Prentsa Aretoa

Berriak

2015/12/18

Azpiazuk ohartarazi duenez Ekonomia Itunik gabe, Euskadik “autogobernua galduko luke”

Kongresurako Bizkaiko hautagaiak baieztatu duenez, Ekonomia Ituna apurtuko balitz “ezingo genituzke gure zergak batu, eta Montororengana joan beharko genuke gure ongizate politikak aurrera ateratzeko diru eske”

rss Ezagutzera eman
Azpiazuk ohartarazi duenez Ekonomia Itunik gabe, Euskadik “autogobernua galduko luke”

ARGAZKIA JAITSI

Pedro Azpiazu, Kongresurako Bizkaiko hautagaia, oso kritiko agertu da beste talde politikoek Ekonomia Itunarekiko erakutsi duten jarrerarekin “ikusi dugu,batzuek eta besteek, Pedro Sánchez eta Albert Riverarengandik hasita, Ekonomia Ituna eta Kupoa auzitan jarri nahi izan dituztela”. Azaldu duenez “batzuek pentsatzen dute euskaldunoi Ekonomia Ituna kentzerik ez badago,ba kupoa igotzearekin konpontzen dela; horrela finantzarioki ito egingo gaituzte eta denok konforme. Ba, begira, puntu horretan, planto egingo diegu eta argi bezain ozen esango diegu ezetz” baieztatu du. “Ekonomia Ituna gurea da,akordio bat da eta ukiezina da eta, itun hori apurtuko balitz, egoki joko duguna egiteko askatasunez sentituko gara”, aurreratu du. Bizkaiko diputatuak azaldu duenez Ekonomia Itunik gabe, Euskadik ezin izango lituzke bere zergak batu “eta Montororengana joan beharko genuke gure ongizate politikak aurrera ateratzeko diru eske”. Horrekin ere “gure autogobernua galduko genuke. Eta hori da guk zeharkatuko ez dugun marra gorria. Guretzat, lehenik Euskadi dagoelako”. Eta “horretarako,hain zuzen, EAJ-PNVk talde indartsua behar du Madrilen. Ekonomia Ituna, autogobernua, osasuna, hezkuntza zuen eskuetan daude” esan die bertaratuei.

Santurtzin egin den mitinean, berraukeratua izateko aurkezten den hautagaiak era berean azaldu du EAJ-PNVk “Segurantza Sozialaren erregimen ekonomikoa eta pentsioak” ere kudeatu nahi dituela “Gernikako Estatutuan jasota dagoen legez”, eta “hori lortzen ez dugun bitartean, EAJ-PNVren diputatuak eta senatariak ‘gota malaya’ bezalakoak izango gara eta behin eta berriz gogoraraziko diegu legearen arabera guri dagokiguna nahi dugula” ezarri du.

Azpiazuk argi baino argiago dauka: “Hiru egun geratzen zaizkigu bozkatzera joateko. Hiru egun lan egiteko eta erabaki ezinik dauden guztiak konbentzitzeko, EAJ-PNVren alde ematen den botoa dela Euskadi defendatu eta babestuko duena; eta soberan ditugu arrazoiak hori egiaztatzeko. Guri baino ez digute axola herri honen arazoak: lanpostuak, ongizatea, osasun sistema, enpresak, askatasunak eta autogobernua”. Baina, zoritxarrez, oraindik ere gai batzuk daude Madrilen eskuetan daudenak. Eta, horregatik egon behar dugu han. Eta, gainera, pozarren egiten dugu; gu ez gara Madrilera joaten ihes egin nahi dugulako, besteek egiten duten antzera. Gurea denaren alde borrokatzearren egiten dugu eta lortutako guztia etxera ekartzeko” azaldu du.