Prentsa Aretoa

Berriak

2008/02/28

Urkullu: "Gure indarrak bakarrik lortuko du Zapatero ausarta izatea eta bera den moduan agertzea"

Kanpainaren ekuadorrean, EAJ-PNVk ekitaldia egin du Basaurin. Bertan, Iñigo Urkullu alderdi jeltzaleko EBBko lehendakariak esan duenez, “lortu behar dugu Euskadin planteatzen den guztiari Madriletik uko egitea bukatzea. Beste Estatu bat posiblea da eta posible egin behar dugu. Hartara, ezinbestekoa da Madrilen euskal talde indartsua izatea. Madrilen indarra duen euskal talde baten bidez bakarrik lortuko dugu benetako Zapatero agertzea, bere benetako aurpegia erakustea”.

Ezagutzera eman
“Orain arte mila aurpegitako Zapatero izan da. Mila aldiz kontraesanetan erori da, baina beti guztiekin ondo gelditu nahi izaten du. Euskadira datorrenean erabakitzeko eskubideaz aritzen da, ia-ia abertzalea ematen du. Raxoirekin eztabaidatzen duenean espainartasunaren Cid-a ematen du. Kataluniara doanean dio handik ateratzen dena errespetatuko duela, baina Madrilera doanean dio Tinelgo Ituna zer den ez dakiela. Bi aurpegitako Zapatero hori, Zapatero amnesiko hori, martxoaren 9an bukatu behar da”, esan du.

“Eta horretarako, Madrilen indartsuak izan behar dugu. Gure indarraz bakarrik lortuko dugu Zapatero ausarta izatea eta bere benetako izaera agertzea. Talanteduna eta elkarrizketatzailea bada, akordioa lortzeko prest egongo gara. Cid Campeador izan nahi badu, aurrean izango gaitu, demokratikoki aurrean, bai gu eta bai herri honen gehiengoa, bakea eta askatasuna nahi dituena, bere etorkizuna erabaki nahi duena", esan du.

Eta abstentzioa bultzatzen dutenei mezu bakarra eman die: “Herri honek badaki azken 30 urte hauetan lortu duguna botoen indarrez izan dela. Armek agindutako abstentzioaren indarrez Euskadik ez du ezertxo ere lortu. Eta ez du inoiz ezer lortuko, salbu eta zatiketa eta sufrimendua luzatzea”.


Bestalde, Juan Jose Ibarretxe Eusko Jaurlaritzako lehendakariak adierazi duenez, “onartezina da PPk eta PSOEk Euskadin Kontzertu Ekonomikoaren alde egiten dutela aldarrikatzea”.

“Behin eta berriz, Errioxako gobernua, Castilla-Leon-go gobernua, sindikatuak... erabiltzen dituzte kontzentruaren kontra lan egiteko” azpimarratu du.

“Orain, Luxemburgon daude. Nik han geratzeko eskatuko diet. Berriz etxera itzul ez daitezen, ez behintzat beraien alderdikideei, Europan, kontzertuaren kontra jarri dituzten errekurtso guztiak kentzera behartu arte”.


Ekitaldian Margarita Uria Senaturako Bizkaiko EAJ-PNVren hautagaiak ere parte hartu du. Argitu nahi izan du martxoaren 9ko hauteskundeak Kongresurako eta Senaturako direla eta “Rodriguez Zapatero eta Mariano Raxoi EZ direla Bizkaitik aurkeztu”. Zentzu horretan, esan du orain PSOE eta PP-ren izenean egiten dutenak “edo ezin daitezke orain ondo identifikatu” edo euren taldeen barruan desagertuko direla, eta “legegintzaldi osoan ez dutela egingo Bizkaiarekin edo Euskadirekin identifikatzen dituen inolako jarduketarik”.

Estatuko bi alderdi nagusiei buruz hautagai jeltzaleak esan duenez, “Madrilen ez dituzte defendatzen gobernatu gura dituzten herrietako herritarren interesak ere”. Adibide gisa Basauriko herriko eta Loli de Juan alkatearen kasua azaldu du, PSOEren hautagaia baita. Loli de Juanek “bere udalerriko sektore handi bati ukatu egin dio Hiri Planeamenduko Aholku Batzordeko” kide izateko aukera, “adineko pertsonak iragana direlako aitzakiarekin, herritar askoren esperientzia eta jakintza mespretxatuz”.
Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!