Prentsa Aretoa
Berriak
2016/09/28
Rementeria: “2017. urtea azken hamarkadako garrantzitsuena izango da Bizkaiarentzat”
Ahaldun Nagusiak legegintzaldiko hasierako 15 hilabeteen berrikuspena egin du eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko estrategia berriak iragarri ditu politika orokorreko osoko bilkuran; halaber, aldaketa sakonak egingo dira pertsonen arretaren arloan eta Lurraldearen etorkizunerako ekintza estrategikoak garatuko dira gazteen laguntzan ahalegin itzela eginda.
Ahaldun Nagusiak legegintzaldiko politika orokorrari buruzko lehen osoko bilkura ireki du gaur Gernikako Batzar Etxean; ekitaldian bere Gobernuaren lehen 15 hilabeteak birpasatu ditu eta “errendimendu osoz egiten duela lan eta esaten duena egiten duela” azpimarratu du. Bere esku hartzean Rementeriak aldi honetan garapen ekonomikoa eta enplegua, gizarte eta lurralde kohesioa, administrazioaren modernizazioa eta hurbiltasuna edo nazioarteratzea bezalako arlo estrategikoetan burutu dituen ekintzen zerrenda egin du. Ahaldun Nagusiak baieztatu egin du “urtea estua izango den arren” bera eta bere taldea erabat daudela motibatuta 2017. urtearen erronkari ekiteko eta “oso altu jarri dugun muga” gainditzeko.
“Legegintzaldiko urterik garrantzitsuenaren aurrean gaude. Nire ustez Bizkaiak azken hamarkadan izan duen urterik garrantzitsuena izango da. Ikusten dudan moduan esaten dut: azken hamarkadako urtetik garrantzitsuena. Seguru nago funtsezkoa izango dela enpleguaren, gazteriaren, pertsona guztien eta Lurraldearen etorkizunerako” adierazi du Rementeriak. Halaber, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko estrategia berriak eta pertsonen arretaren arloko aldaketa sakonak iragarri ditu, Bizkaia modernoa eta hurbila lortzeko gakoak diren ekintzak, eta baita gazteak ardatz izanda Lurraldearen etorkizunerako ekintza estrategikoak ere.
Gazteen urtea Bizkaian
“Datorren urtea gazteen urtea izango da Bizkaian; Aldundiak ahaleginak eta bi egingo ditu gure gazteriak dituen aukera areagotzeko. 2017. urtea muga izatea nahi dut, Aldundiaren eta gure gazteen arteko erlazioan inflexio-puntua izatea. Ia ez gaituzte ezagutzen, ia ez dakite zer egiten dugun. Hori arazoa da, baina baita aukera ere”, azaldu du Ahaldun Nagusiak.
Aldundiak 10 linea prestatu ditu Bizkaian gazteriak dituen laguntzak eta aukerak areagotzeko: gazteentzako enplegu anezka bat; ekintzailetasunaren arloko programa gehiago; Aldundiak eskaintzen dituen praktika eta beken kopuruak zabaltzea; Lurraldeko ikaslerik onena laguntzeko Bizkaia Bekaren sorkuntza; bost beka Bizkaian etorkizunean estrategikoak izango diren sektore guztietan; nazioartean erreferentziakoak diren zentroetan prestakuntza lortzeko aukerak zabaltzea; aeronautika, automozioa eta makina erremintaren esparruetako prestakuntza laguntzea; sortzaileen talentu artistikoa bultzatzea eta gizarteratzea; udan nazioarte mailako ekitaldi bat egotea; eta denda, garraio, aisialdi eta kulturako deskontuak batuko dituen Bizkaia Gazte Txartel bat, izan dira Ahaldun Nagusiak azpimarratu dituenak.
Ibilbide luzeko bi estrategia jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzeko
Rementeriarentzat 2017. urtean “ardatz nagusia, erabateko lehentasuna”, artean, jarduera ekonomikoa eta enplegua sortzea da “Gobernu ekintzailea gara, berrikuntzari ekiteko, arriskatzeko, prest dagoen Gobernua. Enpresa bilbari bidea urratzeko prest gaude. Enplegurako eta jarduerarako, Bizkaiaren etorkizunerako gakoak diren bi estrategia dira, datozen hil hauetan konpartituko ditugunak”, esan du.
Lehenengoa, aurreratu du Ahaldun Nagusiak, Bizkaian hub finantzario bat sortzeko estrategia da. “Lan egiteko oso ildo zehatzak dituen plan ausarta da. Seguru nago Bizkaiak leku propioa eta bereiztua duela eskaintza ekonomiko globalean. Urtea amaitu aurretik ekoizteko bilbaren zerbitzurako erreminta finantzario berriak sustatzeko neurri fiskalen proiektu bat aurkeztuko dugu Zergak Koordinatzeko Organoan”.
Rementeriak esan du erreminta horien artean lehena Berrikuntza Funts bat izango dela: “Herri honentzat onak diren proiektu guztiek finantzaketa optimoa edukitzea nahi dugu eta arrazoi horrengatik bakarra ere kutxa baten botata ez geratzea. Funts horri esker 600.000 eurora arte finantzatu ahal izango dira eta % 2 inguruko interes-tasa izango du. Funtsa guztion artean finantzatzea nahi dut. Guztiok edukitzea gure herrian, gure etorkizunean inbertitzeko aukera. Inbertsio segurua da eta % 15eko kenkari fiskala edukiko du, etxebizitzan aurrezteko kontuen antzera. Inbertsio bermatua, galerarik izateko arriskurik gabekoa eta finantza erakundeek merkaturatuko dutena. Aukera ona izango da aurrezle txikientzat eta baita BGAEtan mugara iritsi diren 50 urtetik gorako pertsonentzat ere. Aldi berean, alternatiba bat da ondare handiak dituzten pertsonentzat funtsan inbertituko duten muntak kenkariak eragingo dituelako euren zergetan”.
Bigarren estrategia nagusiari dagokionez Rementeriak azaldu du Aldundia zilarrezko ekonomia deritzon inguruko industri sektore berria sustatzeko lanean ari dela eta aurreratu du “ahalik eta arinen enpresa kontratistetako enplegatuen artean gerta daitezkeen lan baldintzen txartzeak ekiditeko edo mugatzeko kontratazioko gizarte klausula berri batzuk onetsiko dituela; gizarte bereizkeria edo ezintasun egoeran dauden pertsonak gizarteratzeko gizarte irizpideak sartuz; enpleguaren eta merkataritza doiaren kalitatea, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eragingarria eta familia- kontziliazioa sustatuz; ete-en parte hartzea bultzatuz kontratazio publikoan; eta eredugarriak izanda”.
Hiru aldaketa sakon pertsonen arretaren arloan.
Rementeriak hiru ardatz nagusi ditu 2017rako gizarte arloari dagokionez: gizarte zerbitzuen kartera berria ezartzea, zaintzailearen estatutua eta egoitzak kontzertatzeko eredu berria. “Planteatzen dugun egoitzen arloko eredu berri honek plaza mota berria ekarriko du konplexutasun handiko zaintzen profiletarako. Aldi berean, plaza kopuru handiagoa eragingo du, 250 plaza hitzartu inguru eta 112 plaza publiko gehiago, eta baita kontzeptu berri bat ere: zerbitzua bermatu, bai, baina baita pertsonek hautatzeko duten askatasuna ere”, baieztatu du.
Ahaldun Nagusiak azaldu du eredu berri hori zilegi izango dela “Lurraldeko egoitza baimendu guztiak gonbidatuko dituen kontratu baten bidez; egoitzek plazak eskainiko dituzte eta Aldundiak prezio jakin batekin okupatuko ditu. Egoitza batera sartzeko eskubidea aintzatetsita duen pertsonak zentroa aukeratuko du eta Aldundiak zuzenean ordainduko dio plaza zentroari”. Aldundiaren asmoa 2017an “Europako iparraldeko herrien esperientzian oinarrituta dagoen eredua ezartzea eta Bizkaia Estatuan aitzindaria izatea” da.
Bi ekintza nagusi Bizkaia modernoa eta hurbilekoa lortzeko
Bere esku hartzean Rementeriak iragarri du aurtengo azarotik 2017ko apirilera arte hamar topaketa izango dituela herritarrekin Bizkaiko hamar eskualdetan “kontuak emateko, egiten ari garenaren eta ez garenaren berri emateko eta herritarrek esango digutena guztia aintzat hartzeko”. Lehen bilera azaroaren 10ean egingo da Aldundiaren Jauregian. “Ehun bat pertsona etorriko dira gurera eta gauza guztiei buruz hitz egingo dugu. Elkarrizketa oinarrizkoa da; agian modernoa besteek esaten dutena entzutea bezain gauza zaharra da, baina benetan entzutea, transformatzeko borondatearekin. Bizkaia denon artean egiten dugu eta hemen guztiok gara baliagarriak”.
Halaber, Aldundia eskualdeetara eta herritarrengana hurbilduko da arreta integrala Bilbotik kanpo eskaintzeko lehen bulego pilotuarekin. “Aurrera antzean ez da derrigorrezkoa izango hiriburura joatea Aldundian tramiteak egiteko. Durangok eta eskualde osoak hauekiko zerbitzu eta kudeaketak egiteko aukera izango dute: Ogasun eta Finantza Saila; Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Saila; Ekonomi eta Lurralde Garapena Sustatzeko Saila; Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saila; Garraioak, Mugikortasuna eta Lurraldearen Kohesioa Sustatzeko Saila; eta Laguntza, herritarrei arreta eskaintzeko zerbitzua. Aldundi oso bat eskualdearen zerbitzura. Durangoko esperientzia ona eta asegarria bada, ostean beste batzuk etorriko dira”, azaldu du Ahaldun Nagusiak.
Hiru ekintza estrategiko Lurraldearen etorkizunerako.
Rementeriak Lurraldearen eta nazioarte mailako eraginaren aldeko hiru apustu azpimarratu ditu: 2017ko lehen hiruhilekoan abian jarriko den Metroaren 3. Linea, Bilboko alde horretako 70.000 emakume eta gizoni zerbitzua emateko dena eta urtean 10 milioi pertsona mugituko dituena; “Aldundi honen lankidetza osoa” Guggenheim Museoaren 20. urteurrena ospatzeko; eta Gaztelugatxeko San Joan. “Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak partida bat erreserbatuko du hurrengo aurrekontuetan Gaztelugatxeko San Joanen proiektu integrala idazteko. Eta hori esaten dudanean ez dut esan nahi hobekuntza obra batzuk egiteko plana: kudeaketa, ustezko itzulkin ekonomikoak, aldearen dinamizazioa, ingurumenaren babesa, potentzial turiskikoa… aztertuko dituen plan integral bat. Hau da, dena. Eta epe ertain-luzea aintzat hartuta. San Joan Bizkaiarentzat garrantzitsua bada koherenteak izan behar dugu eta planteamendu jasangarria, serioa eta etorkizunekoa egin behar dugu”, azaldu du Ahaldun Nagusiak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25