Prentsa Aretoa

Berriak

2017/12/14

EAbk bere babesa eman dio “baikortasunez eta zuhurtasunez” prestatu den 2018 urterako Bizkaiko aurrekontu proiektuari

Jon Andoni Atutxak, Bizkaiko Ganberako bozeramaile jeltzaleak, EH Bilduk eta Bizkaiko Ahal Dugu-Podemos taldeek hurrengo ekitaldirako aurrekontuei aurkeztu dizkieten hiru osoko zuzenketei bere taldeak emandako ezetza arrazoitu du

rss Ezagutzera eman
EAbk bere babesa eman dio “baikortasunez eta zuhurtasunez” prestatu den 2018 urterako Bizkaiko aurrekontu proiektuari

ARGAZKIA JAITSI

Euzko-Abertzaleak (EAb) legebiltzar taldeak EH Bilduk eta Bizkaiko Ahal Dugu Podemos taldeek 2018rako aurrekontu legeari aurkeztutako osoko zuzenketen kontra bozkatu du gaur goizean Gernikako batzar etxean egin den osoko bilkuran. Jon Andoni Atutxak, Bizkaiko Ganberako EAb taldeko bozeramaileak, bere taldearen ezetza argudiatu du Bizkaiko Foru Aldundiak iragan urriaren 31n aurkeztu zuen aurrekontu egitasmoaren alde eginez, eta arestian aipatutako taldeei txarretsi die akordioetara iristeko “ezgaitasuna” eta hiritargoaren alde egiteko borondate “eskasa” erakutsi izana.

“Baikortasuna, aurrekontu hobeak izango ditugulako. Krisi aurreko zenbakiak berreskuratuko ditugu; azken bost urteotan diru-bilketak gora egin du eta departamentuetarako eskuragarrian 28 milioi gehiago izango dira. Eta zuhurtasuna, azken urteotan zerbait ikasi badugu, hori izan delako ekonomia global batean, egun batek, gertaera batek edo batzuek ezegonkortasun eta ziurgabetasun egoerara eroan ahal gaituztela. Beraz, baikortasuna, bai, baina zuhurtasuna ere bai”, gaineratu du Atutxak. Ildo beretik adierazi duenez “Ez da egokia, ordaintzeko gai izango ote garen ez dakigun gauza bat egitea. Gure etxeko ekonomian egiten dugun modu berean. Sen ona aplikatu behar da, zentzuz jokatu behar dugu”, laburbildu du. Bozeramailearen esanetan aurrekontu hauek EAJ-PNVrentzat estrategikoak eta lehenetsi beharrekoak diren hiru esparru estrategiko indartzera datoz: Pertsonen aldeko apustua, gizarte kohesioaren eta herrialde kohesioaren aldeko apustua eta jarduera ekonomikoaren aldeko apustua.

Atutxak azaldu bezala osoko zuzenketak onartzekotan, aurrekontuak erretiratuko lirateke baina “proiektu alternatiborik izan gabe”; hori da “EAJ-PNVk nahi ez duen egoera, eta gure botoarekin saihestuko duguna”. Hala aldeztu du Ganberan dagoen proiektu bakarra eta plan bakarra dela. “Bizkaiarentzat egin den benetako eskaintza bakarra da. Eta proiektuek, asmo handikoak izango badira, jarraitutasuna behar dute. Edo kontinuismoa, hala nahiago baduzue”, esan du taldeek eginiko kritikei erantzunez.

Lehenengo eta behin, Atutxak Bizkaiko Ahal Dugu Podemos taldeak aurkeztu duen zuzenketa aipatu du. Kritikatu du zuzenketa hori edozein instituziotan balio duela. “Moskuko udalean, Gijonen edo Alacanten aurkeztu ahal zenuten. Aldaketa txiki batzuk eginda, berdin balioko luke. Eta balio du zuek ez duzuelako aurrekontuaz hitz egiten, ez duzue bere edukiaz hitz egiten, proposamen ideologikoa egiten duzue, aurrekontuak alde batera utzita. Eta, proposamen ideologiko batekin, bakar bakarrik ideologikoa bada, ez gara oso urrun helduko. Pertsonak eta alderdi ezberdinak garelako. Proiektu ezberdinak ditugulako”, deitoratu du. Era berean salatu du talde moreak “Bizkaiko errealitatea beltzez margotzeko duen obsesioa”. “Zuentzat dena dago txarto. Jakina arazoak daudela. Baina kolore hori, beltza erabiltzen baduzue, hori da boterea lortzeko estrategian krisia erabiltzen duzuelako, gizarte gatazka komeni zaizuelako eta errealitatea hobetu den arren, jendeak dena txarto dagoela pentsatzea gura duzuelako, dena beltz dagoela. Hori da zuen jokaera, baina ez gurea”, argitu du.

Batzarkide jeltzaleak jarraian erantzun die EH Bilduk aurkeztu dituen zuzenketa biei. “Bata ez omen da nahikoa eta bi aurkeztu dira. EAJrengandik dagoen distantzia adierazteko bat nahikoa ez delako, bi aurkeztuko ditugu zalantzarik geratu ez dadin” esan du ironiaz. Jon Andoni Atutxak azaldu du EH Bilduk bere jarrerarekin argi utzi nahi izan du ez duela akordioetara iristeko borondaterik “Bizkaian ere ez”. “Nola edo hala, EAJrekin argazkian ez agertzeko beharra sentitzen duzue. Eta inor bere burua taula politikotik ateratzearekin horren tematuta badago, argi dago ez duela egonkortasuna eta gobernagarritasuna eraikitzen lagundu nahi”, argitu du.