Prentsa Aretoa
Berriak
2018/10/03
Herrialde lehiakor bat izaten jarraitzeko “inbertitzearen eta gehitzearen” alde agertu da Iñigo Urkullu Lehendakaria
Fórum Europa-ko solasaldian parte hartu du Lehendakariak eta Euskadiko ekonomiaren egoeraz ez ezik Autogobernuaz ere jardun du bertan
Iñigo Urkullu Lehendakaria hizlari izan da gaur Fórum Europa: Tribuna Euskadik antolatutako solasaldian, eta inbertsio publikoa indartzen jarraitzeko premia adierazi du bertan. Hala, azpimarratu duenez, Hezkuntzan, Osasunean eta Babes sozialean egingo den gastu sozialak, lehenbiziko aldiz, 7.000 milioi euroak gaindituko ditu 2019ko Aurrekontuetan. ”Asmo handiko” proiektua, Lehendakariaren hitzetan, berrikuntzako proiektu estrategikoak bultzatzen jarraituko duena, eta demografiaren, migrazioaren eta berdintasunaren erronkei erantzungo diena. Elkarrizketa, adostasun eta erantzukizun sozialaren balioak aldarrikatu ditu Lehendakariak, eta zentzu horretan, Legebiltzarreko taldeei eskatu egin die "proposamen kontraktiboekin laguntzeko".
Lehendakariak ziurtatu du Eusko Jaurlaritzaren helburua dela konfiantza sorraraztea, hazkunderako joera irmotzeko, langabezia murrizten laguntzeko, enpleguaren kalitatea hobetzeko eta ekonomiaren etorkizuneko hazkundea bermatzeko behar diren aldaketei ekiteko.
Bestalde, Europako Batzordeko Lehendakari Jean-Claude Junckerri uda honetan bidali zion gutuna, migrazioari buruzkoa, aipatu du Lehendakariak, eta adierazi du erantzun bat jaso duela orain dela gutxi. Hala, azaldu du erantzun-gutunean hau diola: “onartu egiten du denon erantzukizuna dela, epe luzeko ikuspegi batez aurre egin behar dioguna”.
Horren haritik, Eusko Jaurlaritzako ekintzetan diren funtsezko eremuak nabarmendu ditu Lehendakariak: Politika ekonomikoa, Inbertsioa etorkizunari begira eta Konpromiso soziala. Hala, Lehendakariak azpimarratu duenez, eremu politikoan, instituzionalean eta ekonomikoan konfiantzazko giroa sortzea da helburua, “oinarriak irmotzeko, etorkizuna eraikitzeko eta elkarrekin batera aurrera egiteko”.
Inbertitzeko premia aipatu du Lehendakariak, eta azpimarratu du Berrikuntza, Internazionalizazioa eta Inbertsioa direla euskal ekonomiaren lehiakortasunaren giltzarriak. Bestalde, argitu duenez, 2019ko Aurrekontuen proiektuak inbertsio propioa % 7 gehitzeari emango dio lehentasuna. “Berrikuntzan egindako inbertsio publikoa mantenduko dugu, gure etorkizunaren giltzarria baita, eta horretarako % 5 gehituko dugu aurrekontua ikerketan eta garapenean, 450 milioi eurora arte”, zehaztu du.
Konpromiso Sozialari buruz, Lehendakariak adierazi duenez, “aurrera egiten jarraitu behar dugu, ahaztu gabe gure Erkidegoak, urtero, inbertsio handi bat mantentzen duela premia handiena duten pertsonen babesean eta arretan”. Horren haritik, gogora ekarri du Eusko Jaurlaritzak 400 milioi euro bideratzen dituela Diru-sarrerak Bermatzeko Errentan, 60.000 pertsonaren onurarako; eta beste 27 milioi Udalek larrialdi sozialeko Laguntzak eskaini ditzaten, orain 55.000 pertsonarengana iristen direnak. Eremu horretan, Migraziorako euskal Itun soziala eta zazpigarren berdintasun Plana ere aipatu ditu Lehendakariak.
Bilboko Hotel Ercillan izan den ekitaldian oraingo beste gai batzuei ere heldu die Lehendakariak, eta Autogobernua izan da horietako bat. Hala, Lehendakariak proposatu du bere osotasunean betetzea lehenaldian lortutako Ituna, eta etorkizuneko Itun berri bat jorratzea, euskal Autogobernua eguneratzea eta sakontzea berekin ekarriko dituena.
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
EBB
2024/11/24
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25