduaren inguruko hausnarketa eskatzen, baina oraindik ez du konponbide zehatzik aurkeztu, ez du alternatibarik proposatu eta ez ditu gobernu gisa dagozkion erabakiak hartu.

“Urtez urte, diagnostiko ugari, adierazpen instituzional ugari eta hausnarketarako dei ugari ikusi ditugu. Ez dugu, ordea, neurri zehatzik, alternatibarik edo lidergo politikorik ikusi“.

EAJ-PNVk salatu du, arazoak agertzen direnean, EH Bilduk berriro ere estrategia berera jotzen duela: erantzuleak Lekeitiotik kanpo bilatzea, erantzukizuna beste batzuei egoztea eta bere kudeaketaz ez hitz egiteko balio duten eztabaidak irekitzea.

“Arazoak ez dira konpontzen irailero hausnarketa berak idatzita. Arazoak ez dira konpontzen erantzukizunak beste erakunde batzuei egotzita. Arazoak ez dira konpontzen beti hurrengo urtearen zain geratuta. Arazoak gobernatuz konpontzen dira“.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!