Prentsa Aretoa

Berriak

2018/12/19

Bizkai Buru Batzarra doluminez dago Félix Aranbarri “goitik beherako demokrata eta abertzalearen” heriotzarekin

BBBk bere doluminak, maitasuna eta babes osoa adierazi nahi dizkio Ondarroan demokrazia garaiko lehen alkatea eta urte batzuk geroago herri bereko Batzorde Kudeatzaileko presidentea izan zenaren familiari

rss Ezagutzera eman
Bizkai Buru Batzarra doluminez dago Félix Aranbarri “goitik beherako demokrata eta abertzalearen” heriotzarekin

ARGAZKIA JAITSI

Bizkai Buru Batzarra doluminez dago gaur Felix Aranbarriren heriotzagatik. Aranbarri goitik beherako demokrata zen, bihotz-bihotzez abertzalea, eta une mingarri hauetan familiari adierazi nahi dizkio doluminik sentikorrenak eta bere babes eta maitasun osoa. Aranbarri erretiratuta zegoen bizitza politikotik kanpo, bere bizitza osoan herriaren zerbitzura eman ondoren. Gaur zendu da iragan asteartean Ondarroa jaioterrian istripu bat izan ondoren. Goian bego.

Aranbarri Ondarroan sortu zen eta bere jaioterrian izan zen demokrazia garaiko lehen alkatea, 1979 eta 1988 urte bitartean. Urte batzuk geroago, 2007an, Euzko Alderdi Jeltzaleko zuzendaritzaren eskariari erantzunez, kostako herri hau 2007 eta 2011 urte bitartean gobernatu zuen Batzorde Kudeatzaileko burua izan zen. Aranbarrik momentu benetan latzak bizi zituen garai hartan, Ezker Abertzalearen aldetik berari zuzenean eta familiari eginiko mehatxuak pairatzea eta jasatea tokatu zitzaiolako. Baina, guztiz onartezina eta jasanezina izan arren, Aranbarrik ez zion bere erantzukizunari uko egin eta ez zion Ondarroa bere herriaren alde lan egiteari utzi. Azken mugaraino eraman zuen berak “herrigintzan” hitzaren esanahia.

EAJ-PNVren Bizkaiko Exekutibak bat egin nahi du hainbat alderdikidek gaur bertan bere senide eta lagunei dolumina adierazteko helarazi dizkieten mezuekin. Itxaso Atutxak, Bizkai Buru Batzarreko buruak, bere zintzotasuna eta Ondarroarekin eta Euskadi osoarekin hartu zuen konpromisoa nabarmendu ditu. “Ez dago hitz nahikorik erantzukizun osoz eta apaltasun osoz horrenbeste urtetan egin zuen lana eskertzeko”.

Andoni Ortuzarrek, EBBko presidenteak, Aranbarriren omenez zabaldu diren mezuekin bat egin nahi du: “Goiz joan zaigu,goizegi,abertzale heroiko hau. Heroiko deitzen dugu kalifikatibo hori ematen diogulako egoerarik latzenean ere eutsi egiten diotenei, hau da, zure herrian bertan eraso egiten dizutenean normaltasuna, armonia eta hurkoarekiko errespetua ezartzen saiatzen zarelako. Felix izan da goitik beherako abertzalea, bere herria kanpoko mehatxuen aurrean defendatzeko prest zegoena, baina baita 'salvapatrias' deitzen ditugunen erasoen aurrean, nazio eraikuntza baino, euskal aberria suntsitzekotan zeudela ematen zuelako. Ondarroako herria eta jelkide guztiok zorretan egongo gara beti Felix Aranbarrirekin”.

Aitor Esteban Madrilgo Euzko Abertzaleak taldeko bozeramaile eta Bizkaiko diputatuak ere hitz batzuk esan nahi izan ditu Aranbarri omentzeko: “Jelkide eta pertsona bikaina, aberriaren eta Ondarroa herriaren zerbitzura egon zen eta Ezker Abertzalearen eta kale borrokaren gorrotoa pairatu zuen. Sarritan mehatxatua izan zen eta autoa birritan erre zioten. Gogoan izango dogu”.