Prentsa Aretoa

Berriak

2018/09/07

Luis Egurrola Arakistain izango da EAJ-PNVk Markina-Xemeingo Alkatetzarako proposatu duen hautagaia

Aukeraketa “esker onez eta ilusioz beteta” hartu duela esatearekin batera esan du prest eta irrikan dagoela “gure udalerriaren garapenerako ezinbesteko egiten zaizkigun proiektuak biziberritzeko eta burutzeko”

rss Ezagutzera eman
Luis Egurrola Arakistain izango da EAJ-PNVk Markina-Xemeingo Alkatetzarako proposatu duen hautagaia

ARGAZKIA JAITSI

Luis Egurrola Arakistain izango da Markina-Xemeingo EAJ-PNVk datorren urteko maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako aurkeztuko duen zerrendaburua. Gaur bertan egin den Uri Batzarrean erabaki dute Egurrola Arakistainen eskuetan jarriko dutela Markina-Xemeingo alkatetza EAJ-PNVrentzat berreskuratzeko erantzukizuna; eta lan horri ekingo dio “nire herrikideek aukeratua izateak ematen didan konpromisoarekin eta ilusioarekin”, baieztatu du. Era berean esan du “pozarren” dagoela “gure proiektua, EAJ-PNVren proiektua” lideratzeko ardura izateagatik. “Unerik egokienean aurkitzen naiz orain lan horri ekiteko, gogotsu eta indartsu sentitzen naiz aurkeztu zaidan erronka honi aurre egin ahal izateko. Niretzat garrantzitsuena da Markina-Xemeindarrek ikus dezatela prest nagoela gure udalerriaren garapenerako ezinbesteko egiten zaizkigun proiektuak biziberritzeko eta burutzeko”, nabarmendu du.

Azken urteotan, oposiziotik eta “diren zenbakiak direla”, “ez zaigu gauza asko egiteko aukerarik eman, baina gure helburu nagusia da egoera hau aldatzea”, aurreratu du. “Lana ez zaigu faltako ezta lan egiteko borondatea ere”. Beraz, “ahal dugun guztia egingo dugu herrikideengan ilusioa pizteko eta hiritargo osoa bateratzeko proiektuak aurkezteko”.

Luis Egurrola Arakistainek 46 urte ditu eta ezkonduta dago. Enpresa zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, euskalduna da, ingelesez oso ondo moldatzen da eta frantsesa ulertzen du. Azken hogei urteotan finantza sektorean jardun izan du. Halaber, oso presente dago Markina-Xemeingo bizitza kulturalean. Herriko musika bandako kidea izan zen eta zesta-puntako jokalari amateurra izan zen 27 urte bete zituen arte; halaber, Abarka antzerki taldeko kidea da bere sorreratik eta Izarbide, buruko gaigabetasuna duten pertsonen aldeko elkarteko presidentea da. Orobat, Markina-Xemeingo EAJ-PNVren Uri Buru Batzarreko lehendakaria da.

Bihotzez maite du bere herria. “Leku guztiak bereziak, ederrak eta bakarrak” direla aitortu arren “bat aukeratu behar badut, Markinako zelaia hartuko nuke, guk ‘praue’ izenez ezagutzen dugun lekua. Udalerri erdian daukagun gunea da, belaunaldi guztietako herritarrak elkartzen dira bertan. Herri honen esentzia da, bertan jolas gaitezke, besteei entzun, lagunekin egon, edozein aktibitatetan parte hartu… Jaietan herritarren erdiak batzen gara bertan egiten dugun anaitasun bazkarian. Ez dago parekorik”, azpimarratu du.