Prentsa Aretoa
Berriak
2023/10/17
Urkullu Lehendakariak erronka demografikoari erantzuteko Eusko Jaurlaritza sustatzen ari den politika publikoak aurkeztu ditu Tokyon
Eraldaketa demografiko-soziala lehen mailako erronka da Euskadirentzat; errealitate horren aurrean, euskal erakundeek familiei, kontziliazioari, erantzukidetasunari, enpleguari, etxebizitzari edo gizarte-babesari lotutako politika publikoak abiatu dituzte
Iñigo Urkullu Lehendakariak Japan Research Institute erakundeak Tokyon antolatutako nola aurre egin jaiotza-tasa murrizteak eta biztanleriaren zahartzeak eragindako erronkei? izeneko erronka demografikoari buruzko mahai inguruan parte hartu du. Mahai inguruan izan da, baita ere, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusia.
Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako 2030 Agendako funtsezko osagai eta helburuak dira erronka demografikoari erantzutea, belaunaldien arteko elkartasuna eta lurralde-kohesioa. Gero eta biztanle gutxiago duten herrialdeen kopurua hazten ari da, batez ere ekonomia aurreratuko herrialdeetan. Beraz, dagoeneko, erronka demografikoa kezka eta lan lerro garrantzitsua bilakatu da maila globalean, zein tokikoan.
Zentzu horretan, Lehendakariak Euskadiren egoera azaldu du, erronka demografikoari dagokionean. Esan duenez, jaiotza-tasaren jaitsierak, amatasun-adinaren gorakadak eta bizi-itxaropenaren luzatzeak, biztanleriaren zahartzea eragin du. Euskadin garrantzi berezia duten hiru faktore aipatu ditu Urkulluk: osasun, hezkuntza eta gizarte-zerbitzuetarako sarbide eta eskubidearen unibertsalizazioa; autodeterminazio pertsonala, proiektu pertsonala, profesionala edo aisialdiari lotutakoa eraikitzeko eta emakumeen erabakitze eskubidea, amatasunari, lan-merkatuari eta bizitza publikoan parte hartzeari lotuta. "Azken faktore honek, aldaketa ugari ekarri ditu- azpimarratu du Urkulluk —; izan ere, gaur egun, Euskadin, lanean dauden pertsonen % 42a emakumeak dira, eta zuzendaritza-karguen % 32a dira emakumeak".
Datu demografikoak eta Euskadin bultzatutako ekimenak
Euskadin, bizi-itxaropena 83,6 urtekoa da, Japonian baino urtebete gutxiago. Europar Batasuneko gazteen batez besteko emantzipazio-adina 26,5 urtekoa da; Euskadin, berriz, 29,7koa. Europar Batasunean, lehenengo seme-alaba izateko batez besteko adina 29,7koa da; Euskadin, 32,3koa. Biztanleria berritzeko belaunaldien ordezkapen-tasa 2,1 seme-alabakoa da, eta Euskadin tasa hori 1,28koa da. Datuak esku artean, Lehendakariak Euskadiko datuak ez direla onak onartu du.
Horregatik, Urkulluk azpimarratu du eraldaketa demografiko-soziala lehen mailako erronka dela Euskadirentzat. "Diagnostiko bat egin dugu eta azterketaren emaitzei erreparatuta hiru arlotan jarri dugu azpimarra: enplegua, etxebizitza eta errenta erabilgarria" - adierazi du Lehendakariak. "Errealitate horren aurrean, euskal erakundeok familiei, kontziliazioari, erantzunkidetasunari, enpleguari, etxebizitzari edo gizarte-babesari lotutako politika publikoak garatu ditugu azken urteotan"- gaineratu du Urkulluk. Zentzu horretan, azken urteetan abian jarritako ekimenetako batzuk zerrendatu ditu Lehendakariak:
- Ordaindutako baimenak seme-alabak zaintzeko, 18 asteko aitatasun eta amatasun baimenak eta edoskitzeagatiko edo haurdunaldi arriskuagatiko baimenak.
- Lanaldi-murrizketak 12 urteko azpiko haurren zaintzarako, eszedentziak hiru urtetik beherako adingabeak edo gaixotasun larriak dituzten senitartekoak zaintzeko eta telelanean aritzeko eskubidea.
- Gazteriaren Legea.
- Erronka Demografikoko 2030erako Euskal Estrategia, 36 jarduera zehatz barnebiltzen dituena.
- Gazteen emantzipazioa bultzatzeko 2030erako Euskal Estrategia: hamar proiektu traktore eta 27 jarduera osagarri jasotzen dituena.
Azken hiru ekimen horien ondorioz, honako neurri hauek hartu dira: Gaztelagun programa, gazteek etxebizitza alokatzeko hilean 300 euro bitarteko laguntza; haurreskolen doakotasuna 0-2 urte bitarteko zikloan eta seme edo alaba bakoitzeko 200 euroko dirulaguntza hilean, hiru urtera arte. Era berean, familia ugarientzako laguntzak handitu egin dira. Guztira, urtean, 152 milioi euroko aurrekontua bideratzen da aipatutako laguntzetara.
"Egiten ari garen inbertsioa garrantzitsua da; herri mailako erronka eta helburu baten aurrean baikaude" -adierazi du Urkulluk-; "Euskadi konpromiso sozial handiko herria da, eta hori horrela, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuko 10 eurotik 7 gizarte politiketara bideratzen ditu"- berretsi du Lehendakariak- eta horri gehitu dio enplegua dela gizarte politikarik eraginkorrena.
Gauzak horrela, Eusko Jaurlaritza hainbat ekimen garatzen ari da gazteen artean enplegu-aukerak sortzen eta haien bizi-kalitatea hobetzen laguntzeko. Ekimenen artean honako hauek nabarmendu ditu Urkulluk: gazteen artean enplegua sustatzeko Plana, 2021-2022 aldian 26.000 enplegu sortu dituena eta 2023-2024an beste 25.000 enplegu sortzea aurreikusten duena, eta gazteentzako ekintzailetza- edo prestakuntza-proiektuetarako mailegu-programa berria. "16 eta 29 urte bitarteko gazteen langabezia-tasa % 10etik behera kokatzea da gure helburua"- adierazi du Urkulluk.
Azkenik, lehendakariak adierazi duenez, "gazteria, emantzipazioa eta erronka demografikoari aurre egiteko politikak lehentasunezkoak dira 2030erako gure ikuspegian. Erronka honi erantzuteko beharrezkoa da estrategia partekatu bat garatzea, indarrak batzea eta elkarlanean aritzea, pertsonek nahi duten seme-alaba kopurua izatea ahalbidetu eta errazteko; Euskadik indarguneak ditu erronka demografikoa aukera bilakatzeko"- esanez amaitu du bere hitzaldia Lehendakariak.
Iturria: Irekia
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25