Prentsa Aretoa

Berriak

2016/07/31

Ortuzarrek, EAJ-PNVren 121. urteurrenean, jeltzaleei eskatu die “begirada Euskadin jartzea, hori delako gure kausa bakarra”

EBBren presidenteak Urkulluren Gobernuak zailtasunez josiak etorri diren lau urteotan egin duen lana txalotu du egoerari eutsi ahal izan diolako “ongizate Estatu baten oinarrizko zutabeei eutsiaz: osasuna, hezkuntza eta gizarte prestazioak”, eta jeltzaleen hurrengo erronka planteatu du: “Lanpostu gehiago eta hobeak”

Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Politika Madrilen bihurtu den ‘vaudevillearen’ aurrean, EAJ-PNVk esfortzuak egin behar ditu Euskadin elkarrizketa eta akordioak eta euskal gizarteak azken 35 urteotan erdietsi dituen lorpenak nagusi dituen kultura politikoa babesteko. Horixe da Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarraren presidenteak, planteatu duen mezu nagusia, gaur goizean EAJ-PNVk Bilbon, Inazio Deuna egunean, talde jeltzaleak beren 121. urteurrena ospatzeko egin duen ekitaldian. Ortuzarrek argi eta garbi adierazi nahi izan du zuzentzen duen alderdiak planteatzen duen hurrengo helburu nagusia: “Lanpostu gehiago eta hobeak”. Ekitaldia 11:30ean hasi da Sabin Etxean, EBBk erakundeetako agintariei eta euskal gizarte zibilaren ordezkariei harrera egin dienean. 12:15ean, jaia Albia Lorategietara eraman dute .Bertan lore eskaintza egin da Sabino Arana EAJ-PNVren fundatzailearen irudiaren aurrean eta ohorezko aurreskua eskaini zaio. Ortuzarren hitzaldiak gaurko ekitaldi hunkigarria itxi du eta beste hainbat alderdikide eta alderdizale jeltzalerekin batera izan dira Iñigo Urkullu Lehendakaria; Bakartxo Tejeria, Eusko Legebiltzarreko Lehendakaria; Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia; Ramiro González, Arabako Ahaldun Nagusia; Markel Olano, Gipuzkoa Ahaldun Nagusia; Ana Otadui, Bizkaiko Batzar Nagusietako presidente Andrea; eta Juan Mari Aburto, Bilboko alkatea. “121 urte betetzen ditugu gaur. Euskadiren iraganeko hainbat orrialde idatzi ditugu baina, batez ere, Euskadiren etorkizuneko Alderdia izan nahi dugu”, esan du Ortuzarrek gaurko diskurtsoari amaiera emateko orduan.

“Orain arteko zaratak eta Estatugintzarako erakutsi izan duten sen eskasak derrigortu gaitu begirada guk nahi baino gehiagotan Madrilera zuzentzera. Zazpi hilabete interinotasun egoeran eta oraindik ari dira elkarri mokoka. Eta, hori baino larriagoa dena, beren interesagatik, gurekin zerikusirik ez duen melean sartu nahi izan gaituzte. Ez. EAJrekin ezin da horrela jolastu”, ohartarazi du Ortuzarrek. “Alderdi hau Euskadiren alde egiteko sortu zen. Euskadi da gure helburu eta goiburua, gure kausa bakarra. Horretarako bizi gara, Euskal aberria eraikitzeko. Eta gure anbizioa hemen hasten da eta hemen amaitzen da. Beraz, begiratu diezaiogun Euskadiri. Guk maite dugun herriari. Euskotarren aberriari. Hementxe baitago gure erantzukizuna”.

Urkulluk Hauteskundeak irailaren 25erako iragarri zituenetik bi egunera, Eusko Jaurlaritzak, testuingurua beti alde izan ez duen arren, legealdi honetan erdietsi dituen lorpenak azpimarratu ditu Ortuzarrek. “Gutxiengo egoeran egon den gobernua, une konplexuetan, baina bere egitasmoan hitzartutakoa betetzen jakin izan duena. Lau urte konplikatuak izan dira. Ondo dakite hori Urkullu Lehendakariak eta bere Jaurlaritzak. 75 legebiltzarkide diren arren, 27ren babesa izan duen Gobernua izan da. Ez dugu poztasun handirik izan. Baina gure poza handia da orain, eta hau ez da gure burua ederrestea. Beste behin ere, eusteko gai izan gara eta aurrera egin dugu. Dena dela, apalak gara hori dena bakarrik egin ez dugula jakiteko. Erantzukizuna partekatua da. Eta konpromiso partekatu horri esker, gure ekonomia hazi egin da eta atzean utzi dugu atzeraldia. Eta Ongizate Estatu baten zutabe nagusiei eutsiaz lortu dugu: osasuna, hezkuntza eta gizarte prestazioak. Indarkeriaren bide beltzetik irtetea lortu genuen eta urrats sendoz ibiltzen ari gara bizikidetza onerako bidean. Aurrerapena eta bizikidetza dira lau urteotan bidean ongarria aurkitu duten elementuak. Horiekin batera, zalantzarik gabe, norbanakoaren eta taldearen askatasun handiagoa etorriko da. Errespetatzeko askatasuna. Inoren azpian ez bizitzekoa. Inoren menpeko ez izatekoa. Guk geuk erabaki behar ditugu herri honentzat nahi ditugun oraina eta etorkizuna”.

Ortuzarrek baieztatu du Euskadi ez dela batzuen esanetan EAJk aurkezten duen oasia. “Gure artean arazoak eta zailtasunak daude oraindik, hainbat pertsonari bizitza zail egiten dietenak”. Dena dela, jeltzaleen buruak aitortu du “harro” dagoela Euskadiren eta inguruko erkidegoen artean dagoen ezberdintasun nabariagatik. “Ezberdintasuna egonkortasun mailan, elkarrizketan, planifikazioan, seriotasunean, lanean, esfortzuan, solidariotasun eta zorroztasunean, agintzen dena betetzeko momentuan”, azaldu du. Ortuzarrek, hori bai, argi utzi nahi izan du bere alderdia ez dela bere burua ederresten geratuko. “Orain helburu berriak zehaztu behar dira”, bermatu du, eta adierazi duenez EAJ-PNVk, “bai ala bai”, “lanpostu gehiago eta hobeak” lortzeari ekin behar diola. “Lanpostu gehiago gazteei aukerak emateko. Lan merkatuan sartzeko aukera emateko eta beren prestakuntza baliatzen has daitezen. Esperientzia izan dezaten. Lanpostu gehiago inbertsioak bilatuz, hemen daudenak sendotuz. Lan gehiago, langabezian luzaro daudenek beren auto-estimua eta gaitasuna berreskura dezaten. Gizartegintzan laguntzen ari direla senti dezaten. Eta lan hobea gizarte justizia irabazteko. Lan hobea txirotasunetik hurbil sentitzen denak konfiantza berreskura dezan. Lanpostu hobeak prestakuntza espezializatuarekin. Berrikuntza gehiagorekin. Ezberdintasunen arrakala murrizteko. Lan egonkorragoa eta hobea, duintasunez ordaindua. Helburu bikoitz hori bideratzeko gai bagara, gainerako erronkak askoz errazagoak izango dira lortzen”.

Ortuzarrek aipamen berezia egin du Euskadin bidean datorren hauteskunde garaiaz “talde berriak eta aurpegi berri eta zaharrak” agertuko direla esanez. Denei eman die ongi etorria “kontraste demokratikoan” parte hartzeagatik. Puntu horretan, jeltzaleen buruak Ulisesen ‘Odisea’ ekarri du gogora. “Ulises bere itsasontziko mastara lotu behar izan zuten itsaslaminen kantuak erakarrita haitzen kontra ez jotzeko eta Ítaca, agindutako lurrera, joateko bidaia jarraitzeko. Ziur nago euskal hiritargoak ez duela bere burua ezertara lotu behar izango. Hiritargo honek betidanik erakutsi izan duen heldutasunak erantzun sendo eta zuzena emango du. Ítacara iristeko ez dago lasterbiderik. Abenturek koste bat dute, koste garestia, eta azkenean hiritargoak ordaindu beharko duena”, ohartarazi du.

“Demokraziak egunero berriztatzea behar du”, jarraitu du Ortuzarrek. “Eta, horrez gain, eragileak eta tresnak behar ditu indartsuago egiteko. Eragile eta tresna zintzoak, gardenak, konprometituak eta jendearengandik hurbil daudenak. Ilusioa sortarazteko gai izan behar dute. Bestela, arriskua izango da jendea populismo eta demagogien pean erortzea, eta berdin dio populismo hori eskuindarrekoa edo ezkerrekoa bada ere. Bada, EAJk horietako eragile izan nahi du, tresna horietako bat da eta izaten jarraitu nahi du. Euskal emakume eta gizonak denontzako etorkizun hobera eraman nahi dugu, Euskadi aske batetara, emakume eta gizon askeak biziko diren Euskadi. Eta gaur, hemen, zuen aurrean eta gure maisuaren irudiaren aurrean hitzematen dut ez dugula sekula etsiko, ez diogula inoiz utziko Euskadiren alde lan egiteari, bere etorkizunaren eta bere askatasunaren alde ekiteari”.

Zatoz gure Whatsapp kanalera
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA!
IX. Batzar Nagusia. ALDERDIA GARA! Txostenak!