Azaroaren 25, Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko eguna

Prentsa Aretoa

Berriak

2023/12/31

Urte Zahar Eguneko Iñigo Urkullu Lehendakariaren mezua

rss Ezagutzera eman

ARGAZKIA JAITSI

BIDEOA JAITSI

PARTEKATU BIDEOA

Agur t´erdi!

Ohorea da niretzat zuen etxeko atea jo eta, instant batez bada ere, egun berezi hauetan zuekin solasteko aukera izatea…

Jakin badakizue gaurkoa ez dela edozelako mezua niretzako... Lehendakari bezala nire Urte Zaharreko azken mezua da.

Jose Antonio Agirre Lehendakariak zuzendu zion gure herriari lehenbiziko mezua 1936ko abenduan. Gerra erdian egin zuen, ohiz kanpoko testuinguru latz eta krudel batean. Euskadi erasotzen ari ziren bitartean.

Ondotik etorri ziren Lehendakari guztiek, mezu hori ohitura bihurtu zuten… Den-denek herriarentzat hoberena nahi izan dute beti.

OHOREA da, benetan, aukera hau izatea.

Gure Herriari dudan guztia ematen saiatu naiz beti. Zintzotasunez. Gure gizartearen interesak defendatuz. Han eta hemen.

Ez nuen sekula imajinatu izan dudan aukera hau izatea. ZORIONEKOA naiz eta, hori, zuen konfiantzari esker izan da.

Ibilbide honetan, guztion artean, gauza asko ondo egin ditugu, baina, aldi berean, ez dut, ez dugu,  beti asmatu.

Bizi izan dugun azken hamarkada ez da bat ere erraza izan. Ondo dakizue zuek guztiok hori...

Krisiak bata bestearen atzean pilatu zaizkigu etxeko atean, amets gaiztoak izango balira bezala: 2008tik aurrera mundu zabalean sortutako krisi ekonomiko eta finantzarioa, Errefuxiatuen krisia, Energia- eta erregaiena, Pandemia, Brexit-a, Ukrainaren inbasioa, Inflazioa eta interes-tasen igoera, Hamas eta Israelgo Gobernuaren arteko gerra...

Hauek guztiak hamarkada bakarrean…. Bata bestearen atzetik… Aipatzeak bakarrik ezinegona eta TRISTURA sortzen du…

Baina, euskal gizarteak EZ du amorerik eman. Arazoei aurpegira begiratu eta pixkanaka gainditzea lortu du…

Aurrera egin dugu… Guztion artean… Elkarlanean...Auzolanean… Pertsona helburu… Inor atzean utzi gabe…

Azken hamarkada honetan Euskadi hazi egin da. Enplegua eta gure Autogobernua sendotu ditugu… baita Berdintasuna eta ongizatea. Nazioartean izena eta izana ere indartu ditugu. Hitz gutxitan, Gizarte justuagoa lortu dugu…

Ezbeharraren aurrean gure Herria HAZI egin da… eta hori BALIOAN jartzen dugu gaur, ez baita bat ere erraza izan.

Bada balioan jarri behar dugun beste mugarri bat ere: Euskal gizarteak bakean eta bizikidetzan bizitzea lortu du. ETA behin betiko desagertzea lortu dugu. Ozen eta lasai esan dezakegu gure seme-alabek, gure ilobek, ez dutela terrorismo eta biolentzia horren aurpegi ilun eta bidegabea ezagutuko.

Zauriak, hala ere, ez dira itxi. Asko dugu oraindik ikasteko. Ezin dugu biktimen sufrimendua areagotu. Izan ditzagun beti gogoan!

Aurten, bereziki, Giza Eskubideen adierazpen unibertsalaren 75. urteurrena ospatzen dugunean...

Ukraina, Israel, Gaza edo munduan zehar dauden biktima errugabe guztiak ere gogora ekartzen ditugu.

Kezkatuta gaude Europar Batasunak nazioarteko gatazka armatu hauen aurrean erakusten duen ahalmen faltagatik. Baita migrazioaren aurrean hartzen ari den politika gogor eta bidegabeegatik.

Hori bezain ozen esaten dugu: Emakumeak GORA! Herri honek ez du indarkeria matxista sekula onartuko. Erasotzaileei esaten diegu: aurrean izango gaituzue BETI!

ORAIN, urte berriaren atarian, Euskadik etorkizunari itxaropenarekin eta baikortasunarekin begiratzen dio… Erronka ASKO ditugu…

Tamalez, hurrengo urteetan ziurgabetasunak protagonismo handia izaten jarraituko du... Ez ditugu egun errazak biziko. Baina denok BAT eginda, Herri bezala, biharko erronkak ere gaindituko ditugu...

Ondo dakizue Eusko Jaurlaritza gure herriko beste edozein familia edo etxe bezalakoa dela. Eusko Jaurlaritza, guztion artean eraiki dugun etxea da.

Gure baliabideak mugatuak dira eta ahalik eta hoberen kudeatu behar ditugu, lehentasunak ezarriz, erabaki zailak hartuz, GUZTION ongizatea etengabe bilatuz... etorkizuna sekula hipotekatu gabe…

Hori egiten saiatu gara lehen egunetik, etengabeko hobekuntza besarkatuz, exijentzia maximoa eta errealismoa beti aplikatuz…

Arazo zailen aurrean erantzun sinplerik proposatu gabe...

Lankidetza, Elkarlana, Auzolana indartuz lortuko dugu erronkak gainditzea…

Horretarako behar dugu POLITIKA.

Akordioak lortzeko artea da politika, ez pertsonak bereizteko bidea…

Politika ZINTZOA beste behin ere aldarrikatzen dugu: errespetuari, adostasunari eta emandako hitza betetzeari LEHENTASUNA ematen diona.

Hamarkada luzeko ibilbidea partekatu dugu… Zailtasun handien aurrean, denon artean hobetzea lortu dugu…

Datorren urtea ere xede horrekin hasiko dugu, inoiz izan dugun inbertsio publikorik handiena abiatuz, zerbitzu publikoak hobetzeko, gizarte babesaren sistema indartzeko, garapen ekonomikoa sustatzeko eta enplegu aukerak sortzen laguntzeko…

Aurrera egiten jarraituko dugu…

Jakin badakigu Euskadik ez duela zerikusirik duela hamabi urte zenarekin…

Hori horrela, seguru nago 2040ko Euskadik ere ez duela zerikusirik izango gaur egun denarekin…

HOBEA izango da, zalantzarik gabe.

Aita nintzela, ilusio, gogo eta indar osoz Gernikako arbolaren pean Lehendakari kargua ZIN egin nuen...

Aitite naizela emango diot makila hurrengo Lehendakariari… Ilusio, gogo eta indar berarekin…

Katea ez da eten… Katea ez da etengo…

Eskerrik asko euskal gizarteari urte hauetan guztietan bidelagun izateagatik…

Uste dut, BENETAN, gure Herria hobetzea eta indartzea lortu dugula denon artean...

Orain, urte berriaren atarian, hobe hoberena opa dizuet… eta egun hauetan elkarri opa dizkiogun DESIO eta NAHI ON guztiak bete daitezela zinez espero dut!

Eskerrik asko BIHOTZ BIHOTZEZ …  Zorionak eta Urte berri on!

Iturria: Irekia