Prentsa Aretoa

Berriak

2022/11/18

Xabier Irazabal Basabe izango da EAJ-PNVk Gernika-Lumoko Alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia

Zerrendaburu jeltzalea ilusioz beterik agertzen da “erronka erraldoi honi heltzeko prest” eta Alderdiak "lantalde berritua, animatuta eta indarberrituta" aurkeztuko duela aurreratu du

rss Ezagutzera eman
Xabier Irazabal Basabe izango da EAJ-PNVk Gernika-Lumoko Alkatetzarako aurkeztuko duen hautagaia

ARGAZKIA JAITSI

Xabier Irazabal Basabe (Gernika-Lumo, 1973) izango da Gernika-Lumoko alderdikidetzak EAJ-PNVren alkategai izateko hautagaia. Hala erabaki dute Gernikako jeltzaleek ospatutako prozesuaren batzarretan. Barne prozesua amaituta, Gernikako EAJ-PNVk nabarmendu du Irazabal “herritar ezaguna eta hautagai bikaina” dela. Behin-betiko hautagai izendatuko duten zerrendaburua, bere aldetik, ilusioz beteta agertu da “erronka erraldoi honi heltzeko prest”.

“Garai berri bat bukatzera doa Gernika-Lumon eta etapa berri bat hastera goaz, EAJ-PNVren lidergopean. Lantalde berritua aurkeztuko dugu, animatuta, indarberrituta eta ideia berriekin, horren maite dugun udalerria berreskuratzeko prest”, baieztatu du. “Argi dago, egin beharreko lanak egingo ditugu gure udalerria bizitoki atsegina izan dadin, bizitzeko eta hazteko toki egokia, baina Gernika-Lumok eta gure eskualdeak behar dituzten proiektuak berreskuratu eta bultzatuko ditugu, urteotan bertan behera egon direnak”, aurreratu du.

Irazabalek ondo ezagutzen du udal administrazioa, Artea eta Arantzazuko Udaletako Idazkari-Artekari izan delako azken 22 urteetan. Alkateorde eta Ogasun zinegotzi ere izan zen foru hiribilduan legealdi batean. Zuzenbide Ekonomikoan lizentziaduna da, Deustuko Unibertsitatetik, Ogasun eta Finantza Publikoen masterra eginda dauka EHU-UPVn eta Hirigintzan diplomatua da EVETU-HAEEn. Ezkonduta dago eta hiru seme ditu. Bere familia eta kirola maite ditu, kirol esparruan txirrindularitza eta mendizaletasuna hobestuz. Irakurle amorratua ere da, bereziki “historiari eta ekonomiari buruzko liburuak badira”. Euskaldun zaharra da (Euskararen PL4a), eta gaztelaniaz eta ingelesez hitz egiten du. Gernika-Lumon bizi izan da beti “Oregonen ikasten eman nuen urtea kenduta (AEB)”, zehaztu du.