Prentsa Aretoa
Berriak
2023/10/21
EAJ-PNVk euskararen aldeko mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu bere alderdikideak eta alderdizaleak
Irune Zuluagak, legebiltzarkide eta Kultura, Euskara eta Kirol Batzordeko bozeramaile jeltzaleak, eta Esther Apraizek, Derioko alkate eta Eudelen presidenteak, gaur goizean irakurri dute Sabin Etxean “euskal gizartearen gehiengoaren adostasuna duen euskara biziberritzeko prozesuaren aurkako norabidean doazen” azken epaien harira EAJ-PNVk adostu duen adierazpena
EAJ-PNVren adierazpena euskararen biziberritzearen kontrako azken epaiaren aurrean
ADIERAZPENA - 2023/10/21
EAJ-PNVk agiri baten bidez jakinarazi du “euskal gizartearen gehiengoaren adostasuna duen euskara biziberritzeko prozesuaren kontrako norabidean” dauden epai judizialen edukiarekin oso kezkatuta dagoela, eta ez dagoela batere ados. Halaber, jeltzaleek euskararen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete alderdikide eta alderdizale guztiei. Irune Zuluagak, legebiltzarkide eta Kultura, Euskara eta Kirol Batzordeko bozeramaile jeltzaleak, eta Esther Apraizek, Derioko alkate eta Eudeleko presidenteak, Sabin Etxean irakurri dute agiria. Ondorengoa da agiri horren edukia:
EAJ-PNVren adierazpena euskararen biziberritzearen kontrako azken epaiaren aurrean
Azkenengo aldian auzitegiek emandako sententzien aurrean, eta, bereziki, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak 179/2019 Dekretuaren hainbat artikulu baliogabetzeko eman berri dituen epaiaren aurrean, EAJ-PNVek zera adierazi nahi du:
-Euskararen biziberritze prozesuaren inguruan eraikitako adostasun zabalaren kontrako epaiak dira azkenengo aldian eman direnak. 2019an onartutako Dekretuak Euskadiko Toki Erakundeei buruzko Legea garatzen du, eta 2016ko lege hau adostasun zabalarekin onartu zen Legebiltzarrean. Hizkuntzen kudeaketari dagokion aplikazioak ez du inolako arazorik sortu udalerrietan, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatzen dituelako.
-Auzitegi Nagusiaren epaiak bete-betean eragiten die udalek azkenengo urteotan hainbat arlotan egin duten bideari: hizkuntza-plangintzari eta kontratazioari, esaterako. Herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatzea eta euskara normalizatzea udalen zein gainerako euskal administrazioen zeregina eta betebeharra da. Epai honek, ordea, euskararen normalizazioa bera jarri du zalantzan. Euskara lehenestearen aurka agertu da, gaztelania baztertzen delakoan, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeek, berriz, udalek, herritarren hizkuntza-beharrak eta herritarren eskubideak jartzen dituzte beti erdigunean.
-Azkenengo epaiek herri euskaldunei eragiten die bereziki, euskarak indarrik handiena duen lurralde-eremuei baina gune hauetan behar du euskarak ezinbestez lege-babesa. Udalek autonomia osoa dute hizkuntza planifikazioaren arloan eta epai honek herri erakundeek duten antolatzeko gaitasun horren kontra egiten du, gure autogobernuaren kontra egiten baitu, hankaz gora jarriz urteetan eraikitako adostasun zabala.
-Hori dela eta, Konstituzio Auzitegiak eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaien aurrean, Udal Legearen eta bere garapenerako dekretuen beharra aldarrikatzen dugu, lege eta dekretu horiek ezinbestekoak dira euskarak udaletan ere egin behar duen bide ordenatua egin dezan, zerbitzu-hizkuntza ez ezik, lan-hizkuntza ere izan dadin. Tokian tokiko ezaugarri soziolinguistikoaren araberako plangintzak eraikitzeko bidea ematen du legeak, eta udalek azkenengo urteotan egindako lana egokia izan da inolako arazorik sortu ez delako. Lan horretan aurrera egiteko, ordea, lege-babes sendoa behar dute gure udalek.
-Euskararen normalizazio prozesuarekin aurrera egiteko nahia adierazten du euskal gizarteak, eta adostasun zabalarekin onartutako legeria du oinarritzat prozesu horrek. Legeria horren kontra egitea da, ostera, politikaren judizializazioaren seinale argia.
-EAJ-PNVk udal eskumenen defentsa egiten jarraituko du, gure gizarteak euskararen biziberritze prozesuan aurrera egiteko adierazi duen nahia errespetatu eta adostasun zabalarekin onartutako legeria erabiltzen jarraituko du euskararen biziberritze prozesuan urratsak emateko orduan. Baketsua zen prozesua eta adostasunetik eraikitzen ari zen prozesuan sortu dute gatazka euskararen erabilera bera judizializatzen dutelako epai hauekin.
-Azkenengo hilabeteotan Estatuan eta Europan ere hizkuntza koofizialen aldeko apustu sendoak egin dira. Espainiako Gorteetan euskara, katalana eta galiziera erabili daitezke. Europako erakundeetan ere euskara, katalana eta galiziera Europako hizkuntza ofizial bilakatzeko eskaera ere egin da. Beraz, hizkuntza aniztasunaren errespetutik eraikiko da Europa ere hurrengo urteotan.
Hori guztia kontuan hartuta, EAJ-PNV ezin da ixilik egon eta geldirik geratu. Horregatik, egingo diren mobilizazioetan parte hartzera animatzen ditu alderdikideak eta alderdizaleak.
Nabarmenak...
Kongresua
2024/11/19
Kongresua
2024/11/14
Kongresua
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/13
Eusko Jaurlaritza
2024/11/11
Berri ikusiagoak...
EBB
2023/07/23
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2024/01/27
EBB
2023/11/25