Prentsa Aretoa

Berriak

2010/04/01

Ortuzar: ´Euskal Aberria askeagoa, bidezkoagoa eta aberatsagoa izan dadin´

“Euskadi eraikitzen” hauxe da Euzko Alderdi Jeltzaleak alderdikide, lagun eta abertzale guztiei aurtengo Aberri Eguna ospatzeko luzatu dien goiburua.

Aberri Eguna hiru baldintzapean ospatuko da:

Krisialdi ekonomikoa, gure keska haundiena eta gure lehentasun nagusiena.

Bigarren, ETA. Gaur egunean ere, euskal gizartearen gehiengoak terrorismoa behin betiko baztertzea eskatzeko egiten dion deiari erantzuten ez dion ETA erakundea.

Eta hirugarren, PP-PSOE arteko hitzarmena. Euskadin Alderdi Sozialista eta Alderdi Popularraren artean gauzatu izan den burdinazko akordioa. Eta ez da euskal hiritarren beharrizanak eta ongizateak lehenesteko egin. Estatu estrategia partekatzen eta eusten duen hitzarmena da.

Ezagutzera eman
Eta, zerbait gehiago esan nahiko genuke. 1937 urtetik hona, hauxe da Lehendakariak eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkariek parte hartuko ez duten lehen Aberri Eguna.

Lopez Lehendakaria euskal hiritar guztien Lehendakaria dela ikusi nahi genuke

Eta egun hau -berak aukeratutako tokian eta moduan- Euskadiko gehiengo sozial eta politikoarekin batera ospatzen ikusi nahiko genuke. Bere alderdiak – Euskadiko Alderdi Sozialistak- Eusko Jaurlaritzarekin batera eta EAJ barne , gainerako indar politiko batzuekin batera Aberri Egun batuetan ospatu zuen moduan. Geroan ere egin zuen, PSEren “ euskaltasunerako bira” itxuratu nahi zutenean. Gaurko honetan , itxurakerietan ere ez dira saiatzen, bestelakoa da beren aberria, bestelakoa da beren eguna. Eta hori, Madrilen ospatzen da.

Geuretzat, ordea, Aberri Eguna, gauza guztien gainetik, euskal emakume eta gizonen interesen alde egitea da.

Lopez Lehendakaria eta beren Gobernua , gizarte honen interesak defendatzen ikusi nahiko genuke, denon artean herri gisa haz gaitezen.

Eta ez dugu indarrik gabeko Lehendakaria ikusi nahi, ez dugu Madrilen zerbitzura eta esanetara dagoen, baina Moncloan arretarik jasotzen ez duen Lehendakaria ikusi nahi. Sozietateen gaineko Legearen kasuan, agerian geratu da ez diotela kasurik egiten.


Aberri Eguna Euzko Alderdi Jeltzalearentzat , betidanik izan da aldarrikapenak egiteko eguna, eta Euskadirekiko dugun konpromisoa adieraztekoa. Euskal hiritar guztiengan gauzatzen den Euskadirekin, abertzaleak izan ala ez. Eta horien guztien aurrean , gure konpromisoa lan zintzoa egitea da , denontzako etorkizun hobea lor dezagun.

Hala adierazi dugu, larunbatean bertan EUSKADIRENTZAKO ETORKIZUN BERRIA izenburupean zabalduko dugun adierazpenean.

Oraindik urratsak eman behar direlako Euskal Aberria askeagoa, bidezkoagoa eta aberatsagoa izan dadin.

Erronka politikoa dugu eta hori da Herri honen asmo demokratikoei bidea emateko. Gure erronka da herriak bere etorkizuna askatasunez erabakitzeko eskubidea eta gaitasuna. Euskadik erakunde sistema indartu behar du eta behar diren ekimen sozial eta politiko guztiak egituratu behar ditu Estatuak Euskal Herriaren borondatetik darion erakunde sistema adostu eta errespeta dezan.

Euskadi Nazio bat da eta bere lekua merezi du nazioarteko mailan eta euskal gizarteak ez du inolako atzera pausurik onartuko aurrerako bidean egiteko dugun ibilbide honetan. Horregatik, Euskadi Euskotarren aberria dela sinesten dugunok, arrazoiak soberan ditugu datorren igandekoa ospatzeko.

Gu, EAJ-PNVren abertzaleok Bilboko Plaza Berrian bilduko gara. Eguerdiko hamaika terdietan izango da ekitaldi politikoa eta bertan hitz egingo du Iñigo Urkullu Euzkadi Buru Batzarraren Lehendakariak. Gero, anaitasun bazkaria izango dugu. 1500 pertsona izango gara bazkari horretan. Eta amaitzeko, gure betiko erromeria, Arenal Emparantzan.

Aberri Egunaren bezperan, larunbatean ohikoa denez, Euskadiko deiadar mendietan izango dira kontzentrazioak eta mendi martxak, ikurrina jar dezagun gure Aberri honetako tokirik garaienetan.

Denon artean osatzen dugu Aberria, eta gure muga bakarra da euskal hiritarren borondatea ezartzen duena; beren erabaki askea, denon artean etorkizuna erabakitzeko duten gaitasuna eta ahalmena. EAJk Euskal Aberria askatasunarekin lotu izan du beti, askatasun kontzeptuarekin. Aberri askea, kanpoko loturarik gabea, bortxakeria terroristarik gabea, erabat askea bere etorkizuna gauzatzeko.
Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!