Prentsa Aretoa

Berriak

2023/09/22

Urkullu: “Datorren urtetik aurrera, 25 eta 29 urte bitarteko 15.000 gaztek baino gehiagok hilean 300 euroko laguntza jaso ahal izango dute emantzipatu ahal izateko”

Lehendakariak Osakidetzako "itxaron-zerrendak Estatuko laburrenak" direla defendatu du Kontrol Osoko Bilkuran

rss Ezagutzera eman
Urkullu: “Datorren urtetik aurrera, 25 eta 29 urte bitarteko 15.000 gaztek baino gehiagok hilean 300 euroko laguntza jaso ahal izango dute emantzipatu ahal izateko”

ARGAZKIA JAITSI

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran

Galdera, Maitane Ipiñazar Miranda Euzko Abertzaleak taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Gobernuak gazteen emantzipazioari eta gure herriko jaiotza-tasa handitzeari ematen dion garrantzia buruz.

Iñigo Urkullu Lehendakariak azpimarratu du epe labur eta ertainean erronka demografikoari eta gazteen beharrei erantzuna ematea lehen mailako lehentasuna dela.

Gazteen emantzipazioa bultzatzeko, “datorren urtetik aurrera, 25 eta 29 urte bitarteko 15.000 gaztek baino gehiagok hilean 300 euroko laguntza jaso ahal izango dute bi urtez, laguntza horrek datorren urtean 53 milioi euroko aurrekontua izango du” adierazi du.

Lehendakariak, seme-alaba bakoitzeko 200 euroko laguntza ere aipatu du eta azaldu du dagoeneko 41.000 laguntza baino gehiago izapidetu direla. “Irailetik aurrera, doakotasuna aplikatzen ari gara Haurreskoletan eta familia ugarientzako laguntzak ere handitu egin ditugu” gaineratu du.

Enpleguaren alorrean, helburua da gazteen langabezia tasa %10 azpitik kokatzea eta horretarako tresna gisa aipatu du gazteen enpleguari aurre egiteko plana, gazteentzako 25.000 lanpostu sortzea aurreikusten duena aurten eta datorren urtean.  

Galdera, Nerea Kortajarena Ibañez EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, herritarren beharrizanak jardun politikoaren erdigunean jartzeak eskatzen duen anbizioari buruz.

Lehendakariaren hitzetan, “ez dago benetako gobernantzarik anbiziorik gabe, ezta auto-exijentziarik gabe ere. Gure gizartearen etorkizuna ez hipotekatzeko, errealismoaren printzipioa etengabe errespetatu behar dugu”.

“Egunero egokitzen dugu gure jardunbidea herritarren beharrizanetara” esan du Urkulluk eta hainbat neurri zehatz aipatu ditu herritarren beharrei erantzuteko martxan jarritakoak, besteak beste, inflazioari aurre egiteko hartutako erabakiak; osasun alorrean itxaron-zerrendak murrizteko hartutako neurri eta konpromisoak, Enpleguaren euskal Legea, kalitatezko enplegua bultzatzeko, etxebizitza alorrean hartutakoak edo alokairuaren igoerak arintzeko.  

Lehendakariak aurreratu du datorren urtean Euskadik bere historian izan duen anbiziorik handieneko aurrekontua izango duela. “Espero dugu zuek anbizio bera izatea eta herritarren benetako beharrizanei erantzuna ematea; aukera duzue aipatzen duzuen lankidetzarako borondatea praktikara ekartzeko; adostasunerako atea zabalik duzue” esan du Lehendakariak.

Galdera, Miren Gorrotxategi Azurmendi Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ikasturte honen hasieran eskola publikoak duen egoerari buruz.

Lehendakariak, lehenik eta behin adierazi du ikasturte hasierako lehen balorazioa positiboa dela. "Integrazioa sustatzeko edo eskola-garraioaren baitan sortu diren arazoei irtenbideak emateko lan egin dugu; hezkuntza eta eskola publikoa egokitzen eta eguneratzen ari da, etengabe hobetzen, eta bide beretik lanean jarraituko dugu", berretsi du.

Zentzu horretan Urkulluk ekintza zehatzak aipatu ditu: Haurreskolen doakotasuna; ikastetxe publikoetako irakasle kopuruaren hazkundea; Lan Eskaintza Publiko berria; haur eta lehen hezkuntzan gela bakoitzeko haur kopuruaren murrizketa; haur hezkuntzan, gorputz hezkuntzan irakasleak indartzea eta hezkuntza premia bereziei lotutako baliabideak indartzea, besteak beste.

"Hezkuntzak inoiz baino baliabide gehiago ditu, Hitzarmenean hartutako konpromisoak betetzen ari gara, baita sindikatuekin adostutakoak ere. Hori horrela, zertara dator sindikatuen greba, jakinda irakasleei eta familiei kalte zuzena eragiten diela? Hitzarmenaren bidea ezagututa, zergatik zarete Hitzarmena sinatu duten alderdi guztietatik kanpoan geratu zareten Alderdi bakarra? Ateak zabalik dituzue eta benetan espero dugu bat egitea, Hezkuntzaren eta herritarren mesederako izango baita” adierazi du lehendakariak.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo Euskal Alderdi Popularra-Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Lehendakariak bere Gobernuaren kudeaketaz egiten duen balorazioari buruz.

Lehendakariak adierazle publiko eta objektiboetan oinarrituta egin du balorazioa:
• Gobernuaren kalitate-indizea Euskadin 96koa da, ehunetik.
• Euskadin, herritarren % 75ek dio zerbitzu publikoak onak edo oso onak direla.
• Giza Garapenaren Indizea ehunetik 93koa da Euskadin.
• Euskal hiritarren gogobetetasuna ehunetik %75ekoa da.

Urkulluren hitzetan, "hiritarren arazoak ezagutzen eta onartzen ditut. Ez diet uko egiten, ez dut beste alde batera begiratzen. Entzun, ulertu eta horiei konponbideak bilatzen ahalegintzen naiz, eta berriz diot, Gobernu honek autokritikaz gain, konpromiso zehatzak  hartzen ditu hiritarren arazoen aurrean eta etengabeko hobekuntzan jarduteko konpromisoa ere bai” azpimarratu du.

Galdera, Amaia Martínez Grisaleña Mistoa - Vox taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, ETAren bi hilketaren egilea berriki argitzeari buruz.

Lehendakariak nabarmendu du Jaurlaritza egia, justizia eta erreparazioarekin konprometituta dagoela duela hainbat hamarkada. Argitu gabeko ETAren hilketen berri ematen lagun dezakeen informazio berri oro albiste ona dela adierazi du. "Albiste ona da biktimentzat, baita euskal gizartearentzat ere. Zer gertatu zen jakitea, egia ezagutzea, biktimen eskubidea da eta eskubide hori betebehar instituzional, sozial eta betebehar morala da guretzat eta betebehar hori gauzatzeko konpromisoa beti egon da presente gure ibilbide pertsonalean, instituzionalean eta politikoan. Eusko Jaurlaritzak ahal duen guztia egin du, egiten du eta egingo du egia osoa ezagutzeko”, adierazi du.

Galdera, José Manuel Gil Vegas – Ciudadanos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, etika Publikorako Batzordearen funtzionamenduari buruz.

Lehendakariak gogorarazi du Etika eta Jokabide Kodea politikaren zentzu etiko eta morala indartzeko eta euskal herritarrek euren erakundeengan duten konfiantza berrezartzeko asmoz sortu zela. Urkulluk adierazi duenez, helburua da etika eta jokabide onarekin bat datozen jarrera eta portaerak hedatu eta garatzeaalor horretan erreferente izateko.

"Gobernu hau osatzen dugun guztiok konpromiso bat dugu Zerbitzu Publikoarekin. Karguok Legea bera baino zorrotzagoa den eta jarduera desegokiak saihestea xede duen Kode Etikora atxikitzen gara, borondatez; horrek esan nahi du, salaketa edo zalantza oro zorroztasun handiagoarekin aztertzen dela; helburu nagusi eta bakarra delako erantzukizun politikoaren inguruan eredugarritasunaren kultura zabaltzen eta sustatzen jarraitzea" adierazi du lehendakariak.

Iturria: Irekia