Prentsa Aretoa
Berriak
2023/05/12
EAJ-PNVk berretsi du gazteekiko benetako konpromisoa duela eta gazteen arazo eta arduretarako konponbideak planteatu ditu
Gaur arratsaldean Bilbon egin den ekitaldiaren ondoren, egiaztatuta geratu da EAEko erakunde guztietan “EAJ-PNVko gazteak daudela ahotsa, botoa eta kudeatzeko gaitasunarekin; horri deitzen diogu guk konpromisoa”
Kanpainako lehen egun honetan, EAJ-PNVk 200 gazte inguru batu ditu Bilbon talde jeltzaleak gazteriarekin hitzemanda daukan konpromisoa agerian uzteko. Eta egin du argi eta garbi erakutsiz “EAEko erakunde guztietan ahotsa, botoa eta kudeatzeko gaitasuna” dutela. Bai eta alderdiaren barne antolakuntzan ere. Halaber, Bizkaiko ahaldun nagusigai Elixabete Etxanobek eta Juan Mari Aburto Bilboko alkategaiak gazteen aurrean aurreratu dituzte kolektibo honek lurralde mailan zein udalerri mailan dituen arazo eta kezkak konpontzeko abian jarriko dituzten politika,ekintza eta neurrietako batzuk.
Gaurko ekitaldia hiru esparrutan banatuta egon da: udal esparrua, herrialdea eta barne esparrua. Lehen blokean hitz egin dute Juan Mari Aburto Bilboko alkatetzarako hautagaiak eta Gorka Uriarte EAJ-PNVk Bakion duen zinegotziak, 25 urterekin kostako udalerri horretako alkatetza berreskuratzeko helburuarekin aurkezten denak. Biek bat egin dute udal politikan gazteen inplikazioa balioestean. Aburtok bere aldetik berretsi du bere helburua dela Bilboko gazteriak balore sendoak partekatzea “elkarren eskutik lan egin dezagun egunero, gure hirian giza garapen jasangarria lortzeko. Nahi dudana da gazteriak Bilbon izan ditzala aisiarako eta kirol- eta kultura- aukerak , hezkuntza- eta prestakuntza- zentroak haientzat eskuragarri jarriz. Bai eta bizi proiektu erreala izateko aukerekin ere, enplegu batekin eta etxebizitza eskuragarriekin, orain eta etorkizun duin eta kalitatezkoarekin. Erronka handia da hori, zalantzarik gabe”.
Uriartek esan du EAJ-PNVko kide izateaz eta Alderdia ordezkatzeaz harro dagoela, “bere esentzian garamatzan alderdia delako”, eta gogora ekarri du etxebizitza eskuratzea arazo handienetako bat dela. “Hauteskundeak irabazten ditudanean, ni bezalako gazteek eta hor aurrean ikusten ditudan askok gure etorkizuna Bakion garatu ahal izango dugu, jakin baitakigu egungo egoera ez dela erraza. Horretarako, gure udalerrian gure bizi-proiektua garatzen lagunduko diguten ekintzak eta politikak sustatuko ditugu”, iragarri du Uriartek.
Udal-eremua jorratu ondoren, lurralde-eremuaz hitz egin dute. Bloke honetan hitz egin dute Elixabete Etxanobe Bizkaiko ahaldun nagusigaiak eta Ziortza Alvarez Busturia-Uribeko hauteskunde zerrendako hirugarren hautagaiak. Elixabete Etxanobek adierazi duenez, talentua duten gazteei proiektuak garatzeko aukerak izaten lagunduko die Aldundiak. “Enpresekin batera lan egingo dugu haien garapen profesionala hobetzeko. Etorkizuneko sektore eta arloetan hezkuntza sustatuz. Bizkaiko eskualde bakoitzeko gazteen beharrak eta errealitateak kontuan hartuta, eskualdeko proiektuak garatuko ditugu”. Batzar nagusietako etorkizuneko ahaldunak bere egin du Etxanoberen hitzaldiko hitz nagusietako bat: kohesioa. Zentzu horretan, “kohesioa beharrezkoa dela” azaldu du Alvarezek. “Eta kohesio hori gizarte-kohesioa ere bada. Pertsonen arteko oreka, adin desberdinetakoak, gazteak, helduak, adinekoak. Denok batera, elkarren bidelagun izanik. Horrek gizarte, herrialde eta herri kohesionatuagoa bermatuko du. Eta ez dezagun ahaztu, ez gara herri askeagoa izango herritarren artean desorekak badaude. Eta berdintasun eta kohesio horren bermea, gu gara, EAJ-PNVko gazteak”.
Eta azken blokean, beste biak barne hartuz, barne gaiak jorratu dira. Maitane Ipiñazar BBBko burukide eta legebiltzarkidea solasean aritu da Itxaso Atutxa exekutibako presidentearekin. Ipiñazarrek, 30 urte baino ez dituela, burukide gisa dituen barne-erantzukizunak partekatzen ditu Legebiltzarrean dituen berezko zereginekin (2019ko uztailetik da legebiltzarkidea). “Lana, etxebizitza eta parte-hartzea; horiek dira gure kezka nagusiak”, azaldu du Ipiñazarrek. “Eta, parte hartzeko aukera ematen digun alderdi bakarra EAJ-PNV da”, adierazi du. Legebiltzarkideak berriro egiaztatu du Alderdiak gazteriarekin duen inplikazioa agerikoa dela: “Duela urtebete eskas onartu genuen Gazteriaren Legea, eta emantzipazio-estrategia aurkeztu dugu gure autonomia ahalbidetzeko, etxebizitza ordaintzeko 300 euroko hileko laguntzarekin, beste ekintza batzuen artean; hau da, gazteak erdigunean egotea. Hori da gazteak erabakigunean egotearen ondorio zuzena”, nabarmendu du.
Ekitaldiari amaiera emateko hitzak esan ditu BBBko presidente Itxaso Atutxak. Bizkaiko jeltzaleen buruak adierazi duenez “udal eta foru hauteskunde hauetan Euskadi behetik gora eraikiko da, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeetatik, eta ziur gaude eraikuntza horretan gazteek asko dutela esateko, egiteko eta erabakitzeko”, aurreratu du. Bizitzen ari garen honetan guztian lehen pertsonan parte har dezazuela lehentasuna da, eta, horretarako, aukerak eman behar zaizkizue. EAJ-PNVk aukerak ematen dizkizue, baina zuek aukera horiek aprobetxatu behar dituzue. Ondoen prestatutako belaunaldia zarete; Herri kohesionatu bat eraikitzen jarraitzeko behar zaituztegu, kalitatezko zerbitzuak emango dituena, enplegua bermatuko duena eta oparoa izango dena. Bai, etorkizuna zarete, baina oraina bermatzen duzue. Harro gaude zuekin guztiekin”, eskertu du burukide bizkaitarrak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25