Prentsa Aretoa

Berriak

2014/12/14

Ortuzarrek Bilduren faltsukeria eta bakardadea salatu du Galdakaon: “Ez da erakunde bakar batean aurrekontu akordioak lortzeko gai izan”, esan du

Larunbatean erasoa izan zen batzokia inauguratzeko ekitaldian, EBBren presidenteak baieztatu du ezker abertzalea dela “joko demokratikoa onartzea ala euskal fatxa izaten jarraitzea” aukeratu behar duena.

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

 

EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarraren presidente Andoni Ortuzar izan da gaur goizean Galdakaon, duela aste bete erasoa jasan zuen Batzoki berria inauguratzeko ekitaldiko burua. Abenduaren 6ko goizaldean, Ortuzarrek berak esan bezala “txorimaloz mozorrotutako heroi batzuk, goitik behera estalita” margo gorri eta hori poteak bota zituzten batzokiko hormaren kontra, atean espainiar bandera jarri zuten eta pintada bat egin zuten: ‘PNV erabaki: autonomia edo independentzia’. Jeltzaleen buruak ez du horren gertakari larriaren aurrean ezer esan gabe geratu nahi izan. “Lotsagabe eta ezjakina izan behar da EAJri independentzia eta autonomiaren artean aukeratzea exijitzeko. EAJk duela ehun eta hogei urte aukeratu zuen. Eta Euskal Aberria eta askatasuna aukeratu zituen. Aberri askea, emakume eta gizon askeek osatua. Geroago,60. eta 70. hamarkadetan, berriz aukeratu zuen. Orduan aukeratu zituen Euskadiren askatasuna, oparotasuna eta ongizatea. Eta ,horiek guztiak, bide politiko,baketsu eta demokratikoen bidez lortu behar zirela ikusi zuen. Batzuek Euskadin mina ereitea aukeratu zuten bitartean, EAJk itxaropena eta oparotasuna erein zituen. EAJk aukeratu zuen. Eta, ondo aukeratu gainera. Baina, Ezker Abertzaleak ez du ematen oso argi duenik. Oraindik ez dituzte askatasun, demokrazia eta errespetuaren kontzeptuak ondo ulertu. Beraiek bai aukeratu behar dutela. Erabaki behar dute demokrata izan nahi duten ala ez. Joko demokratikoaren arauak onartzea ala fatxak izaten jarraitzea; euskaldunak, bai, baina fatxak”, salatu du Ortuzarrek bere hitzaldian, inaugurazio ekitaldian elkarretaratu diren 300 bat pertsonen aurrean.

Ortuzarrek ez du kasualitatea ikusten eraso hori gertatu eta ordu batzuk geroago Unai Urruzunok, Eusko Legebiltzarrean EH Bilduren bozeramaileak, Noticias Taldeari eskainitako elkarrizketan EAJ-PNVri “euskal subiranotasunaren alde edo estatutuaren aldeko jarreretan tematzearen arteko hautua” egin behar duela aurpegiratu dionean. “Aspaldi da kasualitateetan sinesten ez dudala”, esan du Ortuzarrek. Zalantzak ditut, zalantzan jartzen dut Urruzunok eta besteren batek aukeraketa eginda izatea. Beraiek jakingo dute. Beren arazoa da. Gauza horiek argi eta garbi erakusten dute gu ezberdinak garela, eta gizarte honentzat bestelako proposamenak ditugula. Beraiek zoroarena egiten jarrai dezatela, Euzko Alderdi Jeltzalea arduratuko da Euskadiz eta bere arazoez”.

Eredu bien artean dagoen amildegia agerian geratu da, Ortuzarren ustetan, euskal erakunde nagusietan azken asteotan aurrekontuen inguruan egin dituzten negoziaketetan: EAJ-PNVren ardura eta herri ikuskeraren aurrean, argi geratu baitira EH Bilduren “ denari ezetza” eta demagogia. “Esan egin dute interes partidistak herri interesen gainetik jarri ditugula. Zinikokeria handiagorik al dago? Zein alderdik ez du parte hartu euskal erakunde nagusietan itxi diren aurrekontu akordioetan? Alderdi bakarra dago inorekin akordiorik lortu ezin duena, inorekin, ezertan, inon. Zein den? Bildu da, jakina!”,  esan du Ortuzarrek. “EAJk gobernatzen duen tokian, akordioak lortzen dira. Horra hor aurrekontuei buruzko akordioak Eusko Jaurlaritzan eta Bizkaiko Foru Aldundian. Batzuek azaldu beharko dute Bizkaian posible dena, zergatik ez den posible Araban edo Gipuzkoan.Eta ez du balio PPk eta Bilduk esatea EAJ dela hitzartu nahi ez duena. Beste aukera batzuk zituzten biek. PSE alderdia zuten biek, esaterako. Edo elkar aukeratzea zuten, bata bestearekin.EAJren kontra egiteko bai elkartzen dira. Baina, ez. Ez dira adosteko gai, amore emateko edo negoziatzeko gai. Haiek esaten dutena ala ezer ere ez! EAJ akordio eta oparotasun bermea da. PPk eta EH Bilduk gatazka eta zalaparta baino ez dute bermatzen. Eta euskal gizarteak ez du gatazkarik nahi; akordioak nahi eta behar ditu. Hiru erronka handi ditugu alderdi eta herri gisa: krisi ekonomikoa eta enplegua; bakea eta bizikidetza; eta autogobernua. Denon lana behar duten erronkak dira”.

Amaitzeko, Ortuzarrek mezu baikorra eta ekintzailea adierazi nahi izan die gaur Galdakaon batu diren EAJ-PNVren alderdikide, alderdizale eta herri eta barru kargudunei. “Maiatzean udal eta foru hauteskundeak izango ditugu. Eta ez da gauza bera batzuk egotea ala besteak egotea. Ez da gauza bera eraikitzen dutenak ala suntsitzen dutenak egotea. Ez da gauza bera Galdakaoko Udalean Ibon Uribe ala mozorrotutako txorimalo horietako bat egotea. EAJ abalatzen dute bere historiak eta herri honen alde egindako lanak. Baina horrekin ere ez da nahikoa. Herri honekin dugun konpromisoa berriztatu behar dugu. Asko egin dugu, baina askoz gehiago egingo dugu. Euskadi hobea egingo dugu, Galdakao hobea. Eta etorkizun hobearen berme bakarra da EAJ. Indarra, eraginkortasuna eta zintzotasuna, Ajuriagerrak esaten zuen bezala. Lan handia dugu aurrean, paregabea! Gure herria eta gure gizartea hobetzea. Erronka benetan ederra. Ekin diezaiogun gogor!. Ilusioarekin, indarrarekin eta batasunarekin”.

Ekitaldi politikoa hasi du Pedro María Aizarnak, Galdakaoko EAJ-PNVren Uri Buru Batzarreko presidenteak. Aizarnak gogoratu du gaur inauguratu dena Galdakaoko laugarren batzokia dela. Lehena 1904 urtean inauguratu zen, hau da, orain dela 110 urte. “Gu oso pozik gaude batzoki berri honekin. Herri erdian gaude, herriko jendearengandik hurbil. Orain denok ikusteko moduan gaude eta horrek min handia eman die zuek dakizuen horiei, ‘aberriaren salbatzaile’ direla uste duten horiei. Jaietan nirekin sartu ziren, batzuk nire kontra etorri ziren kuartela egiten ari naizela esanez. Baietz erantzun nien, baina besteenganako errespetua irakasten eta erakusten den kuartela, eta, horrez gain, Euskadi maitatzen eta Euskadiren alde lan egiten irakasten den tokia”.

Ekitaldi berean hitz egin du Galdakaoko alkateak, Ibon Uribe jeltzaleak. “Banderak ez dira bakarrik ohial zatiak, beraien atzean esanahiak daude. Guretzat berdea, gorria eta zuriaren atzean askatasunaren isla dago". Gaineratu duenez, "gizartea eraldatzeko gure gizartea ulertu behar dugu eta 120 urteko alderdiak inork baino hobeto ulertzen du gizartea. 120 urte hauetan jakintza asko berenganatu dugu. Gizarteak ezagutu egiten gaitu, badaki nola egiten dugu lan; absolutismo eta populismotik alde eginez. Pertsonak lehenengo eta gero, politika".

Andoni Ortuzarren hitzaldi osoa