Prentsa Aretoa

Berriak

2018/11/28

Josu Erkoreka: “Urtea amaitu aurretik transferentzien egutegia prest edukitzea aurrekaririk gabeko arrakasta izango da”

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak argi utzi du Euskadik ez diola uko egingo Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoaren transferentziari: "Zor hori daukate Euskadirekin eta transferentzia hori egin beharko dute, bai ala bai"

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramailea eta Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburua, gaur goizean, Radio Euskadiren estudioetan izan da; bertan, gaur egungo euskal politikarekin zerikusia duten zenbait gai aztertu ditu, besteak beste, egiteko dauden transferentziak eta Gernikako Estatutuak betetzea edo Euskadirako 2019rako Aurrekontuak.

Egiteko dauden transferentzien eta Gernikako Estatutuak betetzeko geratzen denaren inguruan galdetzean, Erkorekak azaldu du urtea amaitu aurretik transferentzien egutegia jasoko duen dokumentua prest egongo dela. Erkorekaren hitzen arabera, konpromiso hori, gaur-gaurkoz, aurrekaririk gabeko arrakasta da. “Espainiako Gobernu batek ere ez du orain arte konpromiso formalik hartu Gernikako Estatutua osorik betetzeko geratzen diren transferentziak eraginkorrak izan daitezen egutegia prestatzeko; gero ikusiko dugu zer ematen duen”, esan du.

Era berean, Erkoreka sailburuak nabarmendu du egiturazko-lana egin nahi dela, ez egoeraren araberakoa, “hauteskundeak aurreratu ala ez, Espainiako Gobernuaren konpromisoa idatziz geratuko da, eta epeekin”, esan du.

Gobernantza Publikoko eta Autogobernuko sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza ez datorrela bat Espainiako Gobernuak adierazitako lehentasunekin, baina egutegian jasotzeko konpromisoa positiboa dela. “Eusko Jaurlaritzak ez dio muzin egingo transferentzia bati, lehentasun-hurrenkerarekin bat ez datorrelako”, esan du. Hori horrela, Erkorekak baieztatu du, Espainiako Gobernutik hala ziurtatzen badute ere, ez dagoela espetxeen transferentziaren atzerapena justifikatzen duen inolako konplexutasunik. “Espetxeen transferentziak ez du inolako konplexutasun teknikorik, ez juridikorik, ez finantza-arlokorik, ez ekonomikorik; eskumen argia da, eta aurretik Katalunian egin da", esan du.

Gizarte Segurantzaren transferentzia dela eta, Erkoreka sailburuak gogorarazi du “Gizarte Segurantzaren Araubide Ekonomikoa”ren eskualdatzea Gernikako Estatutuan jaso dela eta, beraz, ez zaiola uko egingo. “Bai, badakigu transferentzia zaila dela, konplexua eta aurrekaririk ez duela, baina Euskadirekin zor hori dago eta hala jaso behar da”, esan du. Baina ziurtatu du, Eusko Jaurlaritza Gizarte Segurantzaren transferentzia lortzera mugatuko balitz, gainerakoak blokeatu egingo liratekeela.

AURREKONTUAK

Gaurkotasuneko gaiak aztertzen jarraitu du eta bozeramaileari Euskadirako 2019ko Aurrekontuei buruz galdetu diote. Sailburuak esan du jarraitzen dutela EH Bildurekin elkarrizketan; izan ere, Eusko Jaurlaritzaren helburua da 2019ko kontuak aurrera ateratzea. “10etik 8 puntu ematen dizkiot aurrekontu-akordioa lortzeko aukerari”, esan du Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak.

Iturria: Irekia