Prentsa Aretoa

Berriak

2020/03/29

Urkullu Lehendakaria "oinarrizkoak ez diren" jarduera guztien etete dekretuaren aurrean

rss Ezagutzera eman
Urkullu Lehendakaria

ARGAZKIA JAITSI

Espainiako Gobernuko Presidentearen, Autonomia Erkidegoetako Presidenteen eta Lehendakariaren arteko bilera gaur 10:00etarako deituta zegoen. Baina, atzo iluntzean jakinarazi ziguten Moncloako Kabinetetik 12:00ak arte atzeratuko zela.

Asteburu honetakoarekin, aipatutako eta deitutako bilera hau, aurreko egunean hedabideen aurrean egindako agerraldi publiko baten ostean iristen da. Era berean, bigarren aldia da Espainiako Gobernuko Presidentearen, Erkidegoko Presidenteen eta Lehendakariaren arteko bilera baino lehen, egingo den Ministroen Kontseiluak onartu beharreko Dekretuaren zirriborroak zenbait komunikabideen bidez ezagutzen direla.Atzoko egunean iragarritako neurriak Erkidegoetako zenbait Presidenterentzat (PSOE eta PP) ezezagunak ziren Espainiako Gobernuak hedabideen aurrean agerraldia egin baino lehen; izan ere, hainbatek, prentsaurrekoaren bidez iragarpenaren berri izan zutenean deitu zidaten. Horrekin batera, aurreko egunera arte Espainiako Gobernuko Presidenteak eta hainbat Ministrok eragile politiko, ekonomiko eta sozialei adierazitakoaren kontrakoa da; eragile hauetako batzuk atzo bertan deitu eta hala jakinarazi zidaten bezala.

Hala izanik, atzo iluntzean, telefonoz zein posta elektronikoz mezu hau bidali nion Espainiako Gobernuko Presidenteari, eta egiaztatu nuen, gutxienez, Gobernuko Presidentearen Idazkaritzak jaso zuela:

"Presidente hori!

Ekarpen bat helarazteko idazten dizut, bihar Ministroen Kontseiluan Dekretua behin betiko idatzi eta onartu baino lehen kontuan hartu ahal izateko:

Kontuan izanik Autonomia Erkidego bakoitzean ekoizpen-ekonomiaren berezitasuna eta horrek BPGan duen eragina, bai eta hartutako neurriei gehitutako ondorioak ere, Alarmari buruzko Estatu Dekretua kendu ondoren izango direnak;

Kontuan izanik osasun-materiala ekoizten laguntzen ari diren enpresei ere eragingo dion neurri orokor bat interpretatzea zaila izango dela; ekoizpen hauek administrazio publikoek bultzatuta ari dira egiten ere;

Kontuan izanik argiak ez diren neurri batzuek oinarrizko sektoreen balio-katean izan dezaketen eragina, hala nola elikadurarenean;

Kontuan izanik orain arte hartutako neurriek mugikortasun-murrizketan izan duten eragina;

Kontuan izanik beste herrialde batzuetan jarduera irekita mantentzen dela eta horrek hemengo enpresen lehiakortasunari eragingo diela;

Kontuan izanik larunbat arratsalde batean iragarritako eta asteburu baten ondoren abian jarriko den Dekretuaren zailtasun operatiboa;

Osasun Publikoan oinarritutako irizpideak kontuan izanik, osasun-agintarien jarraibideen arabera, horietan ere Autonomia Erkidego guztiak oinarritzen garela;

Autonomia Erkidego bakoitzak, Lurraldearen berezitasunak kontutan izanik, Elkarrizketa Sozialaren esparruan zehaztu eta erabaki ahal izatea jarduera kritikorako lagungarriak eta beharrezkoak diren jarduerak eta enpresak, Espainiako Gobernuak aldez aurretik horren berri izan ondoren".