Prentsa Aretoa

Berriak

2017/06/27

EBBren adierazpena LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean

Bihar ospatuko dugu LGBTI harrotasunaren nazioarteko eguna. 1969ko ekainaren 28a gogoratuko dugu, egun hartakoak baitira Stonewall-eko gatazkak (New York, AEB), hau da, sexu askatasun mugimenduen abiapuntu jotzen direnak

rss Ezagutzera eman
EBBren adierazpena LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunean

ARGAZKIA JAITSI

Eta, beste behin ere, geure egingo ditugu kausa honek ia lau hamarkadetan oztopoz eta eragozpenez betetako ibilbidean baina, aldi berean, erabakimenez, irmotasunez eta harrotasunez egindako bidean egin diren askatasun, errespetu eta berdintasun aldarriak.

LGBT harrotasunaren oinarrizko funtsa da inor ez dela bere izaeraz lotsatu behar, dena delakoa izan bere sexua, orientazio sexuala edo identitate sexuala. Kolektibo honi ezartzen zaion bazterketa eta indarkeria eta gizarte mailan egiten den errepresentazioa salatzen dugu. Gizarteak errespetuzko ikuskera izatea nahi dugu, ikuskera inklusiboa, ezjakintasunak sortzen dituen estereotipoekin amaitzeko orduan, estereotipo horiek transfobia eta beste LGTB fobien sorburu direla argi izanik.

Ezin da zalantzan jarri, horrenbeste borroka-urteren buruan, LGTBI elkartea gero eta ikusgarriago dagoela, gero eta armairu gehiago apurtu dira eta, hori baino garrantzitsuago dena, gero eta armairu gutxiago eraikitzen dira. Gaurko neska-mutilek gero eta hurbilago eta bermatuago dituzte bakoitza den moduan eta sentitzen duen arabera bizitzeko aukerak; egia da genero eskemek presioa eragiten jarraitzen dutela, baina itolarria ez da orain urte batzuetakoa. Neska mutil horiek esaten digutena entzuten eta aditzen dugu, eta esan behar dutena publikoki eta lehen pertsonan adierazten dute. Dena dela, ezinbesteko jotzen dugu lan egiten jarraitzea LGTBI kolektiboaren ikusgarritasun sozial eta publikoa bermatzeko; beren errealitatea ikusgarri egiteko konpromisoa hartu behar dugu aniztasun sexualari eta genero nortasunari buruzko gaiak lantzeko orduan.

Sexualitatea eta harremanak tradizioak inposatu dituen moldeetatik kanpo ere bizitzeko eskubidea eta askatasun osoa lortzeko dauden harresiak apurtzeko gai izan behar dugu eta udal politikan gai hauek era transbertsalean jorratzearen alde egin behar dugu ‘nomal’ jotzen diren estereotipo heterosexistak apurtzeko eta aniztasunak denok aberastuko gaituen gizartea lortzeko. Halaber, garrantzizko jotzen dugu indarrean dagoen legeria hobetzeko behar dugun adostasun maila zabala lortzea.

Hori dela eta, EAJ-PNVren aldetik hitzematen dugu gure gaitzespenik sendoena adieraziko dugula edozein motatako indarkeriaren aurrean, homofobia eta transfobia barne. Aldi berean, adin txikiak babesteko politikak bultzatzen jarraituko dugu eta sexualitatearen adierazpen askatasuna bermatzeko neurriak hartuko ditugu.