Prentsa Aretoa

Berriak

2021/11/08

Ogasun eta Finantza sailaren 2022ko aurrekontua %6,5 hazi da, 142,7 milioi euroraino

Jose Maria Iruarrizagak Batzar Nagusietan zehaztu du sailaren aurrekontu-proiektua, batez ere, hiru partida handitan banatzen dela: langileen ordainsariak, garapen informatikoak eta telefono bidezko laguntza

rss Ezagutzera eman
Ogasun eta Finantza sailaren 2022ko aurrekontua %6,5 hazi da, 142,7 milioi euroraino

ARGAZKIA JAITSI

Ogasun eta Finantza Sailak guztira 142,7 milioi euroko aurrekontua izango du 2022an, hau da, % 6,5eko igoera izango du 2021eko aurrekontuarekin alderatuta. Jose Maria Iruarrizaga foru diputatuak Batzar Nagusietan zehaztu ditu datorren ekitaldirako aurreikusitako partidak, eta azpimarratu du Ogasun eta Finantza Sailaren aurrekontuaren erdia baino gehiago pertsonal-gastuei dagokiela, hau da, 76,5 milioi euro guztira. Partidarik handienak dituzten beste bi arloak honako hauek dira: ondasun arruntetako eta zerbitzuetako gastuen arloa (38,6 milioi euro) eta inbertsio errealen arloa (24,3 milioi euro).

Aurrekontua, programen arabera

Langileen ordainsariekin batera, Foru Ogasunaren beste bi gastu-arlo nagusiak informatikako eta telefono bidezko laguntzako zerbitzuak dira, Lantik eta Zugaztel foru-sozietateek ematen dituztenak, hurrenez hurren. Horien gastua 50 milioi euro ingurukoa da.

Hona hemen sailaren gastu-programa nagusiak:

  • Administrazio orokorra. 13 milioi euroko zuzkidura du, eta horietatik 8,5 milioi Zugaztelek eskaintzen duen telefono bidezko laguntza zerbitzura eta eskaneatze eta grabazio zerbitzura bideratzen dira. Halaber, Foru Ogasunaren egoitzak eta bulegoek behar bezala funtzionatzeko partidak ere jasotzen ditu.
  • Foru Informatika Plana. Programa horrek 40,9 milioi euro hornitzen ditu Lantikek ematen dituen zerbitzu informatikoak ordaintzeko, hala nola zerbitzariak eta informazio-sistemak mantentzea, Batuz, Errenta, zerga berrietarako garapen informatikoak, katastroa eta aurrekontuak egokitzea, BizkaiBai Aldundiaren egoitza elektronikora migratzea eta zerga-informazioa trukatzea. Halaber, 400.000 euro aurreikusten ditu lizentziak eta ekipo informatiko berriak erosteko.
  • Antolaketa, berrikuntza eta argitalpenak. 0,5 milioi euro komunikazio-kanpainetarako, argitalpenen ediziorako, gogobetetze-azterlanetarako eta lan teknikoetarako.
  • Aurrekontuak eta kontrol ekonomikoa. 0,2 milioi euro barneko eta sektore publikoko auditoretzetarako eta Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independentearen tasa ordaintzeko.
  • Zerga arloko aholkularitza eta politika. Aurrekontu-proiektuak 0,2 milioi euro bideratzen ditu programa horretara, eta hainbat partida biltzen ditu, hala nola zerga-inprimakien fotokonposizioa edo Itun Ekonomikoaren Ikerketarako Dokumentazio Zentroari eta Ad Concordiam Elkarteari emandako diru-laguntzak, eta Itun Ekonomikoa hedatzeko Nevadako Unibertsitatearekin egindako hitzarmena.
  • Ikuskapena eta SCAT, informazioa eta sistemak. 14.000 euro kanpoko prestakuntzarako, joan-etorrietarako eta jabetza-erregistroetan eta merkataritza-erregistroetan kontsultak egiteko.
  • Zerga-kudeaketa. 3,1 milioi euro; horietatik gehiena posta bidezko komunikazioetara bideratzen da. Halaber, Oinordetzen eta Ondare Eskualdaketen gaineko Zergaren likidazioagatik jabetza-erregistratzaileen ordainsariak pagatzeko partidak jasotzen ditu.
  • Katastroa eta balorazioa. 2,9 milioiko zuzkidura du Bizkaiko Katastroa mantentzeko, Bilboko eta Basauriko udalekin helburu horretarako ezarritako hitzarmenen ordainketa barne.
  • Ondarearen kudeaketa eta arriskuen prebentzioa. 3,0 milioi euro, barne direlarik foru titulartasuneko higiezinen OHZ, Foru Aldundian zerbitzuak ematen dituzten langileen erantzukizun zibileko asegurua eta ibilgailu eta higiezinen aseguruak ordaintzeko partidak.
  • Diru-bilketaren kudeaketa. 0,1 milioi euro konkurtso-prozedurekin, enkanteak kudeatzeko gastuekin eta datu-baseei egindako kontsultekin loturik dauden lan teknikoetarako.
  • Finantzak. 0,14 milioi euro hirugarrenei ordaintzeko, Foru Aldundiaren kalifikazioagatik eta zorragatik (rating).

2021eko aurrekontua gauzatzea

2021eko aurrekontuaren gauzatze-mailari dagokionez, Jose Maria Iruarrizagak jakinarazi du % 74ra iristen zela irailaren 30ean. Zenbateko handienarekin hornitutako programetatik, administrazio orokorrekoa bederatzi hilabete horietan % 80an gauzatu zen, eta foru plan informatikoa % 74an, eta ekitaldiaren amaieran % 100era iristea aurreikusita dago.

Zerga arloko neurriak

Bizkaiko Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Arauaren Proiektuak hainbat zerga-neurri jasotzen ditu 2022ko zergaldirako. Besteak beste, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan, aitorpena aurkeztu beharko dute 20.000 eurotik gorako etekin gordinak edo, baldin eta haien diru-sarrerak ordaintzaile batenak baino gehiagorenak badira, 14.000 eurotik gorakoak dituzten pertsona guztiek. Bi ordaintzaileren edo gehiagoren kasuan, salbuetsita egongo dira 20.000 eurotik beherako diru-sarrerak, baldin eta bigarren ordaintzailearengandik eta gainerako ordaintzaileengandik jasotzen den zenbatekoa 2.000 eurotik gorakoa ez bada.

Era berean, nabarmentzekoa da PFEZn zergaren tarifa % 1,5 deflaktatzen dela eta kenkari pertsonalak ehuneko berean igotzen direla. Beste alde batetik, katastroko balioak eta tasa eta prezio publikoak % 1,5 igotzen dira. Azkenik, 2022ko ekitaldiko berandutze-interesa % 3,75ekoa izango da.

ITURRIA: BFA