Prentsa Aretoa
Berriak
2020/11/03
Bizkaiak neurriak ezarri ditu udalek aukera gehiago eduki ditzaten pandemia behar bezala kudeatzeko
Atzo Finantzen Lurralde Kontseiluak proposatutako neurriak gaur, asteartea, onetsi ditu Foru Aldundiak. Besteak beste, bertan behera utzi dira 2020rako ezarritako aurrekontu-egonkortasuneko helburuak, zor-helburuak eta gastu-erregelako helburuak, bai eta 2021eko ekitaldirako zerga-arauak ere.
Finantzen Lurralde Kontseiluaren atzoko bileraren ondoren Bizkaiko Foru Aldundiak neurri berriak onetsi ditu udalek eta mankomunitateek aukera gehiago eduki ditzaten pandemia eta beraren ondorioak ondo kudeatzeko, datozen ekitaldietako bideragarritasun ekonomikoa eta finantzak arriskuan ipini gabe.
Egungo egoera kontuan hartuta, ezinbestekotzat jo da neurri batzuk ezartzea udalen eta mankomunitateen onerako, aurrekontu-egonkortasunerako eta finantzen jasangarritasunerako neurri orokorren ildotik, Bizkaiko foru-berezitasuna aintzat edukita eta zuhurtzia eta ardura ahaztu gabe, ezinbestekoak baitira hurrengo ekitaldietako finantzen bideragarritasunerako.
Finantzen Lurralde Kontseiluan Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Lurralde Historikoko udalen ordezkariak aritzen dira. Atzoko bileran honako erabaki hauek hartzea proposatu zion Aldundiko Gobernu Kontseiluari:
- Bertan behera uztea Kontseiluaren 2019ko bileran proposatu eta Aldundiko Gobernu Kontseiluak onetsi zituen helburuak: aurrekontu-egonkortasunean, aurten finantzetakoak ez bestelako diru-sarreren gaineko defizita % 0,0 izatea; zor publikoa finantzetakoak ez bestelako diru-sarreren % 60 izatea gehienez; eta gastu-erregelan, 2020ko gastuak gehienez ere 2019an baino % 2,8 gehiago izatea. Beraz, aurtengo ekitaldirako ezarritako zerga-arauak indarrik gabe utzi dira.
- Ez ezartze aurrekontu-egonkortasuneko, zorraren inguruko eta gastu-erregelako helbururik 2021erako. Horrek berekin dakar bertan behera uztea hurrengo ekitaldirako ezarritako zerga-arauak.
- 2020ko eta 2021eko ekitaldietarako plan ekonomiko-finantzarioak ondoriorik gabe uztea, ezarritako helburuak deuseztatu dira eta.
- Bertan behera uztea 2020. eta 2021. urteetan Bizkaiko toki erakundeen aurrekontu-egonkortasunerako eta finantza-jasangarritasunerako plan ekonomiko-finantzarioak onetsi beharra, ekitaldi horietako zerga-arauak etenda gelditu dira eta.
- Gehieneko desoreka-tasa (defizita) orientatiboa onestea udal eta mankomunitateetarako: -% 2,0 2021ean. Erreferentzia-tasa hori ez betetzeak ez du sortuko indarrean dagoen arautegian egonkortasun-helburua betetzen ez denerako ezarritako ondoriorik, baina adierazle egokia izan daiteke jakiteko Lurraldeko toki erakundeek ekonomiaren eta finantzen arloan arduraz jokatzen duten ala ez.
- Orain arte bezala, udalek eta mankomunitateek aurrekontu-egonkortasunaren eta finantza-jasangarritasunaren inguruko informazio guztia bidali behar diote Aldundiari.
- Toki erakundeek gastu orokorretarako diruzaintzako gerakinak erabili ahal izango dituzte beharrezkotzat jotzen dituzten aurrekontu-aldaketak egiteko; nolanahi ere, egin nahi diren gastuek orain eta gero sortuko dituzten ondorioak aztertu beharko dira, eta lehentasuna eman beharko zaio finantza-jasangarritasunaren printzipioa betetzeari.
Finantzen Lurralde Kontseilua Bizkaiko udalerrien eta Foru Aldundiaren arteko koordinaziorako eta parte-hartzerako organoa da. Hain zuzen ere, udal-finantzaketa modu egokian banatzen dela bermatzen du, bai eta Bizkaiko Lurralde Historikoko sektore publikoaren ekonomia- eta finantza-jarduera eta aurrekontu-jarduera zaindu ere. Hamar kide daude: bost Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkariak dira eta gainerako bostak EUDEL - Euskadiko Udalen Elkartearen ordezkariak dira (Bilboko Udala, Fruizko Udala, Larrabetzuko Udala, Plentziako Udala eta Portugaleteko Udala).
ITURRIA: BFA
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25