Prentsa Aretoa
Berriak
2023/09/29
Urkulluk guztion ongizatearen eta auzolanaren defentsa egin du jarrera indibidualistei eta populismoei aurre egiteko
Iñigo Urkullu lehendakariak Forum Europa: Tribuna Euskadik antolatutako solasaldian parte hartu du gaur. Bertan, guztion ongizatea defendatu du jarrera indibidualisten eta populismoen aurrean, arrazoimenean, argudioan, elkarrizketan, errespetuan eta elkar ulermenean oinarritutako etorkizunaren alde egiteko
230929_Iñigo Urkullu_Foro Nueva Economía
HITZALDIA - 2023/09/29
Hitzaldiaren hasieran, Urkulluk adierazi du Euskadik aurrera egin duela azken hamarkadan, eta aurrera egiten jarraitu behar duela. Azken urteetako krisien aurrean, Lehendakariak esan du Euskadik ulertzeko, egokitzeko eta erantzuteko gaitasuna erakutsi duela. “Erkidego bat gara, balio eta tresna jakin batzuk dituena, eta horiek egoera ezberdinetara egokitzen eta gure lehiakortasunari eta ongizateari eusten lagundu digute” azpimarratu du. Euskadik azken hamarkadan hobera egin duela azaltzeko hainbat datu eta adierazle aipatu ditu Urkulluk.
"Errealitate hori desitxuratzen saiatzen dira batzuk, Euskadiren irudi katastrofista emanez eta gizartearen ezinegona artifizialki elikatuz, etekin politiko hutsa helburu” adierazi du.
Lehendakariaren ustez, guztion ongizatea bermatzea da eta izan behar du administrazio ororen helburu nagusi eta bakarra. "Komunitatea indartzeko jarrera indibidualistak baztertu eta gainditu behar ditugu", adierazi du. Izan ere, Lehendakariaren hitzetan, "testuinguru horretan hartzen du indarra populismoak, aurrean ditugun erronka konplexuei irtenbide eta erantzun sinpleak emanez. Egungo erronkak potoloak dira eta ez dira erantzun arinekin konpontzen. Irtenbide sinpleak mahaigaineratzen dituztenek ez dute egia esaten, itxaropen faltsua sortzen dute beren interes partikularren alde, diskurtsoa mozorrotuz, manipulatuz, engainatuz eta gizartean ezinegona eta atsekabea sortuz", adierazi du.
Populismoei aurre egiteko, Lehendakariak guztion ongizatearen defentsa egin du eta estrategia politiko partekatua proposatu, "eredu horretan sinesten dut: gizartearen beharrak ulertu eta diagnostiko eta estrategia partekatua egin lankidetzatik jarduteko, etengabeko hobekuntzan beti" gehitu du.
Lehendakariaren aburuz, Autogobernua eta Kontzertu Ekonomikoa dira Euskal hiritarren ongizatea garatzeko tresna nagusiak. "Autogobernu estatus berri bat lortu nahi dugu, erronka global berriei modu egokiagoan erantzuteko” adierazi du. Esan duenez, Gobernua bere indarrak bideratzen ari da Gobernu Programa eta ezarritako legegintza-egutegia betetzera eta egonkortasuna bermatzera, Aurrekontuen proiektuaren bidez, hazkunde jasangarriaren bideari eusteko.
EAEko ekonomia % 1,7 haziko da aurten, eta % 2,1 2024an, aurreikuspenen arabera. Europako funtsak eta enplegua izango dira hazkunderako bi zutabe garrantzitsuak; aurten 13.000 lanpostu sortzea aurreikusten da, eta beste 16.000 datorren urtean.
"Kalitatezko enplegua sortzen jarraitzea lehentasun bat da, langile guztiek gero eta lan baldintza hobeak izan ditzaten, alor ekonomikoari lotuta, baina baita ere kontziliazioari eta formakuntza jarraituari lotuta ere”. Zentzu horretan, lehendakariak esan du funtsezkoa dela gero eta pertsona autonomo eta ekintzaile gehiago egotea. Horretarako, beharrezkoa da erakundeak bidelagun izatea. “Gure industria ehuna sendotzen jarraitzea ere ezinbestekoa da milaka eta milaka pertsona enplegatzen dituen sektorea delako. Eta orain beste helburu bat ere ezarri dugu: gazteen langabezia-tasa % 10etik behera jaistea, gure seme-alabek lan aukera onak izateko, merezi duten segurtasun eta egonkortasuna izan dezaten haien etorkizuna eraikitzeko orduan. Lehentasunezko konpromisoa da, beraz", azpimarratu du Urkulluk.
"Erronka horiek guztiek guztion ongizatearekin dute zerikusia eta indarrak batu behar ditugu, Auzolana deritzoguna praktikan jarri, guztion ongizatearen alde egiteko, ahalegin partekatua baita. Erabakigarria da guztion ongizatearen defentsa, jarrera indibidualistek eta populismoek indarra har ez dezaten gure gizartean. Guztiok norantza berean egin behar dugun arraun, arrazoian, argudioan, elkarrizketan, errespetuan eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizunaren alde. Erronka partekatua da, elkarrekin egin beharreko lan eta bidea "amaitu du lehendakariak.
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25