Prentsa Aretoa

Berriak

2019/05/16

Unai Rementeriak balioan jarri du itsasadar azpiko tunelak eta Supersur errepidearen bigarren faseak arintzen lagunduko dutela Avanzadan, Errontegi zubian eta A-8 autobidean Max Centerren parean metatzen den trafikoa

Azpiegitura biak martxan jartzean osatuko dute “Bizkaiko saihesbide handia” eta lagunduko dute itsasadarraren alderdi biak hurbiltzen eta beraien artean ematen diren desplazamenduak arinago egiten

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Unai Rementeriak, ahaldun nagusi eta EAJ-PNVk berrautaketara aurkezten duen hautagaiak, balioan jarri du gaur itsasadarraren azpiko tunelak eta Supersur errepidearen bigarren faseak lagunduko dutela trafikoa arintzen eta irtenbidea ematen hiru errepide nagusienetako punturik gatazkatsuenetan ematen diren trafiko metaketei: Avanzada, Errontegi zubia eta A-8 autobidea Max Centerren parean. “Bizkaiko errepideetatik ibiltzen diren hiru ibilgailutatik bi inguru honetan dabiltza. Hiru korapilo dira egunero gidari asko lotzen dituztenak eta askatu beharra dago. Irtenbidea eman behar diegu egoera horiei. Garrantzitsua da milaka pertsonarentzat eta Getxo,Leioa edo Erandio moduko herrientzat. Beraz, garrantzitsua ere bada EAJ-PNVrentzat eta Bizkaiko Aldundiarentzat. Itsasadarraren azpiko tunelak eta Supersur errepidearen bigarren faseak korapilo horiek askatzea nahi dugu”, esan du Rementeriak, eta gaineratu du bere asmoa dela azpiegitura horiek “Bizkaiko saihesbide handia osatzea”, Bizkaiko metropoli arloa Kantauri isurialdearekin eta mesetarekin lotuz.

Hautagai jeltzaleak azaldu du teknikariek eginiko aurreikuspen horiek aurreratzen dutela itsasadarraren azpiko tuneletik igaroko direla egunero 53.000 ibilgailu, eta Errontegitik 41.000 ibilgailu aterako dituela, beste 38.000 Avanzadatik eta 17.500 A-8tik. Beraz, esan daiteke hauxe izango dela Bizkaian XXI. mendean egingo den lanik handiena, esandako arrazoiagatik eta bere kosteagatik (tunelak eta Supersur errepideak 600 milioi euroko kostea izango dute). Zentzu honetan adierazi du azpiegitura horiek aurrera eramateko egingo den inbertsio publikoak ondorio positiboak izango dituela “herrialde hobe eta konektatuagoa” lortzen lagunduko duelako eta “milaka pertsonen bizitza kalitatea hobetuko duelako eta jarduera ekonomikoa eta enplegua sortuko dituelako”.

Itsasadarraren azpian egingo den tunelari dagokionez, Rementeriak esan du epeak betetzen ari direla. “Itsaso azpiko katak eta lur katak eginda ditugu, lurreko katak egiten hasi gara eta txosten informatiboa hiru hilabete barru izatea espero dugu. Ondoren egingo genuke eraikuntza proiektua lanaren eta trazatuaren xehetasun guztiekin. Eta proiektua eskuan eta behar besteko baimenekin, hemen hasiko ginateke, Artatzan, eta Ballontiren ardatzean, Sestaon”, azaldu du.

Azpiegitura horiek operatibo egoteko beteko diren epeak aurreratu ondoren-Supersur errepidea osorik egongo da 2023an eta itsasadarraren azpiko tunela 2027an-Rementeriak azpimarratu du proiektu horiek Bizkaia batuagoa sortzen lagunduko dutela, bereziki bigarrenaren kasuan: “Tunelak itsasadarraren alderdi biak hurbilduko ditu, Bizkaiko biztanle kopuru handiena duten guneak. Bost milioi pertsona inguru dira urtean alderdi bien arteko bideak zeharkatzen dituztenak eta urte batzuk barru erosoago egingo dute”, amaitu du.