Prentsa Aretoa
Berriak
2018/10/29
Kontuak adosteko borondatea adierazi dio EAJ-PNVk EH Bilduri, baina bere proposamena bideratzea eskatu dio “aurrekontuetan sartu ahal izateko”
Andoni Ortuzar, Joseba Aurrekoetxea eta Josune Gorospe gaur goizean batzartu dira Sabin Etxean Analdo Otegik, Maddalen Iriartek eta Nerea Kortajarenak osatu duten EH Bilduren ordezkaritzarekin
OHARRA: Batzarraren irudiak buletin honetatik jaitsi ahal dituzu bereizmen handian.
2019rako Euskadiko Aurrekontuak Legebiltzarreko alderdiekin, EH Bildu barne, adosteko erabakirik irmoena eta borondaterik gorena adierazi du EAJ-PNVk. Baldintza bakarra da akordio hori Euskadiko hiritargo osoarentzat ona izatea eta aurrekontuetan jaso ahal izatea. Ez dago beste marra gorririk, ez dago aldez aurretik ezarritako betorik. Hala jakinarazi diote Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, Joseba Aurrekoetxea Antolakuntza Arloko burukide arduradunak eta Josune Gorospe legebiltzarkideak gaur goizean Sabin Etxean hartu duten EH Bilduren ordezkaritzari. EH Bilduren aldetik batzarrean izan dira Arnaldo Otegi, Maddalen Iriarte eta Nerea Kortajarena. Ordu bete eta erdiko iraupena izan duen topaketan, ordezkari jeltzaleek solaskideei ohartarazi die EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari planteatuko dion proposamenak ez daukala lekurik Euskadiko aurrekontuetan, ez alderdi ekonomikoan ezta eskuduntzen alorrean ere. Ondorioz, beren proposamena “bideratzea” eskatu diete, hurrengo egunotan irekiko den negoziaketa prozesuan aurrera egin ahal izateko.
“Aurrekontua egotea nahi dugu. Euskadirentzat ona delakoan gaude. Ez daukagu arazorik eta ez dugu eragozpenik jarriko akordioa talde politiko guztiekin adosteko, EH Bildurekin ere”, baieztatu du Gorospek batzarra bukatutakoan. “Gure aburuz, beti da onuragarria akordio bidetik aurrera egitea. Beraz, ikuspuntu politikotik, Eusko Jaurlaritzak eskuak aske ditu eta erabateko autonoma dauka alderdi politiko ezberdinekin negoziaketa prozesua abiarazteko eta akordioa lortzeko urratsak emateko”, gaineratu du legebiltzarkide jeltzaleak. Orain bai, Gorospek era berean baieztatu du EH Bilduren proposamenak aurrekontuen mugak gainditzen dituela, horregatik gaurko planteamenduak ez dauka ia bideragarritasunik. “Negoziaketan egingo diren proposamenek bideragarri izan behar dute eta aurrekontuen esparruaren eta eskuduntza esparruaren barruan egon beharko dute. Eta, zentzu honetan, argi dago EH Bilduk aurkezten duen proposamenak ezarritako bi esparru horiek bi zentzutan gainditzen dituela: aurrekontuei dagokienez Eusko Jaurlaritzaren gaitasun ekonomikoa gainditzen du eta eskuduntza esparruan zailtasunen bat izan dezake pentsioen arloari eragiten diolako”, baieztatu du. EH Bilduren proposamenak aurreikusten du gastuen partida 420 milioikoa izatea eta Eusko Jaurlaritzak 371 milioi baino ezin ditu gastatu Europako Batasunak bere Estatu kideetako administrazioei ezartzen dizkien mugengatik. Gastu muga hau altuagoa izan zitekeen Diputatuen Kongresuak Pedro Sánchezen Gobernuak proposatu zuen gastu muga onartu izan bazuen. EAJ-PNVk gastu muga berri haren alde bozkatu zuen Eusko Jaurlaritzari ahalbidetuko ziolako 2019ko Aurrekontuetan gastu partida handiagoa aurreikustea. EH Bilduk, ordea, ezezkoa bozkatu zuen, Partido Popularrek, Ciudadanosek eta UPNk bezala. Eskuduntzen esparruari dagokionez, EH Bilduren proposamenak jasotzen du kolektibo zehatz baten pentsioak orokorrean igotzea, eta ezaguna da pentsioena Estatuko gobernuaren eskuduntza esklusiboa dela. Euskadiko aurrekontuen bidez pentsioak arautzeak insegurtasun juridiko larria ekar lezake.
Horregatik guztiagatik, Ortuzarrek, Aurrekoetxeak eta Gorospek EH Bilduren ordezkaritzari eskatu diote “beren proposamena bbideratzea eta aurrekontuen markora moldatzea”, Eusko Jaurlaritzarekiko negoziaketari are berme handiagoekin ekin ahal izateko. “Hilabetea daukagu Eusko Jaurlaritzak talde politiko guztiekin negoziaketak has ditzan eta akordioetan urratsak eman ditzan. Gobernuak gure babes osoa dauka negoziaketaren esparruan aurrera egin ahal izateko. EAJren aldetik ahal dugun guztia egingo dugu Euskadik Aurrekonturik onena izan dezan”, amaitu du Gorospek.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25