Prentsa Aretoa

Berriak

2023/09/14

Zerbitzu Publikoak indartzea eta autogobernua defendatzea Urkulluren Lehendakari hitzaldiaren ardatzak legealdiko azken Osoko Bilkuran

Legebiltzarraren urteko jardunari hasiera ematen dion Politika Orokorreko Osoko Bilkuran jardun du gaur Urkullu Lehendakariak

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Iñigo Urkullu lehendakariak, Legebiltzarreko ikasturteari hasiera ematen dion Politika Orokorrari buruzko Osoko Bilkuran parte hartu du gaur goizean. Politika Orokorrari buruzko eztabaida goizeko 9:30ean hasi da, Iñigo Urkullu lehendakariaren hitzaldiarekin.  Haren esku-hartzea hiru zatitan egituratu da: eraldaketa ekonomiko, sozial eta politikoen azterketa; Eusko Jaurlaritzaren konpromisoen balantzea eta Euskadiren etorkizuneko ikuspegia.

ERALDAKETA EKONOMIKO, SOZIAL ETA POLITIKOEN AZTERKETA

Lehendakariak, lehenik eta behin, testuinguruaren azterketa egin du eta eragiten diguten bost eraldaketa globalei erreferentzia egin die: Ukrainako krisia; klima-larrialdia eta energia-larrialdia;demografia- eta migrazio-krisia; digitalizazioa, trantsizio teknologikoa eta berrindustrializazioa eta oreka eta kohesioa Europar Batasunaren barruan. Aipatutako krisiei aurre egiteko Eusko Jaurlaritzak hartutako neurriak zerrendatu ditu.

EUSKO JAURLARITZAREN KONPROMISOEN BALANTZEA

Lehendakariak legealdiako Politika Orokorreko azken Osoko Bilkura baliatu du legealdi hasieran hartutako konpromisoen betetze-mailaren berri emateko eta azken urterako zehaztutako 40 helburu eta neurriak azaltzeko. Adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak agenda legegilea agortu du.

Era berean, hobetzeko hiru eremu nabarmendu ditu, duten garrantziagatik eta lehentasunagatik: lehen mailako arretako zerbitzua indartzea; profesional sanitarioen defizitari alternatibak bilatzea eta itxaron-zerrendak murriztea; erronka demografikoan aurrera egitea eta gazteei erantzun eraginkorrak ematea; eta energia berriztagarrietarako trantsizioan aurrepausoak ematea.

Urkulluk adierazi duenez, "Osasun Sailaren aurrekontua 838 milioi euro handiagoa da 2019 urtekoarekin alderatuta; iaz Osakidetzaren egiturazko plantilla 2.467 plazatan handitu zen; 2020, 2021 eta 2022ko Enplegu Eskaintza Publikoen probak abian daude, guztira 7.639 plaza 110 lanbide-kategoriatan; gazteriaren lehen legea onartu dugu, eta Gazteria Zuzendaritza Lehendakaritzan txertatu da; Erronka Demografikorako 2030 Euskal Estrategia jarri dugu abian, 36 jarduerarekin; besteak beste, hilean 200 euroko laguntzak emateko 3 urtera arteko seme-alaba bakoitzeko; gazteen emantzipazioa bultzatzeko estrategia onartu dugu 10 proiekturekin, besteak beste, emantzipaziorako, 3 urtez, hilean 300 euroko laguntza emateko; Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legea eta Lurralde Plan Sektoriala”.

 EUSKADIREN ETORKIZUNEKO IKUSPEGIA

Lehendakaria etorkizunaz mintzatu da hitzaldiaren azken zatian: "gure helburua Euskadi 2040 da: Euskadi Berdea, Oparoa, Berritzailea, Inklusiboa, Konprometitua eta Konektatua, biztanleko errenta handiena duten Europako lehen 30 eskualdeen artean kokatua egongo dena. Autogobernu estatus eguneratua duen Euskadi, gure eskumenak kudeatzeko eta gure herriaren etorkizuneko erronkei erantzuteko gaitasuna duena”.

Urkulluk aurkeztutako Euskadiren etorkizunerako proiektuak hiru ardatz nagusi ditu: Euskara eta Nortasuna, Autogobernua eta Euskadi Basque Country.

Euskararen defentsari dagokionez, lehendakariak legealdia amaitu baino lehen Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berria onartzeko konpromisoa hartu du, honek, datozen urteetarako hizkuntza-politiken norabidea zehaztuko du.

Autogobernuaren atalean, lehendakariak zehaztutako ibilbide-orria azaldu du: “Gernikako Estatutua osorik betetzea; Autogobernu-estatus berriaren proiektua garatzea; eta Estatuaren izaera plurinazionalaren esanahia eta irismena garatuko duen Konbentzio Konstituzionalaren deialdia egitea, Lehen Xedapen Gehigarria kontutan ere hartuko dueña”.

Bestalde, Euskadi Basque Country Herrialdea nazioartekotzeko estrategia dela nabarmendu du. "Anbizio bat errealitate bihurtzeko lanean ari gara: Euskal Komunitate Global baten artikulazioa. Zeregin hori erakundeei, unibertsitateei, enpresei, hirugarren sektoreari... dagokie. Euskadiren etorkizuna tokikoa eta globala delako ".

Azkenik, herritarren eskaera eta behar nagusiei erantzuteko konpromiso zehatzak zerrendatu ditu Urkulluk, bizi-kostuaren igoerari, osasunari, enpleguari, etxebizitzari, zaintzari, hezkuntzari, gazteriari eta segurtasunari lotuta.

"Aparteko neurriak hartu ditugu prezioen igoerak herritarren poltsikoan ahalik eta eragin txikiena izan dezan. Ezohiko neurri horiei esker, prezioen igoeraren eragina % 7,5 arindu da familietan".

"Gizarte Zerbitzuak hobetzea beti da lehentasuna. Osakidetza funtsezko zutabea da. Gure konpromisoa da pandemia hasi aurreko zifrak berreskuratzea sei hilabetean. 1.200 milioi euroko inbertsioa egingo dugu zortzi urtean osasun-zentroak berritzeko eta ekipamendu mediko berriak erosteko. Osakidetzak osasun publikoko erreferentziazko sistema izaten jarraituko du, hurbila eta kalitate gorenekoa”.

Enpleguaren atalean, Lehendakariak adierazi du 45 milioi euroko inbertsioari eutsiko diotela, laneratzeko eta gazteak kontratatzeko politikei eusteko, Lehen Aukera edo errelebo-kontratua bezalako programekin, desgaitasuna duten pertsonei edo iraupen luzeko langabeak kontratatzeari zuzendutako programekin eta udalekin garatutako tokiko enplegu-planekin batera.

Etxebizitzaren esparruan, Lehendakariak konpromisoa hartu du etxebizitza babestuen parkea handitzeko, Euskadiko etxebizitza guztien %10 kudeatuz, %40 alokairura bideratzeko. "Helburua argia da: prezioen eta alokairuen igoerak modu erreal eta eraginkorrean arintzea. Aurten 90 milioi euro bideratuko ditugu alokairu sozialeko programetara, gazteei etxebizitza eskuratzen laguntzeko ", azpimarratu du.

"Hauek dira gure konpromiso zehatzak, egungo erronkei erantzuteko. Gure ardura eta konpromisoa da euskal herritar guztien ongizatea bermatzea" esanez amaitu du.

Iturria: Irekia