Prentsa Aretoa
Berriak
2023/05/22
Iñigo Urkulluk Sestaon aldarrikatu duenez “herrigintza kolaboratiboa politika zehatzak dira”
Lehendakariak “pankartaren ereduaren aurrean” defendatu du lan egiteko modu hau, Ainhoa Basabe Sestaoko alkate andre eta alkategaiarekin eta Josu Bergara Bizkaiko Batzar Nagusietan Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri bateratzen dituen hautesbarrutiko zerrendaburuarekin batera egin duen ekitaldi politikoan
Iñigo Urkullu Lehendakaria Sestaora hurreratu da gaur arratsaldean Ainhoa Basabe herriko alkate andre eta alkategaiarekin eta Josu Bergara Bizkaiko Batzar Nagusietan Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri bateratzen dituen hautesbarrutiko zerrendaburuarekin egin den ekitaldi politikoan parte hartzera. Berrehun bat alderdikide eta alderdizaleren aurrean, Urkulluk bere diskurtsoan nabarmendu nahi izan du EAJ-PNVren herrigintza kolaboratiboaren emaitza “politika zehatzak” direla. Zentzu honetan, gaurko hitzaldia hasi du hausnarketa bat eginez: “Aurrera Batera’ goiburuak sinbolizatzen du gure eredua, eta zentzu osoa eta eduki zehatza ditu. Gure ibilbidea azaltzen du eta etorkizunera begira daukagun proiektua definitzen du”. Eta eredu hau aurkeztu du beste batzuek planteatzen duten ereduaren aurrean: “Politika egiteko dugun modu honen aurrean daukagu pankartaren eredua. Bazterrak nahastearena, protestatzearena, haserrea eragitearena, kontraboterearena. Dena desastrea esatea, dena txarto dagoela”.
Lehendakariak gaineratu duenez “kontraboterearen eredua antzua da, ez du balio gizarte honi emaniko zerbitzuaren balantzerik aurkezteko. Pankarta eta ezer onik ez dakarten pintaden katalogo amaigabearen eredua da”. hor “ez gaituzte aurkituko; konponbideak mahaian aurkitzen dira, elkarrizketan” eta bata bestearen aurrean aurkeztu ditu herritargoari eraginkortasunez erantzuteko orduan: “Kontrabotere suntsitzailearen estrategien aurrean, herrigintza kolaboratibo eta eraikitzailea. ‘Zenbat eta okerrago, orduan eta hobeto’ ereduaren aurrean, herritarrentzat onurak ekarriko dituzten politika zehatzetan oinarritutako konponbideak”, aldarrikatu du, EAJ-PNVk defendatzen duen “herrigintza kolaboratiboak” “politika zehatzak” dakartzala ziurtatu baino lehen. Horren adibide da, esate baterako, Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri izendatu direla Lehenetsi beharreko Jarduera-gune. “Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiak eta udalek partekatzen dugun estrategia” da, eragile ekonomikoekin, teknologia zentroekin,ikastetxeekin eta hirugarren sektore sozialarekin lankidetzan egina”, azaldu du. “Aurrera egiteko modu bakarra da, denok identifikatu ditugun arazoei konponbidea emateko modu bakarra”, ziurtatu du lan egiteko modu horrek ondorio modura ekarri dituen jarduera batzuk zerrendatu baino lehen: “Ibarzaharra, Nabala, Abantoko Meatzaritza Museoa, Osasunaren Poloa, lurzoru kutsatuak berroneratzea Burtzeña, Santurtzi, Trapagaranen… Ekintzak!”, aipatu ditu beste askoren artean.
Josu Bergarak, Bizkaiko Batzar Nagusietan Ezkerraldea, Meatzaldea eta Enkarterri ordezkatzen dituen hautesbarrutiko zerrendaburu eta Sestaoko alkate ohiak balioan jarri du EAJ-PNVk lantaldean aritzeko duen gaitasuna. “Gure eskualdean oso ondo dakigu zein garrantzitsua den euskal erakundeek elkarren artean koordinatzea, elkarlanean aritzea”. Lan horren ondorioz “Ezkerraldeak, Meatzaldeak eta Enkarterrik plan estrategiko bat dute gure ibilbide orri nagusiena zehazteko.100 milioi eurotik gora 6 ardatz estrategiko bultzatzeko. Denon artean zehaztutako proiektuak, aberastasuna,enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen laguntzen dutenak. Hori da Bizkaiari eskaintzen diogun konpromiso nagusienetakoa”. “Konpromisoa hitzeman baitugu enpleguarekin, jarduera ekonomikoarekin, gure nagusiak zaintzearekin, Bizkaiko udalerriekin. Lankidetzaren alderdia gara, gure lurraldearentzat onena bilatzen duena. Onena gure Herriarentzat eta gure herri guztientzat!”, amaitu du.
Udal gaiei heldu nahi izan die Ainhoa Basabek, alkate eta alkategai andreak, eta hurrengo legealdirako aurreikusten dituen hiru lehentasun nagusiak planteatu ditu. Lehena “udalerriko 2000 langabeentzat lan-aukerak sortzea”, Nabaleko orubeak berrindustrializatuz, Rebonzan nagusientzako egoitza berria eta eskualderako zentro soziosanitarioa martxan jarriz, Ibarzaharran Osasunaren Poloa abian jarriz. Bigarrena, “Inbertsio-plan orekatua garatzea, auzo guztiek batera aurrera egin dezaten” eta, hirugarrena, “pertsonak zaintzea”, eta horretarako “ Etxez etxeko Laguntza zerbitzuak ez du itxaron zerrendarik izango eta abian jarriko dugu txirotasun energetikoari aurre egiteko plana, zaintzaileei babesa emateko programak garatzen jarraituko dugu eta jarduera berriak sustatuko ditugu berdintasunaren alde eta emakumeen kontrako indarkeriaren aurka”, zehaztu du.
Nabarmenak...
BBB
2024/10/09
Bizkaia BBNN
2024/10/02
BBB
2024/10/01
EBB
2024/09/29
EBB
2024/09/29
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25