Prentsa Aretoa
Berriak
2026/10/13
Eako EAJ-PNVk hondakinen eta turismoaren tasetan aldaketak egitea lortu du, modu orekatuagoan eta herritarren errealitatera hobeto egokituta aplikatuko direla bermatzeko
EAJ-PNVren proposamenei esker, EH Bilduren Udal Gobernuak hondakinen ordenantza erretiratu du, eta landa-etxeentzat eta nekazaritza-turismoko establezimenduentzat hasieran aurreikusitako turismo-tasa jaistea onartu du.
Eako EAJ-PNVk EH Bilduren Udal Gobernuak aurkeztutako bi zerga-proposamenetan aldaketak egitea lortu du, tasa berriak herriaren egoera sozial eta ekonomikora hobeto egokitzeko. Jeltzaleek egindako lanari esker, batetik, Udal Gobernuak hondakinen tasei buruzko proposamena erretiratu du, proposamen berri bat aurkezteko; eta, bestetik, landa-etxeei eta nekazaritza-turismoko establezimenduei turismo-tasaren tarteko tarifa aplikatzea onartu du, hasieran aurreikusitako gehieneko tarifaren ordez.
EAJ-PNVren ustez, araudi berriak ezarritako betebeharrak bete behar dira, baina horrek ez du esan nahi Earen ezaugarrietara egokitutako eta neurrizko irtenbideak bilatzeari uko egin behar zaionik. “Bi kasuetan irizpide berarekin jokatu dugu: proposamen bakoitza aztertu, herritarrengan eta herriko jardueran benetan zer eragin duen ikusi eta, irtenbide hobea dagoela uste dugunean, alternatibak proposatu. Lan horri esker, bi proposamenetan aldaketa zehatzak egitea lortu dugu”, adierazi dute.
Hondakinen tasetarako proposamen berria
Hondakinei dagokienez, indarrean dagoen legediak toki-erakundeak behartzen ditu hondakinen bilketa, garraioa eta tratamendua finantzatzeko tasa edo prestazio espezifiko bat ezartzera. Ean, gaur egun, udal-sarrerek ez dute zerbitzuaren kostu osoa estaltzen eta, beraz, Udalak sistema egokitu behar du.
EAJ-PNVk argi du araudia bete behar dela, baina azken osoko bilkuran zalantzan jarri zuen EH Bilduk aurkeztutako proposamena. Jeltzaleen ustez, proposamenak tasak igotzea zuen ardatz, zerbitzuaren beraren kostua murrizteko neurririk planteatu gabe.
Talde jeltzaleak, gainera, proposamenak kasu jakin batzuetan izango lituzkeen ondorioak ere zalantzan jarri zituen. Horien artean daude familia ugarientzat aurreikusitako igoerak eta, bereziki, Lagun Etxeari eman nahi zitzaion tratamendua, herrian adinekoentzako dagoen egoitza bakarra baita. Proposamenak sukalde propioa duten egoitzak hotel-establezimenduen pare jartzen zituen eta, EAJ-PNVk egindako kalkuluen arabera, Lagun Etxeak urtean 972 euro ordaindu beharko lituzke hondakinen tasagatik
“Lagun Etxea irabazi-asmorik gabeko fundazioa da, gizarte-zerbitzu bat eskaintzen duena gure herrian. Gure ustez, ordenantzak egoera desberdinak bereizteko gai izan behar du, eta ez da bidezkoa ezaugarri horiek dituen erakunde bati hotel-establezimendu bati ematen zaion tratamendu bera ematea”, defendatu dute Eako EAJ-PNVtik.
Alderdi jeltzalearen ekarpenen ondoren, EH Bilduk ordenantza erretiratu du eta proposamen berri bat aurkeztu beharko du hurrengo osoko bilkuran. EAJ-PNVk eskatu du proposamen berriak aipatutako neurriak zuzentzeko eta Udalak zerbitzuaren eraginkortasuna eta kostua ere aztertzeko, konponbidea tasak igotzera mugatu beharrean.
Turismo-tasa orekatuagoa
EAJ-PNVk turismo-tasa berrian ere aldaketak egitea lortu du, Eako herritarren egoera kontuan hartuta. Jeltzaleek hasieratik defendatu dute Ea bisitatzen dutenek erabiltzen dituzten zerbitzu eta azpiegiturak mantentzen lagundu behar dutela, turismoak eragindako kostuak herritarrek bakarrik bere gain hartu behar ez izateko.
EH Bilduren Gobernuak hasieran gehieneko tasa aplikatzea proposatu zuen. Horren aurrean, EAJ-PNVk gutxienez landa-etxeei eta nekazaritza-turismoko establezimenduei tarteko maila aplikatzea proposatu zuen. Talde jeltzaleak bereziki hartu du kontuan Eako turismo-establezimenduetako asko herrian bertan bizi eta lan egiten duten pertsonek kudeatzen dituztela.
Azkenean, EH Bilduk EAJ-PNVren proposamena onartu du. Horrenbestez, landa-etxeei eta nekazaritza-turismoko establezimenduei tarteko tasa aplikatuko zaie, eta gainerako hotel-establezimenduek aurreikusitako gehieneko tasa izango dute. “Turismoak Eako zerbitzuak mantentzen laguntzea defendatzen dugu, baina tasa neurriz eta egoera bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta aplikatu behar dela ere uste dugu. Jarduera guztiak ez dira berdinak, eta Udalak hori kontuan hartu behar du erabakiak hartzean. Herritarren beharretara hobeto egokitzen den alternatiba bat proposatu dugu”, nabarmendu dute.
Eako EAJ-PNVren ustez, bi kasuek udal-erantzukizuna ulertzeko modu bera islatzen dute: Udal Gobernuaren erabakiak aztertu eta kontrolatzea, alternatibak proposatzea eta Udalean mahai gainean jartzen diren proposamenak herriaren ezaugarrietara ahalik eta ondoen egokitzeko lan egitea.
“Gure lana ez da proposamen bati ezezkoa ematera mugatzen. Zerbait hobetu daitekeela uste dugunean, alternatibak proposatzen ditugu eta aldaketak lortzeko lan egiten dugu. Hala egin dugu hondakinen tasekin eta turismo-tasarekin, Eak erabaki orekatuak behar dituelako, herriaren eta bertan bizi eta lan egiten dutenen egoera kontuan hartuko duten erabakiak”, ondorioztatu du Eako EAJ-PNVk.
Nabarmenak...
BERRIA
2026/10/13
MEÑAKA
2026/10/13
BERRIA
2026/10/12
IURRETA
2026/10/11
ETXEBARRI
2026/10/10
Berri ikusiagoak...
EBB
2025/03/30
Kongresua
2025/03/26
BILBO
2026/06/08
EBB
2025/03/29


HARREMANETARAKO
WWW.EAJ-PNV.EUS












