Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2020/07/31

Ortuzar EAJ-PNVren 125. urteurrenean: “Euskadi ez da beste autonomia erkidego bat: nazio bat gara”

Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak jeltzaleen abertzaletasuna aldarrikatu du EAJren sorreraren urtemuga ospatzeko egin den ekitaldi apal baina hunkigarrian: “Sentimendu abertzalea EAJren baitan sortu zen; berarengan bizi da eta biziko da”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

“Ez gara inor baino gehiago edo gutxiago, baina ezberdinak gara. Nazio bat gara, Konstituziotik hasita, Gernikako Estatutuan eta Ekonomia Itunaren Legean, gure autogobernurako erregimen berezia jasota dago. Ez gara beste autonomia erkidego bat.Euskadi beste zerbait da. Hori nik esaten dut eta beren Konstituzio bedeinkatu horrek ere esaten du. Beraz, ordenamendu juridikoa hasiera-hasieratik bete dezagun”. Andoni Ortuzarrek, Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak, hitz horiekin lotu ditu iragana, 1895eko uztailaren 31n EAJ-PNV sortu zela, eta oraina. Sabino Aranak duela 125 urte Euzko Alderdi Jeltzalea sortu zuela gogoratzeko egin den ekitaldi apal baina hunkigarrian, Ortuzarrek Sabino Arana fundatzailearen konpromisoa berretsi du (“Euskadi askatzeko sortu ginen eta hemen jarraituko dugu lortu arte”), eta zuzentzen duen alderdiaren abertzaletasuna aldarrikatu du (“sentimendu abertzalea EAJren baitan sortu zen, EAJrekin bizi eta garatu da eta EAJri esker biziraungo du”); eta Espainiako gobernuari eskatu dio indarrean dagoen legeriak Euskadiko eta Espainiako erakundeen artean aurreikusten duen harreman berezi eta bereizia errespetatzea, baldin eta EAJ-PNVren erantzukizuna eta zentzutasuna bere alde izaten jarraitu nahi badu. (“Euskadiko autogobernua errespetatzea eta alde biko harremana Euskadiko erakundeekin. Espero duguna da Gobernuak mezua ondo ulertu izana eta albait arinen normaltasun instituzional eta politikora itzuli ahal izatea”).

Horiek izan dira jeltzaleen buruak Inazio Deunaren egunean EAJ-PNVk egin ohi duen ekitaldi politikoan bertaratu direnei luzatu nahi izan diren mezuak. Ohi bezala, ekitaldia Albia lorategian egin da, eta aurtengo ezaugarriak izan dira urteurren borobila ospatu dela eta Covid-19aren pandemiak utzi dizkigun ondorioek inguratuta egin dela. Ortuzarrek aitortu du ez dela izan duela sei hilabete EAJ-PNVk bere 125. urteurrena ospatzeko pentsatzen zuen ekitaldia, baina apaltasunak ez dio hunkigarritasunik kendu. Lore eskaintza Arana Goiriren estatuaren aurrean, ohorezko aurreskua eta bertso batzuen interpretazioa izan dira ekitaldiaren alderdirik hunkigarrienak. Euzkadi Buru Batzarraz gain, bertaratuen artean izan dira Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidente Andrea eta Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko presidentea; Juan Mari Aburto Bilboko alkatea,Unai Rementeria Bilboko Ahaldun Nagusia eta Ana Otadui Bizkaiko Batzar Nagusietako presidentea. 

Ortuzarrek azpimarratu nahi izan du EAJ-PNVk gaur bere sorreraren urteurrena baino zerbait gehiago ospatzen duela. “Mugimendu abertzale antolatuaren 125. urteurrena betetzen dugu, erakunde bihurtu zen nazio kontzientziarena, Euskadik bere askatasunerako bidea egiteko behar zuen tresnarena”, baieztatu du, zuzentzen duen alderdiaren abertzaletasuna aldarrikatu baino lehen. “Gurea ez da erakunde abertzale bakarra. Lehena izan ginen, baina ez gara bakarra. Gaurkoa egun egokia da gure konpromiso abertzalea aldarrikatzeko, baita abertzalea nor den eta nor ez den esateko epaimahai izateko ausardia erakusten dutenei erakusteko ere sentimendu abertzalea EAJrekin sortu zela, EAJrekin bizi eta garatu dela eta EAJri esker biziraungo duela. Sentimendu abertzalea EAJren baitan sortu zen, bizi da eta biziko da. Inork ez du guk baino legitimitate handiagoa harrotasun historikoarekin eta orain aldiko konpromisoarekin esateko Euskadi dela euskotarren aberria. Euskadin ez dago ibilbide abertzale handiagoa edo hobea egin duenik”, baieztatu du.

EBBko presidenteak, bestela ezin delako izan, Covid-19aren pandemiaren zorigaiztoko ondorioak ekarri ditu gogora. Ortuzarrek bereziki gogoratu nahi izan ditu zazpi euskal herrietan birusaren ondorioz bizia galdu duten 2.000 herritarrak, eta pandemiak ekonomian, lan esparruan eta gizartean utzi dizkigun ondorio larriak aipatu ditu. “Gure azken hauteskunde kanpainaren goiburua oso adierazgarria izan da. ‘Euskadi zutik. Saldremos’. Jakina irtengo garela. Hori da Alderdi honen xedea, baita EAJ-PNV osatzen dugun emakume eta gizon guztiena ere. Hauxe da gaurko bigarren mezua. Apaltasuna, bai, baina baita konfiantza ere: apaltasuna, une hau latza dela aitortzeko, baina konfiantza Alderdi honetan eta gizarte honetan ere bai, aurrera atera ahal izateko. Garai latzak datoz, baina gizarte sendoa gara eta nahi duguna argi badaukagu eta lortzeko lan nahikoa egiten badugu, lortu egingo dugu. Nahi baino luzeago egingo zaigu, baina lortu egingo dugu. Zalantzarik ez izan, lortu egingo dugu”, baieztatu du.

Jarraian heldu dio Ortuzarrek gaurkotasun politikoari, Urkullu Lehendakaria Presidenteen gaurko Konferentzian izan dela gogora ekarriz. “Jokoan genuen Eusko Jaurlaritzaren eta Foru Aldundien zorpetzeko ahalmena, diru-bilketaren jaitsierari eta Covid-19ak eragin duen krisitik eratorritako beharrei aurre egin ahal izateko. Horretaz hitz egiteko ez zuten gurekin eseri nahi, bai nahi zuten, ordea, Lehendakaria San Millán de la Cogollan esertzea. Eta horrela ezin zen. Gu ez gara inor baino gehiago, ezta inor baino gutxiago ere, baina ezberdinak gara. Euskadi ez da beste Autonomia Erkidego bat. Nazio bat gara, hitzarmen politiko baten bidez eta Konstituziotik hasita, Gernikako Estatutuan eta Ekonomia Itunaren Legean autogobernurako erregimen berezia duena. Zorionez, apur bat berandu eta, konbentzituta baino, egoerak derrigortuta, Espainiako Gobernuak bere hasierako jarrera aldatu du eta parte guztiak asebetetzeko moduko akordioa adosteko aukera eman da. Eta horregatik Lehendakaria gaur autonomietako presidenteekin eta Pedro Sánchezekin eseri da. Lehenengo eta behin, aldebiko harremana eta, ondoren, alderdi anitzeko parte hartzea. Hori da gako nagusia EAJk Estatuaren gobernagarritasunean lagundu dezan: euskal autogobernua errespetatzea, aldebiko harremana Euskadiko erakundeekin, euskal interesen defentsa eta, elkarrekikotasun zuzenean, EAJren inplikazioa Estatuko gaietan. Espero duguna da Espainiako Gobernuak mezua ondo ulertu izana, albait arinen normaltasun instituzional eta politikora itzul gaitezen”, baieztatu du .

Amaitzeko, eta barne gaietara itzuliz, Ortuzarrek gogora ekarri du 2020ak gorriz markatuta jarraitzen duela jeltzaleen egutegian, urte berean Alderdiaren 125. urteurrena beteko delako eta bere Bazar Nagusia egingo delako .“Bi hitzordu nagusi dira Alderdia egunean jartzeko, indartzeko, berritzeko eta etorkizunerako bidean jartzeko. Bere horretan jarraitzen du zeregin horrek eta hurrengo hilabeteetan helduko diogu. Alderdiak iraila erdian hasiko ditu EAJ indartzeko eta eguneratzeko zeregin eta prozesuak, Euskadi askatasun eta aurrerabide sozialerako bidean lideratzeko”, iragarri du. “Lan handia daukagu aurretik, Alderdi barruan eta Alderditik kanpo. Erakundeetan, enpresetan eta lantokietan, baita kalean ere. Gaur handikiro aldarrikatzen dugu gure zina, Sabinok Larrazabalen egin zuen moduan: Euskadi dugu helburu, Euskadi da gure aberri bakarra. Herri honetako herritar guztiekin hitzeman dugun konpromisoa aldarrikatzen dugu. Konpromisoa beren ongizatearekin, beren lanarekin, bidea elkarrekin egiteko behar den elkartasunarekin. Guk nahi dugun Aberria emakume eta gizon askeek osatua da. Herri bat gara, Nazio bat gara eta aske izan nahi dugu”, amaitu du.

EAJ-PNVk bertaratuei eman die Jesus Lizaso euskal artistak 125. urteurren honen kariaz egin duen artelanaren erreprodukzioa. Lamina honetan ikusten dira, Euzkadiko mapa baten gainean, elkar besarkatzen duten zazpi forma geometriko. “Besarkadek atsedena hartu behar izan duten garai honetan, herri bat dago burdinazko besarkadarekin lotuta jarraitzen duena”, adierazi du egileak. Halaber,talde jeltzaleak gaur eman du ezagutzera bere 125. urteurrenaren logoa, irudi korporatibo bat, EAJ-PNVk hurrengo hilabeteotan egingo dituen jakinarazpen eta ekitaldi guztietan presente egongo dena.