Prentsa Aretoa
Berriak
2021/11/03
Pandemiaren ondoren, EAE-ko gizartea inklusiboagoa eta solidarioagoa da jatorri atzerritarra dutenekin
“Desberdina denak aberastu egiten du, errespetuan oinarrituta hezten du eta gizarte indartsuagoa eraikitzeko indarrak batzen ditu”, esan du Beatriz Artolazabal sailburuak
Ikuspegi - Immigrazioaren Euskal Behatokiak, urtero, EAEko gizarteak jatorri atzerritarra duten biztanleen inguruan dituen pertzepzio eta jarrerei buruzko txostena prestatzen du. 2021. urte hau bereziki gogorra izan da herritarrentzat, pertsona eta familia asko ekonomia- eta gizarte-egoera kritikoa bizitzen ari baita. Hala ere, Ikuspegiren ondorioetako bat honako hau da: “testuinguru horretan, tolerantziak behera egin beharrean, EAEko gizarteak elkartasuna areagotu du eta ulerkorrago agertu da, eta jatorri atzerritarra duten pertsonen inguruan jarrera inklusiboagoa eta toleranteagoa erakutsi du”.
2021eko Barometro horren emaitzak gaur aurkeztu dira, Bilbon, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua buru izan den ekitaldian, Ikuspegiren lanetan laguntzaile izan den aldetik, UPV/EHUrekin batera. Aurkezpen-ekitaldian Gorka Moreno Euskal Herriko Unibertsitateko errektoreordeak eta Arkaitz Fullaondo Immigrazioaren Euskal Behatokikoak ere parte hartu dute.
Ikuspegiko adituek honako ondorio hauek nabarmendu dituzte, besteak beste: “edizio honetan, EAEko gizarteak jatorri atzerritarra duten pertsonen inguruan duen tolerantzia-indizeak markak hautsi ditu Barometroan, eta 66,09 puntukoa da”. Hori horrela, honako hau aipatu da: “EAEko gizarteak Covid-19-ak eragindako osasun-krisiari, ekonomikoari eta psikosozialari tolerantzia gehiagoz erantzun dio; gizarte-elkartasunak hark eragiten duen ziurgabetasunak baino indar handiagoa du”.
Gainera, azterlanak erakusten du EAEko gizarteak uko egiten diola bertoko pertsonentzat soilik den gizarte-babeserako sistemari, eta honako iritzi hau duela: “osasun eta hezkuntza publikoek pertsona guztien eskubide unibertsalak izan behar dute”.
Barometroan jasotzen den beste alderdi positibo bat da jarraitzen dutela pisua galtzen migrazioari buruzko zurrumurru eta estereotipo faltsuek. Eta, lehen aldiz, handiagoa da atzerriko jatorria duten pertsonak gizarte-babeserako sistemaren gehiegizko onura jasotzen dutela baztertzen duen pertsona-kopurua baieztapen hori bultzatzen duena baino.
Era berean, lan-merkatua dela eta, gora egin dute, aurreko urtearekin alderatuta, immigrazioak enpleguan eta ekonomian eragiten dituen ondorio positiboek.
Bestalde, EAEko gizarteak eredu asimilazionistaren alde egiten jarraitzen duela antzematen da; alegia, nahiz eta jakin integrazioa prozesu partekatua dela, “etorkinen esku uzten da gure ohitura eta tradizioetara egokitzeko ahalegin handiena”.
Alderdi negatiboak direla eta, bertoko herritarrek jarraitzen dute kolektibo pakistandar, errumaniar eta magrebtarrarenganako sinpatia-maila txikiagoa izaten.
Gogobetetasuna
Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua harro agertu da emaitzekin, EAEko gizartea toleranteagoa eta integratzaileagoa dela erakusten baitute. “Azterlan horren ondorioek elkar ulertzea, elkartasuna eta inklusioa erakusten dizkigute. Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua naizen aldetik, ezin harroago egon”, esan du Artolazabalek.
Sailburuak berriz ere nabarmendu du Eusko Jaurlaritzaren politiketan pertsonak ekintzen erdigune direla, eta Urkullu Lehendakariaren hitz batzuk bere egin ditu: “EAEko gizarteak, herri gisa, besoak zabalik ditu atzerriko jatorria dutenentzat; izan ere, herrialde honen garapenerako ere zati garrantzitsua dira”.
“Desberdina denak aberastu egiten du, errespetuan oinarrituta hezten du eta gizarte indartsuagoa eraikitzeko indarrak batzen ditu”, esan du, eta gogora ekarri du, ondoren, Migraziorako EAEko Itun Sozialari atxikitzeko kanpainaren lema: ‘Jaso nahiko genukeena eskaintzea’.
Bestalde, Gorka Moreno UPV/EHUko errektoreordeak azpimarratu du “Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetzan agerikoa den erakunde-lankidetzak duen garrantzia”. Datuak direla eta, honako hau nabarmendu du: “Berretsi egiten dira 2020an pandemiaren testuinguruan eman ziren datuak, non EAEko gizarteak elkartasun eta hurbiltasun gehiago erakusten baititu atzerriko jatorria duen kolektibo etorkinaren inguruan”.
Eta Arkaitz Fullaondo Ikuspegiko ikertzaileak nabarmendu duenez, aurreko ekonomia-krisian ez bezala, “COVID-19-aren krisian ez dira ahuldu EAEko gizarteak immigrazioaren inguruan dituen tolerantzia- eta onarpen-adierazleak; guztiz kontrakoa gertatu da, adierazleek hobera egin baitute”.
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25