Prentsa Aretoa
Berriak
2018/12/11
Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak onartzeko egin duen lana txalotu eta EH Bilduri “non kokatuko den erabakitzeko” ausardia erakustea eskatu dio EAJ
Kontuak negoziatzeari uko egiteko orduan Partido Popularrak erakutsi duen “mendeku gosea” eta Elkarrekin Podemosen “umekeria” salatu ditu legebiltzarkide jeltzaleak
2019rako aurrekontu egitasmoak gaur gainditu du legebiltzarreko lehen izapidea, ELkarrekin Podemos eta PP taldeak aurkeztu dituzten osoko zuzenketei Osoko Bilkurak ezetza eman dienean. Aurrekontuei aurkeztu zaizkien osoko zuzenketak eztabaidatzeko bilkuran, EAJ-PNVko legebiltzarkide andreak Eusko Jaurlaritzak negoziatzeko erakutsi dituen borondatea eta kemena txalotu ditu, Pedro Azpiazu sailburuarena bereziki, negoziaketan aurrera egiteko borondatea erakutsi duen talde bakarrarekin,EH Bildurekin, kontu publikoak aurrera atera ahal izateko. “Ahalegina egiten duten guztien esfortzua txalotu behar da, negoziaketa horren emaitzak onak zein txarrak izan. Ordu batzuk geratzen zaizkigu akordio batetara iritsi ahal izateko, eta benetan uste dugu euskal gizarteak merezi duela kontu hauek onartuak izatea”. Hitz horiek esanda, Gorospek koalizio abertzaleari eskatu dio non kokatuko den erabakitzea eta euskal politikagintzan zer nolako eginkizuna beteko duen aukeratzea. “Iaz esan genuen EH Bildu oposizioan betikotzeko arriskuan eror zitekeela; espero duguna da aurten ere arrisku horretan ez erortzea, baina behingoz erabaki behar dute politikagintzaren taulan non kokatu nahi duten”. Egoera berria ireki da, aitortu du, itxaropenerako leihoa, eta supituki ez ixtea espero dugu,baina beren eskuetan dago hainbaten aurreikuspenak zapuztea ala ez.
EAJ-PNVk era berean deitoratu du Elkarrekin Podemos eta PP alderdien “tactizismo” deitu duenak Eusko Jaurlaritzari Aurrekontu Egitasmoa erretiratzea eskatu izana. Talde biek hasiera hasieratik arbuiatu zuten kontu publikoak negoziatzera sartzea, prozesutik at geratu ziren eta ateak itxi zizkioten elkarrizketari eta elkar ulertzeari. Josune Gorospe ordezkari jeltzaleak gaur salatu ditu, Eusko Jaurlaritzarekin aurrekontuak negoziatzeari uko egitean eta aurrekontuekin zerikusirik ez duten arrazoiengatik, popularrek erakutsi duten mendeku gosea eta Elkarrekin taldearen umekeriak. “Alferrik galdu da politika batzuk indartzeko eta arlo sozialean konpromiso handia erakusten duen aurrekontu errealista eta arduratsua hobetzeko aukera. Beste arrazoi batzuei men eginez jardun dute eta ez dute gogoan izan aurkeztu diren kontu hauek euskal gizartearentzat ekar dezaketen onura”.
PP-REN OSOKO ZUZENKETA
PPren kasuan, gaineratu du Gorospek, oso deigarria da ekitaldi honetan eta aurrekoan aurrekontuei buruzko akordioa egon den arren, eta hurrengoetarako oinarria direlarik, berba egiteko aukerarik eman gabe, beste barik kanpoan geratu izana. “2017ko eta 2018ko kontuak onak izan baziren enplegu,osasun,familia edo suspertze ekonomikorako politikak indartzeko, zer aldatu da orain hitz egitera eser ez daitezen?”. Erantzuna, legebiltzarkide jeltzalearen aburuz, argia da: “Kontuak arbuiatzeko benetako arrazoia da Mariano Rajoyren kontrako zentsura mozioari eman genion babesa. PPren erantzuna mendeku gosetik datorkie, Madrilen gertatutakoa ezin dutelako ahaztu. Orbanak osatu ezinik dabiltza, gorrotoak bultzatuta, eta ez sen onean oinarrituta”
EAJ-PNVk eta EH Bilduk estatus politikoaren inguruan adostu duten akordioa ere izan da PPk aurrekontua ez babesteko erakutsi duen beste argudio bat. Ez dugu betorik ez bazterketarik onartuko,baieztatu du Gorospek, hemen ordezkatuta gauden talde guztiak sistemaren barruan daudelako. “Denak daude legitimatuta. Bere garaian ez genuen onartu EH Bildu PP gaitasungabetzen saiatzea, eta orain ere ez dugu onartuko PPk esker abertzalearekin gauza bera egiten ahalegintzea. Zubiak ez dira eraikitzen marra gorriak jarriaz, eta zuek ere ez dituzte jartzen egun batean eta hurrengoan EH Bildurekin gai sektorialak negoziatzen dituzuenean”.
PODEMOSEN OSOKO ZUZENKETA
“Aurkeztu duten zuzenketa ilusionismo ariketa hutsa da eta behar den oreka eta arrazionaltasun orotatik kanpo dago. Umekeria politikoetara jolasten dira, ilusioa eta fantasia errealitatearekin eta egingarri denarekin nahasten dute”. Gorospek auzitan jarri du Elkarrekin Podemosek erakutsi duen errespetu, errealismo eta erantzukizun falta, eta gogoratu dio Euskadik gastu sozialean inbertitzen duen kopurua beraiek kudeatzen dituzten beste erkidegoetako aurrekontuak baino handiagoa dela. “Zuen kideek gobernatzen dituzten erkidegoetan baino askoz aurrekontu handiagoa bideratzen dugu eta Pedro Sánchezekin aurrekontu orokorretarako negoziatu zenituzten proposamenetan baino gehiago ere. Zergatik ez zarete han, hemen bezain zorrotzak? Zergatik ez dituzue errealismo estandar berberak aplikatzen? Zuek ez duzue benetako politika egiten, txio politika egiten duzue. Esaldi bat hartu, testuingurutik atera,manipulatu eta 140 karakteretan jaurtikitzen duzue. “Utz iezaiozue politika mediatiko hori egiteari, aurpegiratu die, eta egin ezazue benetako politika”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25