Prentsa Aretoa

Berriak

2018/06/07

Fernando Izagirre García izango da EAJ-PNVko alkategaia Galdakaon

Gaur egungo Hirigintza, Herrilan, Zerbitzu eta Etxebizitza gaietarako zinegotzi arduradunak Ibon Uribe Elorrieta gaurko alkatearen lekukoa hartuko du zerrendaburu gisa

rss Ezagutzera eman
Fernando Izagirre García izango da EAJ-PNVko alkategaia Galdakaon

ARGAZKIA JAITSI

Fernando Izagirre García izango da EAJ-PNVk Galdakaon proiektu jeltzalea lideratzen jarraitzeko aurkeztuko duen alkategaia. Galdakao eta Usansoloko Uri Erakundeetako alderdikideek iragan maiatzaren 28ean eginiko Uri Batzarretan erabaki zuten gaur egungo Hirigintza, Herrilan Zerbitzu eta Etxebizitza arloko zinegotzia izango dela Ibon Uribe Elorrieta gaur egungo alkatearen lekukoa hartuko duena. Izagirre “pozik eta ilusioz beteta” agertu da erronka berri honen aurrean eta esan du “sentsazio zoragarria” dela “herritarrek baloratzen eta babesten zaituztela” jakitea.

Izagirrek goitik behera ezagutzen du udal kudeaketa. 2007an sartu zen korporazioan eta ordutik aurrera hainbat gai eraman ditu. Bere lehen legealdian Hiritarren Segurtasunaz arduratu zen eta lan horrekin uztartu zuen Garapen Ekonomikoa eta Merkataritza saila. 2011-2015 legealdian, aldi ezberdinetan, Sustapen Ekonomikoa eta Hirigintzaren ardura hartu zuen bere gain.

Agintaldiko urte hauetan Fernando Izagirre kide den gobernu taldeak hainbat proiektu jarri ditu abian. Horien artean daude umeentzako jolasgune berriak, zaborrak batzeko sistema neumatikoa herrian hedatzeko proiektua, jolasgunea estaltzeko lanak eta herrigunean ireki den haurreskola berria. “Dena egin da gure baliabide propioekin, Udalari zorra eragin gabe eta beharrizana egiaztatzen duen orori prestazio soziala emateko ahalegina eginez”, azaldu du.

Hurrengo hileei begira,Korporazioak orain arte bezala jarraituko du garrantzi handiko lanak egiten, besteak beste Antenna, gazteentzat egingo den erabilera anitzeko zentroko lehen harria jarriko da. Proiektu honetarako urte askotarako aurrekontua aurreikusi da eta gutxi gora behera 6,5 milioi euroko inbertsioa egingo da. Halaber, errotonda bat eraikiko da N-634 errepidean, Andraenea zentroari bultzada berezia emango zaio, Urretan N-634 errepide gainetik dagoen oinezkoentzako pasabidea kenduko da, Lapurdin kirol ekipamendu berria egingo da (kirol asko praktikatzeko kantxa), bi ludoteka berri egingo dira Bengoetxen eta San Inazion eta Udaletxeko inguruetan txandaketa aparkalekua egingo da eta sarbideak urbanizatuko dira.

Fernando Izagirre García oso ezaguna da Galdakaon. Aperribain jaioa da, 2016 urteaz geroztik Bizkaiko DYA erakundeko presidentea da eta 30 urte baino gehiago daramatza elkartean. EAJ-PNVko alkategaiak 51 urte ditu, ezkongabea da eta Zuzenbidean lizentziatu zen. Gogoko du irakurtzea, Athletic taldeari jarraitzea, pilotan aritzea eta Galdakaotik pasioan ibiltzea, bereziki “Aperribai eta Usansolo artean”. “Gogoko dut Galdakaoko ostalaritza, askotarikoa da, kalitate handikoa eta parekorik ez duen zerbitzua eskaintzen dute bertan”, azpimarratu du.