Prentsa Aretoa
Berriak
2021/05/06
Berreskuratze Plana “kogobernantzatik” abiaraztea exijitu dio Sagastizabalek Calviñori
Kongresuko Ekonomia Batzordean, diputatu jeltzaleak Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministro andreari eskatu dio “autonomien estatuan sinesten dutela erakustea” eta “esloganak alde batera uztea eta eredu ekonomikoa eraldatzeko lanean aurrera egitea”
Idoia Sagastizabalek, Diputatuen Kongresuko Euskal Taldeko bozeramaile ekonomikoak Ekonomia Gaietarako eta Eraldaketa Digitalerako Ministroari exijitu dio Ministroen Kontseiluak berrikitan onartu duen eta Bruselara bidali den “Berreskuratze Plana” “kogobernantzatik abiaraztea”.
Gai Ekonomikoen eta Eraldaketa Digitalerako Batzordean, Nadia Calviño Ministroa bertan izan dela, diputatu jeltzaleak kritikatu du Plan hau egin dela “Autonomia Erkidegoei kontsultatu gabe eta haiekin adostu gabe”, eta gaineratu du plan horretan ez dela jaso “parte interesatuen ekarpenik”. Hala, Sagastizabalek Bigarren Presidenteordeari eskatu dio Europako Funtsek ematen duten “urrezko aukera” baliatzea “Autonomien estatuan sinesten dutela erakusteko” eta esloganak eta marketina alde batera utziz “eredu ekonomikoa aldatzeko lanean aurrera egitea”. “Zuek erabaki, zehazten eta definitzen duzue eta Autonomia Erkidegoek, subsidiarioki, kudeatu egiten dute. Gure ustetan, hori ez da bidea”, nabarmendu du.
Ogasun Ministroaren agerraldian egin zuen bezala, Euskal Taldeko diputatuak gaur adierazi du Berreskuratze Planak kezka eragiten diola, bere ustez “eraldatze kontua” baino gehiago, “kohesio kontua” delako. Sagastizabalek kritikatu du Europako funtsak jasotzeko bete behar diren irizpideak ez direla oinarritzen “Autonomia Erkidegoen indarguneetan, baizik eta beren ahultasunetan”, eta gogora ekarri duenez “indarguneak nabarmentzen badira, ahultasunak arindu ahal izango dira, baina ez alderantziz. Uste dugu Autonomia Erkidegoen indarguneak baliatu behar direla, eraldaketarako bultzada emateko”, esan du diputatu jeltzaleak. Ildo beretik ohartarazi du Europara bidali den agiriak zehaztapen eta xehetasun falta duela “Ez dakigu Plana non nola eta noiz abiaraziko den”.
Funtsak jasotzeko orduan Europak exijitzen dituen erreformei dagokienez, hauen artean zergen erreforma, lan esparrukoa edo pentsioena, Sagagastizabalek deitoratu du “xehetasun orokorrak” baino ez direla ezagutzen, eta gogoratu du gai horiek “beharrezkoak direla” Plana eraginkorra eta efizientea izan dadin. “Uste al duzue inbestitzaileak etorri egingo direla erreformak ezagutu ere egiten ez direnean?”, amaitu du diputatu Jeltzaleak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25