Prentsa Aretoa

Berriak

2019/02/13

Begoña Abio Zapirainek Bakioren nortasuna eta inguru naturalaren balioa “balioetsi eta babestu” nahi ditu

Gaur egungo zinegotzi jeltzalea izango da Bakioko EAJ-PNVk 2019ko maiatzeko udal hauteskundeetan aurkeztuko duen zerrendaburua, eta kostako udalerri honetako alkatetza talde jeltzalearentzat berreskuratzeko ahaleginari ekingo dio

rss Ezagutzera eman
Begoña Abio Zapirainek Bakioren nortasuna eta inguru naturalaren balioa “balioetsi eta babestu” nahi ditu

ARGAZKIA JAITSI

Begoña Abio Zapirain Bakioko Udalean hainbat hilabete daramatza EAJ-PNVko zinegotzi gisa, eta talde jeltzaleak bera aukeratu du maiatzeko hurrengo hauteskundeetan kostako herri honetako alkatetza berreskuratzeko hautagaia izan dadin. Abiok eta bere lantaldeak hurrengo hilabeteotan aurkeztuko duten programarekin bilatuko dute Bakioren nortasuna eta inguru naturala “balioestea eta babestea” eta “tokian tokiko eta eskualdeko prozesuetan eragitea herriko sare ekonomikoa eta zerbitzuak aktibatzeko eta, batez ere, Bakion bizi garen pertsona guztien bizitza kalitatea hobetzeko”, aurreratu du.

Abiok argi dauka Bakioren “abiapuntu ona” EAJ-PNVk 30 urtetan egin zuen lanaren fruitua dela udalerriarentzat “hainbat zerbitzu eta puntako ekipamendu” ekarri zirelako. Zerrendaburuak bakiotarren konfiantza berreskuratu nahi du. “EAJ-PNVk gure herrian zuzendu dituen gobernuen kudeaketa onari esker erdietsi diren lorpen guztiak azpimarratu nahi izateaz gain, uste dut nire derrigorra dela iraganean eginiko hutsegiteak aitortzea eta barkamenak eskatzea,apaltasunez eta gure jendearen zuzentasuna berreskuratzeko”, azaldu du. “Argi dago alderdi politiko guztiok Udal gardena izateko lana egin behar dugula eta inoiz ez daitezela egin ekintza salagarriak edo delituak”, azpimarratu du.

Abiok baikortasunez begiratzen dio etorkizunari, eta “kohesioa, elkarbizitza, segurtasuna, enplegua eta Osasuna” dira bere ustez gairik garrantzitsuenak, beste kontu praktikoago batzuk ahaztu gabe,hau da, “argiteria, irisgarritasuna, bideak eta autobus gehiago asteburuetan eta azken orduan”. Hori dena egin nahi du “aurrekontuen kudeaketa zorrotzarekin,herritarren parte hartzearekin eta erabateko gardentasunarekin”, eta bereziki Aitor Apraizek, 2011 eta 2015 urte bitartean EAJ-PNVko alkate izan zenak, 2012an hasi zuen plan ekonomikoan oinarrituta, “horrek ekarri baititu gaur egungo emaitza onak”.

Abiok turismoaren kudeaketa eta ingurune naturala babestu beharra aipatu ditu “etorkizunera begira” kontuan hartu beharreko erronka gisa. “Beharrezko dugu Bakio baliabide turistikoen kudeaketaren pertsonaia aktibo bihurtzea, eraginkor eta iraunkor izanez eta erabakitzeko gaitasunarekin”, azpimarratu du. “9 hilabetetan 2.600 biztanle ditugu eta udako hiru hilabetetan 12.000 herritar eta bisitari hartzen ditugu; egoera hori eraginkortasunez kudeatu behar da denboraldi biak orekatuta egon daitezen”, azpimarratu du.

Begoña Abio Zapirain Ekonomia zientzietan lizentziatu zen eta Ogasun eta Sektore Publikoan espezializatu zen. Bakion jaio zen duela 57 urte eta bertan bizi da bere senarrarekin eta hiru semeekin. Kontularitza eta higiezinen aholkularitza propioan lan egiten du 1991tik, eta berarekin lan egiten dute beste lau langilek.

Abio mendizalea da eta maite ditu dantzak eta musika, eta gazte-gaztetatik izan da Bakioko bizitza sozial eta kulturaleko eragile aktiboa. Itxas Aldeko dantza taldean parte hartu zuen, Bakioko Abesbatzan (abeslari eta zuzendari gisa), Alaitasuna pilota taldean, Urkitza ikastetxeko Gurasoen Elkartean, Marta Txori emakumeen elkartean, Bizilore ingurumen elkartean…

Politikan ere oso parte hartze aktiboa izan du 1981tik. “Diktadurari aurrea hartzen ari ginela ikusteak ematen zuen pozarekin eta ETA, Batallón Vasco-Español eta GRAPO taldeen etengabeko indarkeriari aurre egin behar geniola”. Horrek denak eraman zuen “bakearen bidez aurrera egiteko eta gure kultura defendatzeko ahalegina egiten ahalegintzen ari zen alderdian” parte hartzera, Euzko Alderdi Jeltzalean,alegia. Orain erabaki du konpromiso politiko hori apur bat aurrerago eramatea, Bakioko alkategai bihurtzeko proposamena onartuta.