Prentsa Aretoa

Berriak

2007/08/28

Urkullu: “Ildo ideologiko nagusia eta printzipioak komunean ditugu”

Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarraren bozeramaileak elkarrizketa eskaini dio Euskadi Irratiari eta egun EAJren barruan eta Eusko Jaurlaritzan dituzten gai nagusiei buruz azalpenak eman ditu. Urkulluk azpimarratu duenez, EAJren buruzagitzak bilera egin zuen atzo Donostian eta bertan, alderdiaren ponentzia lantzen hasi ziren, baina "10 bat egun barrura arte ez da prest egongo".

Ezagutzera eman
Ponentzia horrek EAJren barne hauteskundeetako hautagaiak zeintzuk izango diren ez duela mugatuko uste du EBBren bozeramaileak. Izan ere, Urkulluren iritziz, "ildo ideologiko nagusia eta printzipioak komunean ditugu, ekinbideak jartzerakoan eztabaidak sor daitezke, baina konpontzeko moduan izango gara". Gainera, buruzagi jeltzaleak ez du uste Josu Jon Imaz EBBren presidenteak eta Joseba Egibar jelkideak iritzi ezberdinak dituztenik, "EAJkoak gara denok".

Atzoko bileraren eta EAJren barne hauteskundeen garrantzia azpimarratu du Urkulluk. Berak esandakoaren arabera, "epe laburrera dauzkagun erronkak begiratuz: datorren urteko hauteskunde orokorrak, oso garrantzitsuak. Hauteskunde horiek igarota autonomikoak begi-bistan izango ditugu. Horregatik, beharrezkoa da EAJ sendo izatea".

EBren eta EAren atxikimendua beharrezkoa da

Juan Jose Ibarretxek Legebiltzarreko politika orokorreko eztabaidan aurkeztuko duen errepide mapan "EBren eta EAren atxikimendua beharrezkoa" dela iritzi dio Urkulluk, "Lehendakariak aurkeztuko du eta".

Bestalde, EAk eta EBk azkenaldian izan duten jarrera salatu du EBBren bozemaileak. Haren ustez, bi alderdi horiek "Lehendakariari bidea markatu nahi izan diote, ahaztuz berak zuzentzen duela Kontseilu Politikoa eta EAJren kidea ere badela". "Ulergaitza egiten da Jaurlaritzaren kideak izatea bidea markatu nahi dutenak eta EAJ irainduz, gainera".

Hala ere, hirukoa "inondik inora ere" ez dagoela arriskuan argitu nahi izan du Urkulluk. "Nahiz eta jokabide batzuk salatu, hirukoak bere egitasmoa baduela esan dugu".

EAE-ANV legez kanporatzearen kontra

Iñigo Urkullu jeltzaleak argi adierazi du bere alderdiak ez duela "ilegalizazioarekin bat egiten". Gainera, "hauteskundeetan egoteko legezkoa izan bada, indarkeria gaitzestea ala ez, ez da nahikoa arrazoi ilegalizatzeko".

Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak eginiko adierazpenei egin die erreferentzia Urkulluk: "Barne ministerioak esan dio PP-ri ez dela posible legez kanpo uztea berma juridikorik gabe, baina hori esateak ez du ukatzen berma juridikoaren bila daudenik; hauteskundeak helburu dituztelako eta PP-ri so daudelako".
Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!