Prentsa Aretoa

Berriak

2022/04/06

Urkullu Lehendakariak adierazi du harro dagoela erakunde “hurbila, konprometitua, aktiboa eta solidarioa” izateagatik

Iñigo Urkullu EUDELen jaiotzaren 40. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldiaren buru izan da. Bertan, omenaldia egin zaie lau hamarkada hauetan zehar Udaletik beren herriarekiko eta Euskadirekiko konpromisoa erakutsi duten pertsona guztiei

rss Ezagutzera eman
Urkullu Lehendakariak adierazi du harro dagoela erakunde “hurbila, konprometitua, aktiboa eta solidarioa” izateagatik

ARGAZKIA JAITSI

Iñigo Urkullu lehendakaria EUDEL Euskadiko Udalen Elkartearen jaiotzaren 40. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldian izan da. Euskadiko Udalen Elkartea demokraziako lehen udalei laguntzeko sortu zen (1979-1983), 1982ko maiatzaren 8an Gernikako Juntetxean.

Gasteizko Europa Jauregian egindako ekitaldian, Lehendakariak adierazi du harro dagoela erakunde hurbila, konprometitua, aktiboa eta solidarioa izatearekin; eta berretsi egin du konpromisoa duela Elkartearekin eta pertsona bakoitzaren ongizatea eta bizi-kalitatea irudikatzen duen guztion ongiaren aldeko lankidetzarekin.

Iñigo Urkulluk “konpromiso, gainditzea eta lana” hitzak erabili ditu lau hamarkada hauetan Udalaren eta EUDELen alde lan egiteko konpromiso bikoitza hartu duten pertsonen “udal-izaera” deskribatzeko. “Gaur, omenaldia egiten diegu lau hamarkada hauetan zehar Udaletik beren herriarekiko eta Euskadirekiko konpromisoa erakutsi duten pertsona guztiei”, adierazi du.

Era berean, Urkullu lehendakariak gogora ekarri nahi izan ditu ETAren terrorismoaren mehatxua eta jazarpena jasan zuten pertsona guztiak, udaletatik beren ideiak defendatzeagatik. "Urteurren hau guztiei egindako omenaldia da; bereziki, daukagun gauzarik preziatuena galdu zutenei: bizitza. Bere duintasunaren eta konpromisoaren adibidea elkarbizitzarako ondare bat da, aitortzen duguna eta beti gure oroimenean gordeko duguna”, azpimarratu du.

Hainbat krisik, pandemiak eta, orain, Ukrainaren inbasioaren ondorioek markatutako azken urteei erreferentzia eginez, Lehendakariak nabarmendu du udalek erakutsitako erantzuteko gaitasuna, “hurbiltasunetik, sentikortasunetik eta lankidetzatik»”. "Orain, EUDELen 40. urteurrenari aurre egingo diozue, etorkizun positibo eta eraikitzaileari begira", amaitu du.

EUDELeko presidenteak

Berrogeigarren urteurrena dela-eta, EUDELek omenaldia egin nahi izan die 1982az geroztik Elkartearen buru izan diren pertsonei, eta bereziki ekarriko da gogora Iñaki Oregi Goenaga, Zuiako alkatea, EUDELen sortzailea eta lehen elkarteburua (1982-1987). Euskal udalen aliantzak eta lankidetza bultzatu zituen Oregik, Victor Mentxakatorre Garai Elkartearen lehen zuzendari nagusiarekin batera (1985-1993).

Euskal udalgintzak jarraitu egin zuen Oregiren legatuarekin, eta hauek dira gerora karguan izan direnak: (1987-1989) Jose María Gorordo Bilbao, Bilboko alkatea; (1989-1999) Jose María González Zorrilla, Muskizko alkatea; (1999-2007) Karmelo Sáinz de la Maza Arrola, Leioako alkatea; (2007-2011) Jokin Bildarratz Sorron, Tolosako alkatea; (2011-2015) Ibone Bengoetxea Otaolea, Bilboko alkateordea, eta (2015-2019) Imanol Landa Jauregi, Getxoko alkatea. EUDELen historiaren protagonistak beren bizipen pertsonalak kontatuko dituzte, eta gaur egungo alkateen omenaldi beroa jasoko dute.

40 urte mugarriak jartzen

Euskadiko Udalen Elkartea 1982ko maiatzaren 8an sortu zuen, Gernikako Batzar Etxean, demokraziako lehen tokiko erakundeen oinarriak ezartzeko konpromisoa zuen alkate talde batek. Zuiako alkate eta lehen elkarteburu Iñaki Oregik alboan izan zituen hasierako ibilbide horretan Arabako (Amurrio eta Aramaio), Bizkaiko (Basauri, Gernika eta Igorre) eta Gipuzkoako (Aretxabaleta, Azkoitia eta Arrasate) ordezkariak, bai eta Nafarroakoak ere (Etxarri-Aranatz, Arantza eta Baztan).

Hasieran, 144 udalerri atxiki zitzaizkion elkarteari, eta horiek jarri zuten lehen oinarria, elkartea beraien ordezkaritzat aitortu zezaten gainerako instituzioen aurrean. Helburu komunak zituzten, eta gaur egun ere indarrean daude: tokiko autonomiaren defentsa eta udalen partaidetza eraginkorra, euskal erakundeen sisteman.

Errekonozimendu eta instituzionalizazio hori pixkanaka joan da lortzen, eta modu behin betikoan lortu zen Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legean. Horretan lagundu du, era berean, EUDELen pluralismoa burura eraman izanak 2016an Elgoibarren egin zen Batzar Orokorrean. Estatutuak aldatzeko aho bateko akordioaren ondoren egin zen topaketa hartan, konpromisoa hartu zen EAEko udal gobernuetan ordezkatutako sentsibilitate politiko orok parte har zezan zuzendaritza organoetan.

Europar espiritua eta balioak EUDELen mamia dira sortu zenetik. Euskal udalerriek Europako gainerako elkarteekin aliantzan lan egiten dute EUDEL 1992an CEMRen sartu zenetik. Elkarteak lagundu zuen Tokiko Autonomiaren Europako Gutuna garatzen, eta oraindik ere parte hartzen du Europako Kontseiluak sustatutako europar proiektuetan, esate baterako, Gobernantzako Bikaintasunaren ELoGE Zigiluan.

Iturria: Irekia