Prentsa Aretoa

Berriak

2018/09/18

Mikel Magunazelaia Pinaga izango da EAJ-PNVk Foruan aurkeztuko duen alkategaia

“Lantalde sendoa eratu behar dugu gure herriari hurrengo urteotan planteatuko zaizkion erronkei erantzuna eman diezaiegun, gaurko alkate andreak orain arte egin duen ildo beretik jarraitzera begira”, aurreratu du zerrendaburuak

rss Ezagutzera eman
Mikel Magunazelaia Pinaga izango da EAJ-PNVk Foruan aurkeztuko duen alkategaia

ARGAZKIA JAITSI

Mikel Magunazelaia Pinaga izango da EAJ-PNVk maiatzeko udal hauteskundeetan Foruan aurkeztuko duen alkategaia. Busturialdeko herri honetako alderdikideak, iragan larunbatean egin zuten uri batzarrean erabaki zuten alderdikide gazte hau izango dela gaurko alkate andre Jane Eyre Urkietaren tokia hartuko duena Foruko Udaleko arduradun nagusi gisa. Oraingo agintaldian, Magunazelaia Herrilan gaietarako zinegotzi arduraduna da 18 urte bete berri zelarik alderdikideek udalerako hautagai izendatu zutenez geroztik.

Lantalde jeltzaleak agintaldi honetan garatu dituen jardueren artean, hautagaiak udalerriko luminariak berriztatu izana azpimarratu du, lehengo bonbilla zaharren ordez led bonbillak jarri direlarik. “Ia auzo guztietako luminariak berriztatu ditugu eta epe laburrean Atxondoa auzoko lanak hasiko ditugu”, adierazi du. Halaber “urteak daramatzagu Hiri Antolakuntzako Plan Nagusia lantzen, Forua herriarentzat oso agiri garrantzitsua dena, bertan islatzen delako gure udalerriak etorkizunera begira izan behar duen garapena. Ahal dugun adostasunik handiena lortu nahi dugu gai horretan”, aurreratu du. Halaber, “harrotasun berezia” sentiarazten dion gaia da “oroimen historikoa berreskuratzeko lanari emaniko bultzada, gure herriko hainbat familiarekin izan dugun zor historikoari erantzuna emanez”. Zentzu honetan “fusilatuak izan ziren forutarrak omentzeko eta gure errespetua adierazteko ekitaldia egin dugu eta monolito bat instalatu dugu,eta erbestean zendu zen Jose Ortuzar Foruko alkatea gogoratzeko ekitaldia egin dugu”, azaldu du.

Hautagaiak ezin hobeto uztartzen ditu gaztetasuna eta eskarmentua, eta orain arte egin duen lana da horren erakusle argia. “Ilusioz beteta nago, erronka berri honi gogotsu ekiteko borondate sendoarekin”, azaldu du eta “ekinean ekinez” egingo duela azpimarratu du. “Lantalde sendo bat eratu behar dugu Foruak hurrengo urteotan izango dituen erronkei erantzuna ematen jarraitzeko, oraingo alkate andreak egin duen bide beretik. Zentzu honetan, bere esker ona adierazi nahi izan dio Foruko alkate Jane Eyre Urkiaga andreari: “Lan ezin hobea egiten ari da, hurbiltasunez”, baloratu du, eta “nik ere bide beretik jarraituko dut”, hitzeman du.

Mikel Magunazelaia Pinagak 22 urte ditu, maisua da (Irakasle ikasketak egin zituen Begoñako Andra Mari Unibertsitate Eskolan) eta urteak daramatza oroimen historikoa lantzen, bere kabuz eta Gernikazarra elkarteko kide gisa. Bere lanetako batzuk ‘Aldaba’ aldizkariak argitaratu ditu. Zerrendaburuaren ezaugarrietako batzuk dira hurbiltasuna eta lan egiteko gaitasun handia, beti baitago entzuteko eta behar duenari erantzuna emateko prest. Jarrera honek betidanik eraman du lantaldean jarduteko jarrera erakustera eta beti bere udalerriaren onerako kontuak lehenestera. Mendigoizale sutsua da eta baita irakurle amorratua. Zehatz-mehatz ezagutzen ditu euskal abertzaletasunaren historia eta EAJ-PNV alderdiaren oinarriak eta ezagutza zabal horrek ikuskera paregabea eskaintzen dio iragana eta oraina uztartuaz geroari ekiteko orduan. Euskalduna da eta euskaraz bizi da. Gaztea izanik ere, Uri Buru Batzarreko idazkaria eta diruzaina izateko denbora izan du.