Prentsa Aretoa

Berriak

2017/10/01

EBBk salatu duenez, “indarkeria izan da Kataluniar herriaren eskari politiko, baketsu eta demokratikoari eman zaion erantzuna”

Itxaso Atutxak deitoratu duenez, Partido Popularrak eta Espainiako Gobernuak “oraindik ez dute onartzen Estatu ereduarekin daukaten arazo larria”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Itxaso Atutxak, EAJ-PNVren Bizkai Buru Batzarreko presidenteak, Bartzelonatik azaldu du Euzkadi Buru Batzarrak atsekabe handiz eta oso kezkatuta bizi dituela gaur, urriaren 1ean, Kataluniako hiritargoa hautestontzietara deitua izan zen egunean, erregistratu diren gertakariak. “Kataluniar herriak eginiko dei politiko, baketsu eta demokratikoari eman zaion erantzuna gaur Kataluniako herri eta kaleetan egikaritu den indarkeria izan dela salatu behar dugu”, baieztatu du Atutxak Born-eko ateetan, Centre de Cultura i Memòria de Barcelona izenekoan, hedabideei eskaini dien agerraldian.

“Asteak daramatzagu itunpeko erreferendum bat eskatzen”, esan du Atutxak. “Kataluniar herriak eta bere erakundeek erabakiko zutena errespetatzea exijitzen genuen, herriak eta erakundeek errespetu hori merezi dutelako. Exijitu egin dugu baina ez dugu errespetu hori ikusi. Bi eredu elkarren kontra ikusi ditugu. Alde batetik, herri bat izateko borondatea askatasunez, bakean eta demokrazia bidez adierazi nahi duenaren eredua. Beste alde batetik Espainiako Gobernuaren eredua; kataluniar herriari kasurik egin ez dionaren eredua, kataluniar auziari konponbide politiko eta demokratikoa eragotzi dionaren eredua; boto orriaren aurrean Polizia kalera atera duen eta jarrera bortitz eta biolentoa erakutsi duenaren eredua”, deitoratu du burukide jeltzaleak.

Atutxak EBB osoaren izenean hitz eginez kritikatu duenez, “Espainiako gobernuak erakutsi du ez dala gai izan urteak daramatzan eta oraindik iraun duen gatazka bati irtenbide politiko eta demokratikoa emateko. Agian pentsatuko zuen urriaren 1a ez zela inoiz iritsiko. Iritsi ez ezik, kataluniar herriak bere erabakiekiko eskatzen zuen errespetua eta hauteskunde eguna normaltasun osoz egin ahal izateko bakea ere, ezinezko gertatu dira. Eta larriena da, kataluniar herriak prozesu hau baketsu eta demokratikoa izan zedin egin duen guztia eginda ere, Espainiako gobernua jarrera bortitzarekin etorri dela”. BBBko presidente andreak amaitzeko esan duenez, “Katalunia nazioa da eta, nazioa den aldetik, eskubide politikoak ditu. Kataluniako herritarrek beren iritzia askatasun osoz adierazteko eskubidea dute. Eta erakundeek, gaur egun duten moduan, kataluniar herria hautestontzietara deitzeko behar besteko zilegitasuna dute, herri gisa definitzeko interesa eta desioa adieraztera deitzeko, alegia”.

Kataluniako gaurko gertakariek EAJ-PNVk Partido Popularrarekin eta Espainiako Gobernuarekin eta, bereziki, Estatuko 2018ko Aurrekontu Orokorren inguruan dituen harremanetan eraginik izango ote duten galdetuta, Atutxak argi bezain sendo hitz egin du. “Bizi dugun egoera larri honetan aurrekontuei buruz hitz egitea, arduragabekeria eta arinkeria handia da. Aurrekontuak dira gaur egun PPk eta Espainiako Gobernuak une honetan daukaten arazorik txikiena. Une honetan, Estatuko Aurrekontuak ez daude EAJren ardura edo kezken artean. Gainerako alderdiekin dituen harremanetan baino, PPk eta Espainiako Gobernuak arazo hau nola konponduko duten pentsatu behar dute, eta egoera honek Espainiako beste alderdi batzuei ere exijitzen die beren jarrera azaltzea. PPk ondo pentsatu behar du Estatu ereduarekin daukan arazoa nola konponduko duen. Eta arazo hau berau, konpontzeke dago oraindik Estatuko beste hainbat tokitan, besteak beste Euskadin. PPk eta Espainiako gobernuak oraindik ez dute onartu arazo larri bat dutela beren estatu ereduarekin, oso arazo serioa benetan”.