Prentsa Aretoa

Berriak

2021/10/22

Irati Gondra, Mundakako alkate

Gondrak aginte makila jasotakoan hitzeman duenez, “buru belarri lan egingo dugu mundakarrei herri hobea eskaintzeko, haiekin elkarlanean proiektu ilusio sortzaileak eta beharrezkoak garatuz eta planeatuz”

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Irati Gondra Martínez da, gaurtik aurrera, Mundakako alkatea. Hala erabaki du gaur kostako herri honetako osoko bilkurak, alkate ohiaren kontra aurkeztu zen zentsura mozioa eztabaidatzeko egin duen ezohiko saioan. Zentsura mozioa onartutakoan bideratu ahal izan da orain arteko zinegotzia alkate bihurtzeko inbestidura. Alkate berriak ilusioa agertu du azken urte eta erdian aktibitate eskasa erakutsi duen Udalaren martxa bideratzeko lanak suposatzen dion erronkaren aurrean: “Gure herria norabide egokian jartzeko inflexio puntuan aurkitzen gara orain. Azken hilabeteotan norabiderik gabe ibili ondoren, hauxe da garaia mundakarrei merezi duten gestioa eskaintzeko. Beraiek izan dira aurreko alkateak hartutako erabakien ondorioak sufritu dituztenak eta, zentsura mozioa onartuta, beren alde dena emateko garaia heldu da”, hitzeman du.

Era berean adierazi du EAJ-PNVren gobernu taldearen esfortzuak bideratuko direla “hiritargoaren bizitza kalitatea hobetzeko proiektuak planteatzera eta burutzera, bai eta beren beharrizanei eta ardurei erantzutera ere”, baieztatu du, hori dena entzute aktiboaren bidez egingo dela nabarmenduz “eta udal korporazio hau osatzen duten gainerako talde politikoekin elkarrizketa ireki eta eraikitzailea bideratuz”. Amaitzeko, berarengan jarri duten konfiantza eskertu nahi izan du, eta publiko egin du “buru belarri lan egiteko” konpromiso irmoa “mundakarrei herri hobea eskaintzeko, beraiekin elkarlanean proiektu ilusio sortzaile eta beharrezkoak gauzatuz eta planteatuz, azken aldi honetan udalaren aldetik nahiko geldituta egon ondoren”.

Zentsura mozioa

2020ko udazkenean, EAJ-PNVk formalki aurkeztu zuen Mikel Bilbao Ruiz alkate eta 2019ko udal hauteskundeetan alderdi jeltzaleak aurkeztu zuen zerrendako zerrendaburu independentearen kontrako zentsura mozioa. Garai hartan talde jeltzaleak esan zuen “erabaki zaila” hartu behar izan zuela eta erabaki hori azaltzeko azpimarratu zuen koordinaziorik eza zegoela alkatearen eta EAJ-PNVko gainerako kideen artean. Mundakako Uri Buru Batzarraren aburuz, egoera horrek nabarmen eragozten zuen “Mundakako herritarrek merezi duten udal kudeaketa on eta eraginkorra”, ordutik aurrera egiaztatu ahal izan den zerbait.

Azkenik, Bilbaok Mundakako Udala epaitegitik epaitegira eraman duen periploa gaur amaitu da Irati Gondra alkate bihurtu denean. Mundakako lehen agintari berriak deitoratu du prozesu horrek horren luze jo izana. “Gaurko deitu dugun osoko bilkura da hemengo inork sekula gurako ez zuen hitzordua. Eta hala da, azken urte luze honetan, desadostasunez jositako aldi honetan guztian, galtzaile irten den bakarra, oraindik galtzaile izaten jarraitzen duen bakarra, Mundakako herria delako”, nabarmendu du. “Azkenean, hiritargoak bozkatu zituen proiektuak garatzeko lanari heldu ahal izango dio Mundakak”, aurreratu du.