Prentsa Aretoa
Berriak
2015/09/16
Imanol Landa, Getxoko alkatea, Euskadiko udalen elkarteburu izendatu dute
EUDELen Batzar Orokorrak Euskadiko udaletako alkateak bildu ditu gaur Durangoko Landako gunean, lau urterik behin egiten den bezala eta maiatzeko hauteskundeen ostean udal gobernuak eratu ondoren, estatutu-organoak berritzeko asmoz.
-
Eudel 2015 2015/09/16
Getxoko alkate Imanol Landa aukeratu dute EUDELen elkarteburu, osotara emandako 660 botoetatik 657 lortuta. Landak Euskadiko Udalen Elkartearen kargurik gorena hartuko du 2015-2019 agintaldian. Irungo alkateak, Jose Antonio Santanok, 1. elkarteburuorde kargua hartuko du beste behin ere, eta Amurrioko alkatea, Josune Irabien, 2. elkarteburuordea izango da; aurreko agintaldian, Batzorde Eragileko mahaikide izan zen Irabien.
Elkarteburua eta bi elkarteburuordeak aukeratzeaz gain, EUDELen Batzarrak Batzorde Eragileko 12 mahaikideak hautatu ditu; Euskadiko udaletako alkateak dira guztiak.
1982. urtean sortu zenetik, Euskadiko Udalen Elkartea zuzenduko duen zazpigarren elkarteburua da Imanol Landa. “Makila” jaso ondoren, “kideei” eskaini nahi izan dizkie lehen hitzak, hurrengo lau urteotan EUDEL zuzentzeko arduradun izateko eskaini dioten babes eta konfiantzagatik eskerrak emateko.
Errefuxiatuak hartzea
Kargua jaso ostean emandako hitzaldian, Imanol Landak Europa osoko udalerrietan gaurkotasun handia duen gaia izan du hizpide hasieran, hau da, milaka errefuxiaturen harrera: “Elkarteburu gisa igortzen dudan lehenengo mezua EUDELek Euskadiko gainerako instituzioen eta erakunde sozialen eskutik krisi honen plangintzan eta koordinazioan zuoi laguntzeko daukan konpromisoa berrestea izan behar da ezinbestean”.
Elkarteburu berriak bereziki nabarmendu du ekimenak eta baliabideak modu antolatuan kudeatzeko beharra: “instituzioetatik, gure betebeharra da gizartearen sentimendu solidario hori jasotzea, eta sentimendu hori konpromiso bihurtzea, harrera integratzaile, eraginkor eta jasangarria bermatzeko”.
Hiru lehentasun: Udalei buruzko Legea, “ateak zabalik”, Gobernantza Ona
Agintaldi berriaren hasierako lehentasun gisa, Imanol Landak EUDELen aldarrikapen historikoa berreskuratu du, eta talde parlamentarioen erantzukizunari dei egin dio, Udalei buruzko Legea behin betiko onar dadin, tokiko berezko gobernu-sistema bat osatzeko “aukera historikoa” baita, herritarren beharrizanei modu egokiagoan erantzun ahal izateko. “Orain, beraz, benetako tokiko gobernuak ‘izatea’ dago jokoan. Ez da nahikoa izango ‘egotea’, ‘betearazi’ egin beharko dugulako, eta hori aldarrikatuko dugu behin eta berriro”.
Era berean, elkarteburu berriarentzat lehentasunezkoa da Elkartearen barruan elkarrizketa zaintzea eta adostasuna lortzeko lan egitea. Horri buruz ere mintzatu da udal ordezkarien aurrean: “EUDELen batzar honetan parte hartuta, bereziki herritarren eskariei erantzutean oinarritutako proiektu baten inguruan indarrak batzeko borondate zintzoa eta sentsibilitate guztiek hartutako erabaki politikoa erakutsi dugu, betiere, ikuspuntu desberdinen arteko norgehiagoka politiko zilegia errespetatuz”.
EUDELen jarduna “proiektu partekatua” dela esan du Imanol Landak, eta jarrera irekia dagoela nabarmendu du, hobetzeko balizko esparruak zehazteko eta horiei buruzko gogoeta egiteko, eta, horrela, “hobetu daitekeena hobetzeko”.
“EUDELeko ateak zabalik egongo dira udalen eta herritarren zerbitzura dagoen proiektu kolektibo honekin, hau da, EUDELekin bat egin nahi dutenentzat” esan du elkarteburuak.
Hirugarren lehentasun gisa, Euskadiko udalek Gobernantza Onarekin konpromisoa mantentzearen aldeko apustua egin du Imanol Landak. Tokiko gobernuak lanean jarraitzera animatu ditu, gardentasuna, herritarren partaidetza, etika, osotasun instituzionala, elkarbizitza eta gizarte-kohesioa oinarrizko zutabe hartuta.
Iturria: Eudel
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25