Next Euskadi

Prentsa Aretoa

Berriak

2023/05/15

Elixabete Etxanobek hitzeman du trafikoa hiriguneetatik atera eta herritarrentzako espazioak berreskuratzen lagunduko duten azpiegiturak garatuko dituela

Hautagai jeltzaleak iragarri du bihar Errekaldeko Saihesbidearen proiektua idazteko prozesua hasiko dela eta Las Carreras, Markina eta Ermuko saihesbideen garapenean lanean jarraituko duela

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Elixabete Etxanobek, EAJren Bizkaiko Ahaldun Nagusirako hautagaiak, azpiegituren garapenarekiko duen konpromisoa adierazi du, herritarrentzako hiri-espazioak berreskuratzeko, trafikoa udalerrien erdigunetik ateratzeko eta Bizkaia kohesionatuago eta orekatuago baterantz aurrera egiteko. Konpromiso horren adierazgarri, bihar Errekaldeko Saihesbidea eraikitzeko proiektua idazteko lizitazioa onartuko dela iragarri du. Gainera, Las Carreras, Ermua eta Markinan proiektatutako saihesbideetan izandako aurrerapenak aipatu ditu.

“Bihar bertan onartuko da Errekaldeko Saihesbidea eraikitzeko proiektua idazteko lizitazioa. 5,8 milioi euroko aurrekontuarekin abiarazten dugu. Aurrera egiteko konpromisoa hartzen dugu, Errekalde auzotik igarotzean A-8 autobideak sortutako hesi hori lehenbailehen eraitsi ahal izateko. Azpiegitura bat diseinatuko dugu, trafikoa Errekalde, Errekaldeberri, Betolaza eta Uretamendi auzoetatik eta bertako bizilagunetatik urruntzeko”, azaldu du Etxanobek.

Hautagai jeltzaleak gogorarazi duenez, bide-sare moderno eta eraginkor batek bizi-kalitatea eta ekonomia-jarduera hobetzen laguntzen du, eta, horregatik, EAJk urteak daramatza gaitasun handiko sare bat eraikitzen, ekoizpen-zentro eta azpiegitura estrategiko handietarako lotura onenak bermatzeko, besteak beste, porturako eta aireporturako edo parke teknologikoetarako. Supersur eta AP-68 autobidearen arteko lotura amaitu ondoren, datorren legealdian gaitasun handiko sare hori amaituko da, itsasadarraren azpian eraikiko den tunelarekin; bere eraikuntza-aurreproiektua dagoeneko onartu da.

Azpiegiturak, gainera, Bizkaia kohesionatu eta orekatu bat lortzeko tresna dira, aukera-berdintasuna sortuz. Horregatik, Etxanobek hitzeman du eskualde guztietan ekipamenduak eta azpiegiturak sustatzen jarraituko duela.

Ildo horretatik, Markinako Saihesbidearen proiektua martxan jarri dela adierazi du, 30 milioi euroko inbertsioarekin, herrigunetik 2.611 ibilgailu –egungo trafikoaren % 53– ateratzeko. Horrek “Markinako eta Etxebarriako bizilagunen mugikortasuna, segurtasuna, ingurumena eta ongizatea nabarmen hobetzea ekarriko du. Eta, horrela, Markinako hiri-berroneratzerako aukera paregabea zabaltzen da, udalerriari hiri-espazioa itzuliz, bertako bizilagunen aisialdirako eta gozamenerako”.

Helburu horiek ere lortuko dira N-634 errepidearekin lotu eta herrigunetik 10 ibilgailutik 9 aterako dituen Abantoko Las Carreraseko Saihesbidearekin eta Ermuko saihesbidearekin. Azken horren kasuan, Urtia eta Goitondo arteko bigarren fasearen proiektua idazten ari dira. Beraz, obrak 2025. urtearen amaieran hasi ahal izango dira.

MARKINA-XEMEINEN BIZI-KALITATEA HOBETU

Luis Egurrolak, Markina-Xemeingo alkate eta berrautaketarako hautagaia,  bere udalerriaren eta Etxebarria arteko saihesbidea errealitate bat izateko, Aldundia eta Udalaren arteko elkarlana azpimarratu du. “Orain esan dezakegu, saihesbidea errealitate bat dela. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Markina-Xemeingo Udalaren arteko elkarlanaren ondoren, proiektua bukatutzat eman zen eta, gaur egun, proiektua lizitazioan dago; dena epean badoa, uda ostean saihesbidearen obrak martxan hasiko dira”, goraipatu du alkateak. Egurrolak azaldu duenez, “saihesbideari esker, Markina-Xemein berri baten amestu dezakegu. Azpiegitura berri honi esker, herrigunetik gaur egungo trafikoaren %53a desagertuko da; 2.600 kotxe baino gehiagoz ari gara. Markina-Xemein herri erosoago bat izango da, seguruagoa, umeentzako lasaiagoa eta jasangarriagoa”, nabarmendu du. Azaldu duenez, “saihesbideak, gure herrigunea, modu berri baten egituratzeko aukera ekarriko digu eta dagoeneko bagaude horretan lanean. Jada hasi gara garatzen etorkizuneko herriguneko antolamendu berria, arkitekto batzuren ideiak jasotzen ari gara eta horretan lan egiten jarraituko dugu saihesbidearen obrak egiten doazen heinean”. “Hau da gure lan egiteko era, elkarrizketa, hausnarketa eta elkarlana. Horrela lortzen da gure auzokideen bizi kalitatea hobetzea”, azpimarratu du.

Next Euskadi