Prentsa Aretoa

Berriak

2016/04/21

Uribe-Kosta, Mungialdea eta Txorierriko EAJ-PNVren alkateek beren udalerriak Urdulizko ospitalearekin lotu nahi dute

Horretarako, Erandio, Barrika, Gorliz, Mungia eta Gamiz-Fikako ordezkariek Bizkaibus lineak aldatzeko proposamena planteatu dizkiote Aldundiari gaur goizean

rss Ezagutzera eman
Uribe-Kosta, Mungialdea eta Txorierriko EAJ-PNVren alkateek beren udalerriak Urdulizko ospitalearekin lotu nahi dute

ARGAZKIA JAITSI

Uribe-Kosta, Mungialdea eta Txorierriko EAJ-PNVren alkateak Vicente Reyes, Bizkaiko Garraio, Mugikortasun eta Herrialdearen Orekarako diputatuarekin batzartu dira gaur. Bilera horretan, Erandio, Barrika, Mungia, Gorliz eta Gamiz-Fikako alkateek foru arduradunari adierazi diote Bizkaibus linea batzuk aldarazteko beharra ikusten dutela, Urdulizeko ospitalea irekitzen den unetik aurrera hiru eskualde horietako herritarrek ospitalearekin lotura izan dezaten. Alkateen esanetan "ospitalea irekitzearekin batera Bizkaibusek eskualdeetan dituen lineak moldatu beharko dira inguru honetako erabiltzaileei ahal den zerbitzurik onena emateko. Ezinbesteko jotzen dugu ospitalea garraio publikoarekin konektatzea". Halaber, udal ordezkariek gaurko bilera baliatu dute Bizkaiko Foru Aldundiak Urdulizeko ospitalearen erabiltzaileei ahal denik eta zerbitzurik onena emateko erakutsi duen jarrera adierazteko, zalantzarik gabe "gure herritarren bizitza kalitatea hobetuko duelakoan".

Erandioko zinegotzi Arrizen Monasterioren esanetan bere udalerriaren kasuan "funtsezkoa da metroaren eta ospitalearen arteko konexioa egitea", azpiegitura bien arteko distantzia "pertsona nagusientzat gaindiezin egiten delako". Horregatik planteatu du ospitalearekin lotzeko egongo diren autobusak metroko irteera ondoan gelditzea.

Zentzu berean hitz egin dute bileran izan diren Uribe-Kostako alkateek. Roberto Muñozek, Barrikako alkateak, esan du Urdulizekiko konektibotasun egokiak udalerriak metroarekin duen garraioa hobetu ahal duela. Zalantzarik gabe "hau ez da bakarrik Barrika ospitalearekin lotzeko aukera, baizik eta baita herriko garraioa eta mugikortasuna hobetzeko ere". Gorlizeko alkate Arantza Etxebarriak esan duenez "Gorlizetik pasatzen diren eta Urdulizekin lotzen duten lineak hobetu beharko lirateke maiztasunak hobetuz".

Mungialdetik ere berrikuntzen zain daude. Ager Izagirre Mungiako alkateak azaldu duenez "Mungia eta ospitalearen arteko konexio zuzena bermatu nahi da"eta horretarako, maiztasunak eskarira moldatu beharko lirateke. Asier Larrabek, Gamiz-Fikako alkateak esan duenez "ahalegin handia egiten ari gara loturak areagotzeko eta jai egunetan maiztasunak berreskuratzeko, etorkizunera begira ospitalearekiko loturak hobetzeko" .

Linea hauetan egin ahal diren aldaketak

Une honetan dauden lineak aztertuta eta Urdulizeko ospitalea irekitzean sortaraz daitezkeen beharrak kontuan izanik, Uribe-Kosta, Mungialdea eta Txorierriko alkate jaun-andreek honako aldarazpenak planteatu dizkiote Bizkaiko Foru Aldundiari:

- A3529 Mungia – Gamiz-Fika: (Mungia – Gamiz-Fika). Geltoki aldaketa egitea proposatzen da.

- A3531 Sopela – Mungia– Gatika: (Sopela – Urduliz – Laukiz – Gatika – Mungia – Maruri-Jatabe - Gatika). Geltokiak aldatu beharko lirateke autobusa ospitaleraino sar zedin. Horrez gain, maiztasunak areagotzea proposatzen da.

- A3526 Mungia – Gernika-Lumo: (Mungia – Gamiz-Fika – Fruiz – Arrieta – Morga – Muxika – Gernika-Lumo). Linea hau da Fruiz herria ospitalearekin lotuko lukeen linea. Erabiltzaileei zerbitzu hobea emateko, maiztasunak areagotzea eta larunbat eta jaiegunetan konexioa berreskuratzea proposatzen da.

- A3537 Plentzia – Gorliz – Mungia: (Plentzia – Gorliz – Lemoiz – Maruri-Jatabe – Mungia – Gatika). Geltoki aldaketa egin beharko litzateke linea horrek geltokia izan dezan Mungiako anbulatorioaren aurrean, herriko osasun zentroaren eta Urdulizeko ospitalearen arteko lotura egiteko.

- A2166 Uribe-Kosta – UPV/EHU: (Gorliz – Urduliz – Sopela – Berango – Leioa) gaur egun, Uribe-Kostako udalerriak EHU/UPVrekin lotzeko baino ez da erabiltzen. Goizean baino ez dago eta ordutegia arratsaldera zabaltzea planteatzen da udalerri hauek ospitalearekin konektatzeko. Plentziari dagokionez, Isuskiza auzoa ospitalearekin lotzea proposatzen da eta komenigarria da inguru horretan autobus geltokia jartzea.

- A3451 Areeta – Armintza: (Leioa – Getxo – Berango – Sopela – Barrika – Plentzia – Gorliz – Lemoiz). Proposamena da maiztasunak areagotzea eta Urdulizeko ospitalean geltokia jartzea.

- A3499 Plentzia – Gorliz: Linea hau Barrikaraino iristea planteatzen da, Plentziako metroan itxaron behar den denbora berean Barrika-Plentzia-Gorliz Bizkaibus linea ezarri ahal izan dadin. Era berean Barrika metroarekin lotuko litzateke.

- A3471 o A3472: Getxo – Leioa – Rontegi – Gurutzeta: Linea hau berrantolatzea aztertu beharko litzateke linea honen hasiera Urdulizen jarrita. Horrela eginez, linea honela geratuko litzateke:  Urduliz – Sopela – Getxo – Leioa – Rontegi – Gurutzeta eta Erandiogoikoatik pasatuko litzateke, Txorierri Urdulizeko ospitalearekin eta metroarekin lotuz.