Prentsa Aretoa

Berriak

2018/11/24

EBBren adierazpena Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunean

Bihar da azaroaren 25a, Nazio Batuen Erakundeak ‘Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna‘ izendatu zuena

rss Ezagutzera eman
EBBren adierazpena Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunean

ARGAZKIA JAITSI

Gaur ere, EAJ-PNVren izenean, emakumeen kontra egiten den indarkeria oro erabat eta gure indar guztiekin gaitzesten dugula adierazi nahi dugu. Era, esparru eta dimentsio guztietan emakumeen kontra egiten den indarkeriaren kontra gaude. Zentzu horretan, aurten ere, beti egin izan dugun moduan, aldarrikatu nahi dugu emakume bakar batek ere ez duela tratu txarrik jasotzea merezi, eta ez dagoela emakumearen kontrako indarkeria baliatzen duen gizona justifikatuko duenik. EAJ-PNVk gaur berresten du indarkeria matxistarik gabeko gizartea lortzeko eta gozatzeko hitzeman duen konpromisoa, emakume guztien garapen osoa bermatuko duen gizartea eraiki dezagun, gizakien arteko harreman guztiak gidatu behar duen berdintasun printzipioaren arabera.

Emakumeen kontrako indarkeria, hondamendi morala izateaz gain, gizarte honen sustraietan datzan arazoa ere bada, gure gizartearen esparru guztietan, gero eta argiago, arbuio ageri eta erabatekoa jasotzen duen arren. Azpimarratu behar dago gizarte zibila eta erakundeak eskuz esku hiritargoa sentiberatzeko egiten ari diren lana, emakumeenganako indarkeriaren alderdi guztiak ezagutarazteko eta indarkeria hori desagerrarazteko neurriak hartu beharraren garrantzia azpimarratzeko.

Emakume gazteak eta gizon gazteak animatu nahi ditugu azken urteotan gizartean eman diren aldaketa prozesuetatik etorri diren erronka eta aukera berriei aurre egitera. Aldaketa horiek guztiek egoera sozial berria sortzea eragin dute, era transbertsalean aztertu eta erantzun behar diren beharrizan eta eskari berriekin. Egoera honetan, guztiz beharrezko dugu estereotipo matxisten kontra borrokatzea eta gizakion arteko harremanak berdintasun irizpideen arabera eman daitezen, emakume guztien ahalduntzea lortzera begira.

Jabetuta gaude indarkeria dela emakumea makurrarazteko baliatzen den mekanismo nagusia, gizonaren menpe egon dadin. Hori gogoan, gure konpromiso irmoa da berdintasun planak eta neurri eraginkorrak abian jartzen jarraitu behar dugula gizartearen orban latz hau behin betiko desagerrarazteko, eta argi daukagu lan hori emakume eta feministen elkarte eta taldeekin elkarlanean egin behar dugula eta ataza garrantzitsu honetan gizarte zibilak eta hiritargo osoak parte hartu behar duela.

Azkenik, Euskadiko emakume eta gizon guztiak animatu nahi ditugu parte hartze aktiboa izan dezatela ‘Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna’ den azaroaren 25aren kariaz deitu eta egingo diren ekitaldietan.