Prentsa Aretoa

Berriak

2026/10/09

Bete gabeko konpromisoen legegintzaldia: Zallako EAJ-PNVk salatu du Zalla Baik hartutako konpromisoen % 72,5 bete gabe daudela oraindik

Legegintzaldiaren azken txanpan, jeltzaleek egindako balantzeak agerian uzten du udalerriarentzat funtsezkoak diren proiektu eta konpromiso askok aurrera egin gabe jarraitzen dutela.

Ezagutzera eman
Bete gabeko konpromisoen legegintzaldia: Zallako EAJ-PNVk salatu du Zalla Baik hartutako konpromisoen % 72,5 bete gabe daudela oraindik

ARGAZKIA JAITSI

Zallako EAJ-PNVk Zalla Baik 2023ko udal hauteskundeetara aurkeztu zuen hauteskunde-programaren betetze-maila aztertu du, eta emaitzek udal gobernuaren kudeaketan gabezia nabarmenak agerian uzten dituztela salatu du. Jeltzaleek egindako balantzearen arabera, aztertutako konpromisoen % 72,5 gauzatu gabe daude oraindik, eta % 7,2 baino ez dira osorik bete.

Zalla Bai 2023ko udal hauteskundeen ondoren iritsi zen Alkatetzara, EH Bilduren botoari esker. EH Bilduren babesak auzo-plataformari udal gobernua eskuratzea ahalbidetu zion, nahiz eta EAJ-PNV izan hauteskundeetan boto gehien jaso zituen alderdia. Ordutik, eta legegintzaldia azken txanpan dagoen honetan, EAJ-PNVk beharrezkotzat jo du hauteskunde-programa hartatik zer bete den eta zer geratu den egiteke argi uztea.

“Hauteskunde-programa bat aurkezten denean, herritarrekiko konpromisoa hartzen da. Horregatik, legealdiaren une honetan, zer bete den eta zer geratu den bete gabe aztertzeko garaia da. Eta aztertu ditugun datuak argiak dira: hartutako konpromiso gehienak gauzatu gabe daude oraindik”, adierazi dute Zallako EAJ-PNVtik.

Bete gabe dauden konpromisoen zerrenda luzea

Jeltzaleek nabarmendu dutenez, bete gabe geratu diren konpromisoen artean Zallaren etorkizunerako estrategikoak diren hainbat proiektu daude. Kiroldegian aurreikusitako obrak gauzatu gabe daude oraindik, eta institutu berriaren proiektuak ere ez du aurrera egin. Bi proiektu horiek lotura zuzena dute zerbitzu publikoen kalitatearekin eta Zallaren etorkizuneko aukerekin.

Bete gabe dauden konpromisoen artean, familien egunerokoan eragina duten hainbat neurri ere badaude. Zalla Baik iragarritako doako edo prezio baxuko garraioa ez da martxan jarri; alokairu sozialeko programa ere ez da garatu, eta babes publikoko etxebizitzarik ere ez da eraiki. Era berean, egiteko daude oraindik agindutako kanpoko gune estaliak, baita elkarteentzako eta adinekoentzako lokal berriak ere.

“Konpromiso zehatzez ari gara, ez asmo hutsez. Arazoa da urteak igarotzen ari direla eta horietako askok aurrera egin gabe jarraitzen dutela. Zallak proiektuak, inbertsioak eta horiek gauzatzeko gaitasuna behar ditu, ez paperean geratzen diren programak”, adierazi du talde jeltzaleak.

EAJ-PNVk Zalla Bairen programan jasotako eta, egindako azterketaren arabera, aurrera egin ez duten beste hainbat proposamen ere aipatu ditu: aparkaleku berriak sortzea, tokiko merkataritzari babes handiagoa ematea, energia-eraginkortasuna hobetzeko jardueretarako aurreikusitako dirulaguntzak, gardentasun eta gobernu irekiaren plana edota eskualdeko udalerrien arteko lankidetza indartzea.

Horri guztiari La Mella eta Bolunburu bezalako guneak berreskuratu eta sustatzeko konpromisoetan izandako aurrerapen falta gehitu behar zaio, baita Glefaranen eraginarekin lotuta iragarritako azterketa epidemiologikoan ere.

“Zallak ezin ditu beste lau urte geldirik eman”

EAJ-PNVren ustez, balantze honen helburua ez da bete gabeko konpromisoak zerrendatzea soilik; Zallak zer-nolako udal-kudeaketa behar duen eztabaidatzeko ere balio behar du. Jeltzaleek ohartarazi dute udalerriak erronka garrantzitsuak dituela etxebizitzan, hezkuntzan, mugikortasunean, ekipamenduetan, jarduera ekonomikoan eta zerbitzu publikoetan, eta horiei erantzuteko plangintza eta gauzatzeko gaitasuna behar direla.

“Zallak denbora galdu du legegintzaldi honetan. Badira dagoeneko aurreratuta egon beharko luketen proiektuak, eta oraindik bete gabe dauden konpromisoak. Kontua ez da aitzakiak bilatzea edo beste alde batera begiratzea; ardurak hartzea eta zallatarrei azaltzea baizik zergatik jarraitzen duten hainbeste konpromisok bete gabe”, azpimarratu dute.

Talde jeltzaleak gogorarazi du legegintzaldi honetan oposiziotik alternatibak proposatu eta Udal Gobernuaren kudeaketaren jarraipena egin dutela. Agintaldiko lehen aurrekontuan bertan, EAJ-PNVk zalantzan jarri zituen jarraipenezkoak zirela iritzitako udal-kontuak, eta herritarren ongizatearekin lotutako hainbat jarduera murriztu edo kendu izana kritikatu zuen.

“Oraindik legegintzaldia amaitzeko denbora geratzen da, baina orain arteko balantzeak egoeraren berri ematen digu. Zallak bultzada berria behar du, eta herritarren benetako beharrei erantzungo dieten proiektuak berriro jarri behar ditu mahai gainean. EAJ-PNVk lanean jarraituko du gure herriak aurrera egin dezan eta zallatarrekin hartutako konpromisoak ekintza zehatz bihur daitezen”, ondorioztatu dute jeltzaleek.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!