Prentsa Aretoa
Berriak
2022/03/04
EAJ-PNVk eta PSE-EEk euskal hezkuntza-sistemaren oinarrien dokumentuari egindako alegazio guztiak adostu dituzte
Bi alderdiek 42 proposamen negoziatu dituzte guztira, zirriborroaren edukia indartzeko eta euskal eskola publikoak hezkuntza-sistema osoan duen paper nagusian eragiteko. "Elkarrizketa emankorra eta arduratsua izan da", nabarmendu dute Leixuri Arrizabalagak eta Jose Antonio Pastorrek
EAJ-PNV eta PSE-EE taldeen ebazpenak Hezkuntzako Lan-taldean
HITZARMENA - 2022/03/04
EAJ-PNVk eta PSE-EEk 42 alegazio erregistratu dituzte gaur goizean euskal hezkuntza-sistemaren etorkizuna aztertzen duen ponentzian, organo horretako presidenteak idatzitako eta azken bi aste hauetan taldeek kontrastatu duten oinarrien zirriborroari buruz. Jeltzaleek eta sozialistek nabarmendu dute akordiorako borondatea dutela eta erantzukizunez jokatu dutela “gaur aberastu den eta bi taldeentzat funtsezkoak diren alderdiak indartu dituen testua lortzeko”. Leixuri Arrizabalagak (EAJ) eta Jose Antonio Pastorrek (PSE-EE) adierazi dutenez, “hasiera-hasieratik elkarrizketarako prest egon ginen, gure arteko ezberdintasunak argitu zitezkeela eta argitu behar zirela ulertzen genuelako. Adierazitako borondate horren ondorioz, proposamen batzuk batera aurkeztu dira gaur, zalantzarik gabe, testuaren hasierako edukia hobetuko dutenak”.
Talde biek onartzen dute euskal hezkuntza-sistemak Gernikako Estatutuan jasotako eskumenak erabiliz abian jarri zenetik egindako ibilbidea, eta ikasleak eta haien beharrak sistemaren hobekuntzan sakontzeko ardatzean kokatzen dituzte. “Badakigu hezkuntza-prozesuko ikasleak zenbat eta arduratsuagoak eta protagonistagoak izan, orduan eta emaitza eta garapen pertsonal hobeak izango dituztela. Ikasleak izango dira erreferente nagusiak, eta haiei begira egongo dira kezkak” baieztatu dute.
Era berean, aurkeztutako alegazioek berretsi egiten dute eskola publikoa funtsezkoa dela euskal hezkuntza-sisteman, eta titulartasun pribatuko ikastetxeek ekitatea eta bikaintasuna hobetzen laguntzen dutela hezkuntzan, beren lan osagarriarekin, itun-erregimenaren bidez. “Beti hartu dugu kontuan eskola publikoaren protagonismoa eta zerizantasuna, eta itunpeko sareak ordezkatzen duen osagarritasuna. Biek kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzen dute eta bikaintasunaren alde lan egingo dugu. Testu hauetan printzipio horiek indartzen ditugu, baita ekitatearen, aukera-berdintasunaren eta inklusioaren balioak ere, segregazioa saihesteko”.
Ereduak ikastetxeko proiektura egokitzean eleaniztasunaren aldeko apustua eta ingurune soziolinguistikoa kontuan hartzea berresten dugu. Eredu horien jarraipena eta ebaluazioa egingo da, ez bakarrik hizkuntza-helburuei dagokienez, baita gainerako ikasgaietan gaitasunak eskuratzeari dagokionez ere. Bi hizkuntza ofizialak eta hirugarren hizkuntza bat ikasteko komunikazio-hizkuntzatzat hartuko dira, sistemaren ardatza den euskarari lehentasuna emateari kalterik egin gabe.
Jasotako proposamenen artean, bi alderdiek Eusko Jaurlaritzari proposatzen diote lau urtean behin plan estrategiko bat onartzea, ekitatea eta hezkuntza-bikaintasuna areagotzeko lan-ildo nagusiak zehazteko. Gaineratu dutenez, plan hori Legebiltzarrean aurkeztuko dute, ezagutu eta eztabaidatu dezaten.
Akordioa amaituta, bi taldeek gainerako indar parlamentarioei zabaltzea espero dute, “itun politiko handi bat izango litzatekeelako etorkizuneko Hezkuntza Legeak aurrekoak adina iraungo duen bermerik onena. Guk lanean jarraituko dugu hezkuntzak behar duen adostasun handia lortzeko”.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25