Prentsa Aretoa

Berriak

2022/11/22

Gorka Uriarte Urazurrutiak aurreratu duenez “EAJ-PNVk ilusioz betetako lantaldea aurkeztuko du, Bakioren alde indarrak batzeko gai izango dena”

Kostako udalerriko Alkatetza talde jeltzalearentzat berreskuratzeko aurkezten den hautagai gaztea prest eta galdutako denbora berreskuratzeko gogoarekin agertu da. Baieztatu duenez “behar besteko indarra eta babesa ditut” horretarako.

rss Ezagutzera eman
Gorka Uriarte Urazurrutiak aurreratu duenez “EAJ-PNVk ilusioz betetako lantaldea aurkeztuko du, Bakioren alde indarrak batzeko gai izango dena”

ARGAZKIA JAITSI

Bakioko EAJ-PNVren Uri Erakundeak erabaki berri du 2023ko udal hauteskundeetara eramango duen zerrendako burua nor izango den. Gorka Uriarte Urazurrutia izango da Begoña Abio Zapirainen lekukoa hartuko duena kostako herri horretan aginte makila berreskuratzeko borrokan. Gaztea da eta bere konpromisoa eta prestasuna izan dira herriko Uri Batzarrak kontuan hartu dituenak zerrendaburu izendatzeko orduan.Uriarte galdutako denbora berreskuratzeko prest eta gogotsu agertu da, bakiotarren ongizatea defendatzeko asmoarekin. “Hobetzeko aukera asko galtzen ari dira”, ohartarazi du. “Behar besteko indarrak eta babesa ditut Alkatetza berreskuratzeko, ilusioz betetako lantaldea aurkeztuko dugu horretarako, lantalde eraginkorra, profesionala, Bakioren alde egiteko gai izango dena”, aurreratu du.

Gaztea izan arren, 25 urte baititu, bizitza politikoa eta udal kudeaketa ez zaizkio arrotz egiten. 2019tik, Uriarte EAJ-PNVko zinegotzia da Udalean eta, oposizioan egon arren, talde jeltzaleak proposatzen dituen hainbat gai berak bideratu izan ditu. Talde jeltzaleak oposizio lan arduratsua egin du, udal kudeaketa kritikatuz eskasa eta eraginkortasunik gabea izan denean, hiritarrentzat onuragarri izan daitezkeen gaiak proposatuz eta udalbatzan proposatuz herritarrek planteatutako hainbat eskari, gobernu taldeak entzungorrarena egin duenean.

“Denbora daramagu ikusten EH Bilduk eta Bakio Bai taldeek osatzen duten lantaldea ez dela hitzemandako gaiak betetzen ari, eta ez naiz alderdi politikoez edo hauteskunde programetan jasotakoaz ari, baizik eta Korporazioak hartutako konpromisoez”, azaldu du hautagaiak. “inbertsio batzuk daude aurreko aurrekontuetatik datozenak oraindik bete gabe jarraitzen dutenak” eta “Udalak aurrekontuak prestatzeko orduan abian jarri zuen parte hartzezko prozesuan herritarrek planteatu zituzten proiektuak egin gabe geratu dira”, deitoratu du. Errealitate honen adibide argia da 2020ko aurrekontuetan, herritarrek eurek eskatuta, gazte eta nagusientzat soinketa egiteko parkearen proiektua, egin gabe geratu dena.

“2019an esan zuten herriaren alde egiteko aurkezten zirela, baina egiaztatu ahal izan den gauza bakarra da herriak berak eskatzen dienaren kontra doazela”, gaineratu du alkategaiak. “Ez da ahaztu behar udalerrian mantentze lanik oinarrizkoena ere falta dela. Paperontziak falta dira, kaleko altzariak apurtuta, argiztapen eskasa hainbat tokitan… eta auzoetara bagoaz, are ageriagoa da arazoa”, azaldu du. Era berean kritikatu duenez “EH Bilduren eta Bakio Bairen barne kudeaketaren eraginez udal langileen taldea txikiegi geratu da. “Hiritargoari kalitatezko zerbitzua emateko behar den pertsonala ere ez dute kontratatu, eta beren eraginkortasunik ezaren ondorioak pairatzen ari gara”.

Uriartek nabarmendu nahi izan duen kontu garrantzitsuenetako bat dela Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren onarpena, baina proiektuak “adostua” behar duela izan, herritarren beharrei benetan erantzungo dien proiektua behar dela, adostua. “Gobernu taldeak hirigintza plan berriaren onarpena atzeratu behar izan du ingurumen araudiak betetzen ez dituela argudiatuz, eta eurek betetzen ez dutena da herritarrekin hitzemandakoa. Esan zuten proiektua publikoki erakutsiko zela eta zain gaude oraindik”, azaldu du. Ildo beretik, Gorka Uriarte kezkatuta agertu da planak ez duelako Babes Ofizialeko Etxebizitzen eskaintzarik aurreikusten. “470 etxebizitza eraikitzea aurreikusi den arren, 25 baino ez dira izango babes ofizialekoak. Horren portzentaje murritzekin, Bakioko gazteoi aukera gutxi geratzen zaizkigu gure herrian geratzeko. Kontua ez da soilik bizitokia izatea, baizik eta bizitza proiektu bat garatu ahal izatea”, salatu du.

Uriarte bakiotarra da bihotzez. Bilbon jaio zen eta Mungian bizi zen 11 urte bete arte. Orduan, bere familiarekin joan zen Bakiora bizitzera “herri honetan eman ditut haurtzaroko unerik gozoenak, bertokoa baita nire familia”, baieztatu du. Zuzenbidean graduatu zen EHU/UPVn eta Abokatutzan lan egiteko masterra egin du Deustuko Unibertsitatean. Abokatu gisa lan egiten du Getxoko bulego batean. Kirola da berak gehien gozatzen duena lagun koadrilarekin “pilak kargatzeko”. Hori bai, “ahal denean, beti Bakion. Inguru pribilegiatua dugu; ez ditut hondartza eta kostaldea ahaztu nahi,baina barrualdeko parajeak zoragarriak dira”.