Prentsa Aretoa

Berriak

2017/12/28

Bizkaiak 2018rako izango dituen aurrekontuen alde bozkatu du EAbk

Jon Andoni Atutxak talde jeltzalearen jarrera aldeztu du gaur hurrengo ekitaldirako kontuak onartu diren osoko bilkuran. Agiri “orekatua” da “lana eta konfiantza” uztartzen dituena, baieztatu du.

rss Ezagutzera eman
Bizkaiak 2018rako izango dituen aurrekontuen alde bozkatu du EAbk

ARGAZKIA JAITSI

Euzko Abertzaleak (EAb) taldeak Bizkaiak 2018rako izango dituen aurrekontuen alde bozkatu du gaur goizean Gernikako batzar etxean egin den osoko bilkuran. Talde jeltzalearen bozka Jon Andoni Atutxa talde jeltzalearen bozeramaileak arrazoitu eta aldeztu du “kontu orekatuak” direla azpimarratu duelarik, hau da “hartutako konpromisoak betetzen dituztenak”. Atutxaren esanetan “gobernu hau eta babesten dugun alderdiok arduratsuak gara eta Bizkaiak eta bere hiritargoak dituen beharrei erantzuteko lana egiten dugu. Ez gara promesa populistetan eroriko botoak irabaztearren. Konfiantza sortzen jarraitzeko lana egingo dugu. Aurrekontu hauek horiek ezaugarri biak uztartzen dituzte: lana eta konfiantza”.

Iragan astean Bizkako Foru Aldundiaren zortzi sailetarako 2018 urterako aurkeztu diren aurrekontuak dagokion batzordean aztertu eta eztabaidatu ondoren, Batzar Nagusiek gaur amaitu dute datorren ekitaldirako Aurrekontuen Foru Arauaren Egitasmoa onartzeko izapidea. Kontu hauetan “datorren urterako, Bizkaiaren zerbitzura jarriko dira 1.193 milioi euro, 1.193 milioi euro bizkaitar guztientzat. Enplegua sortzeko, jarduera ekonomikoa bultzatzeko, gure zerbitzu publikoak hobetzeko guztiontzako gizarte zerbitzuak eskaintzeko” azaldu du Atutxak bere jarrera azaltzeko eman zaion tartean.

Bozeramaileak era berean azaldu ditu EAbk oposizioko batzarkide taldeek aurkeztu dituzten hainbat zuzenketa ez onartzeko arrazoiak: “kontu publikoen oreka ezinbestekoa da”. “Partidak ezin dira besterik gabe gainfinantzatu edo errealitatean behar denaren azpitik aurreikusi, edo definizioz handitu ahal diren eta ,beraz, finantzaketa bermatuta duten partidak handitu. Hori da oreka”. Baina aurrekontu hauetan hobekuntza batzuk ere egin dira. “Kasu batzuetan oposizioko talde batzuekin adostuta eta, beste kasu batzuetan, foru gobernua babesten dugun taldeok proposatuta, hiritarrek eginiko hainbat ekarpen ere jaso direlarik”, gaineratu du.

Jon Andoni Atutxak amaitzeko baieztatu duenez “Ganbera honetako Euzko Abertzaleak taldeak Bizkaiarentzat eta herritargo osoarentzat onak diren eta beharrezko jotzen ditugun proposamenak planteatzen jarraituko du. Inor kanpoan utzi gabe. Pertsonen alde egiteko proposatuko diren neurri guztiak babesten jarraituko dugu, gizartearen eta herrialdearen kohesioaren eta jarduera ekonomikoaren alde egingo diren neurri guztiak. Eta zuhurtziaz eta baikortasunez egingo dugu. Baina, batez ere, ezberdinen arteko akordioak hartzeari beldurrik izan gabe”.

Amaitzeko, bozeramaileak bere esker ona adierazi nahi izan die gaur bertan “agur esan eta ondo merezia duten erretiroa” hartuko duten Javi Madariaga eta Txelu Aurtenetxeri “urte hauetan guztietan Ganbera honetako letratu gisa egin duten lanagatik”. “Eskerrik asko danagatik”, amaitu du.