Prentsa Aretoa

Berriak

2023/09/12

Lehendakariak EAJ-PNVren talde parlamentarioaren ildo estrategikoak eta lehentasunak finkatu ditu legegintzaldia amaitu arte

EAJ-PNV taldeak ikasturte hasierako bilera egin du Legebiltzarrean, ostegunean Legebiltzarrean egingo den Politika Orokorreko Osoko Bilkuraren atarian

rss Ezagutzera eman
Lehendakariak EAJ-PNVren talde parlamentarioaren ildo estrategikoak eta lehentasunak finkatu ditu legegintzaldia amaitu arte

ARGAZKIA JAITSI

Eusko Legebiltzarreko Politika Orokorreko Osoko Bilkurak ikasturte politikoari hasiera emango dio ostegunean Gasteizko Ganberan. Bilkura berezi horren atarian, EAJ-PNV taldeak bilera egin du astearte honetan, eta datozen hilabeteetako ildo estrategiko eta lehentasun nagusiak finkatu ditu. Bilerak ordu eta erdiko iraupena izan du, eta Iñigo Urkullu lehendakaria izan da buru, Andoni Ortuzar Euzkadi Buru Batzarreko presidentearekin batera.

Hitzorduan zehar, Legebiltzarreko talde jeltzaleak bertatik bertara ezagutu ahal izan du Lehendakariak Eusko Jaurlaritzan egindako kudeaketa, legegintzaldi honetarako hartutako konpromisoen balantze zehatza eta une honetan Lakuako Gobernuaren lan-esparru nagusiak. Era berean, Iñigo Urkulluk legebiltzarkideei esan die legegintzaldiaren azken txanpa honetan beharrezkoa dela "arduraz eta konpromisoz" lan egiten jarraitzea, euskal gizartearen etorkizunerako oso garrantzitsuak diren lege batzuk aurrera ateratzeko.

Une honetan, Legebiltzarrak 16 lege lantzen ditu, eta horien artean nabarmentzekoak dira Hezkuntza, Trantsizio Energetikoa eta Klima Aldaketa, Memoria Historikoa... Orain arte, Gasteizko Ganberak 35 onartu ditu guztira, gehienak oposizioko talderen baten aldeko botoarekin. Akordioak lortzen jarraitzea EAJ-PNVren lan-ereduaren parte izango da Eusko Legebiltzarrean legegintzaldiaren azken txanpa honetan.

Gaur goizeko bileran, Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan, irailaren 14an, egingo duen Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran izango duen hitzaldiaren ildo nagusiak aurreratu dizkio lehendakariak legebiltzar-taldeari. Euskadiren etorkizuneko ikuspegia eta legegintzaldiaren azken ikasturteko helburu espezifikoak nabarmendu behar dira (40 konpromiso, lau eremutan banatuta: pertsonak, oparotasuna, planeta eta autogobernua).