Prentsa Aretoa
Berriak
2016/12/31
Lehendakariaren urte amaierako mezua
Agur t'erdi! Urte berriaren atarian gaude. Familia eta etxekoekin elkartzeko unea. Elkarrekin, urte berrirako asmo eta nahiak amestuko ditugu.
Bukatzen den urte honetan Agirre Lehendakaria eta lehen Eusko Jaurlaritza izan ditugu gogoan. Lehendakariak erabiltzen zuen hitz bat ekarri nahi dut gogora: “itxaropena.” Urte berria itxaropenerako urtea izatea nahi dugu.
Egia da 80 urte igaro direna baina gure xedeak berdina izaten jarraitzen du:
-Euskadiren erakundetzean eta bere buruaren jabetasunean areagotzea;
-Humanismoaren indartzea, pertsona ardatz hartuta;
-Gizarte justizian aurrera egitea;
-Gure kultura eta euskara, gure nortasuna sustatzea;
-Bakea eta Bizikidetza gizartean sustraitzea; eta
-Euskal Autogobernuaren bidean aurrera pauso berri bat ematea.
Hauek dira Euskadiren etorkizuneko giltzarriak eta gure Gobernuaren xedeak. Gaur, urte honetako azkeneko aurrerapenak konpartitu nahi ditut zuekin. Honekin batera, Eusko Jaurlaritza berriaren konpromisoak aurkeztu. Baita geure eredua eta balioak azaldu ere.
Amaitzen den urtean aurrera egitea lortu dugu. Zailtasunak zailtasun, egoera hobea da.
Azken urte honetan, egonkortasuna eta akordio politikoa landu ditugu. Euskal gizartearen ordezkariek gaitasuna erakutsi dute egoeraren diagnostikoa partekatzeko. Akordioak lortzeko eta lankidetzaren bidea jorratzeko. Euskadin indartu egin dugu auzolanaren eredua. Eta gehiago nahi dugu eta horretan arituko gara.
Urte berriaren atarian, ere, pertsona dugu helburu. Badakit jakin, familia askotan zailtasunak daudena; pobrezia, langabezia edo aukera falta dela batez ere. Euskadik hazkundearen bidea hasi du baina, zailtasun asko eta asko mantentzen da.
Denok ezagutzen ditugu arazoak, gertu gertutik. Oraindik orain, ilun asko dago gure artean eta denon elkartasunak beharrezkoa izaten jarraitzen du. Gehien sufritzen dutenei laguntzea da gure egin beharra. Gizarte babesa bermatzeak gure eguneroko eginkizunaren lehentasuna izaten jarraituko du.
Honekin batera, krisialditik irten behar gara. Ondo dakit, enpresek ahalegin handia egin behar izan dutena enpleguari eusteko. Horri esker, gure egungo ekonomiaren oinarriak sendoak dira. Orain hazkundea indartzeko garaia da. Pentsa dezagun belaunaldi berrietan, gazteengan. Eskuzabaltasuna erakutsi behar dugu, gazteei aukera berriak eskaintzeko.
Hori da gure eginkizunaren lehentasuna eta galdu diren enplegu guztiak berreskuratzen ditugunean bakarrik lortuko dugu krisialditik irtetea.
Gure lehentasuna enplegu-sorrera bermatzea da. Langabezia %10tik jaistea da partekatzen dugun helbururik nagusiena. Argi dugu enplegu politika dela gizarte politikarik eraginkorrena. Badugu beraz zeregina.
Arazoak eta erronkak ezagutzen ditugu. Eta ez dugu nahi genukeen besteko giza-akordiorik lortu, ezta gazteentzako behar besteko aukerarik, ez.
Gaur, gure etorkizunerako proiektu bat dugula adierazi nahi dut. Elkarbizitzarako proiektua da. Elkarrizketan, elkarlanean eta elkartasunean oinarrituta. Itxaropena dut balio hauetan oinarrituta aurrera egingo dugunaz. Itxaropena dut eta itxaropen hori zuekin partekatu nahi dut.
Bide honetan aurrera egiten jarraitzea da hartu dugun konpromisoa.
Akordio bat lortu dugu. Programa zehatz batekin aurkeztu gara gizartearen aurrean eta lau helburu nagusi partekatu ditugu:
- Giza garapena, kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko duena;
- Hazkunde iraunkorra, enplegua sortuko duena;
- Bizikidetza eta Giza eskubideak; eta
- Autogobernu gehiago eta hobea.
Gizartearen iritzia jaso. Elkarrizketaren atea zabaldu. Negoziazioaren mahaia irekita mantendu. Adostasuna landu. Aukera dugu Bizikidetza sustatzeko. Aukera ere etorkizun politiko berri bati hasiera emateko.
Ziur naiz elkarlanaren bidez, helburu horiek betetzea lortuko dugunaz. Elkarrizketa eta elkarlana dira gure gizartearen ezaugarriak. Geureak egin ditugu. Hauekin batera, ezinbestekoa da denon arteko elkartasuna, aldapan gora daudenek bidea erosoago izan dezaten, behar gehiago dutenei ibilbidea errazteko.
Gure eredua dugu eta eredu horri eutsiko diogu. Agirre Lehendakariak esan ohi zuen bezala: “Errijak ez dira egiten egun batean.”
Katea ez da eten. Gure ereduan konfiantza dugu. Gizarte eta Aberri eraikuntzan dihardugu. Baita beste Europa gizatiarrago bat eraiki, non, giza norbanako eta herrien eskubideak aitortuaz gain, bermatuak izan behar diren. Etengabe galdetu behar diogu geure buruari nola hobetu. Lanerako kultura dugu eta espiritu kritikoa baita ere. Etengabe galdetu behar diogu geure buruari elkarlana nola bideratu. Konpromisoa lehenesten dugu eta jakin badakigu helburu bat lortzeko, bikaintasuna lortzeko, sakrifizioa eta ahalegina behar direna.
Baditugu, bai, Herri-Erronkak: Hezkuntza, Demografia eta biztanleria, Berrikuntza, Herri-egitasmo partekatua.
Etengabe ezarri behar diogu geure buruari erronka berri bat. Hori da irauntza. “Errija egunero egitea”, egunero eraikitzea. Konpromiso hori eta balio horiek zaindu eta landu behar ditugu. Horrela bermatuko dugu gure herriaren etorkizuna.
Asmo, helburu eta nahi hauek mundu zabalean bizi zareten euskaldun guztiekin partekatu nahi ditut. Atzerrian bizitzea zer den euskaldun askok ezagutu du. Arlo honetan ere eskuzabaltasuna erakutsi behar dugu. Kontzientziak mobilizatu, elkartasuna finkatu eta harrera bermatu. Aurrez aurre dugu errefuxiatu askoren zorigaitza. Ahalegin berezi bat egin behar dugu, familia hauek, pertsona hauek, hartzeko eta integratzeko. Munduan zehar hainbat eta hainbat euskaldun eskuzabaltasunez hartua izan zen bezala, orain ere eskuzabaltasuna erakutsi behar dugu.
Mundu zabalean bizi zareten euskaldun guztiei esker Euskadi zabalagoa da. Gaur, euskal nortasuna eta sena mundu osoan barreiatuta daude. Gaur, euskal arima mundu osoan presente dago. Itxaropen garai berri bat bizi dugu eta elkarrekin eraiki nahi dugu etorkizuna. Euskadi, Basque Country da munduan.
Itxaropenez begiratu diezaiogun urte berriari. Urte berriaren atarian ikuspegi positiboa partekatu dezagun. Egin dezagun ahalegina elkarrekin urrats berriak emateko, aurrera egiten jarraitzeko. Euskadi justuago eta lehiakorrago bat eraikitzen jarraitu dezagun. Denon eskuak beharrezkoak dira etorkizun hobe bat eraikitzeko. Hori da gure helburua eta nahia.
Xede honekin, ilusio eta itxaropen betez hasiko dugu urte berria.
Eskerrik asko eta Urte berri on!
Iturria: Irekia
Bideo erlazionatuak...
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25